Herriz Herri - Bardoze (L) | 2026ko Maiatzaren 21a
Proiektu bat diruztatzeko deialdia - Arte erakusketa - Sortzaile eta ekoizleen merkatua - “Murder Party” Ikastolaren alde
Proiektu bat diruztatzeko deialdia
Chloé Candau, 22 urteko bardoztar gazteak, Monssé harategia berrerosi nahi du, lekuari dinamika berri baten emateko, egiazko bizi lekua bilaka dadin. Bankuek ez badiote dirurik prestatu nahi gazteegia baita, deia helarazten die lagundu nahi duten guziei. Bere proiektua finantzatzeko, 80.000 euro biltzea helburu duen Leetchi kutxa berriki ideki du. Errexki atzematen ahal da bere izena idatziz Leetchi plataforman.
Arte erakusketa
Foyer de Bardos elkarteak bere 46. arte erakusketa urririk proposatuko die artezale guziei hilabete batez, maiatzaren 29tik ekainaren 28ra, Salha jauregian. Louisa Raddatz-ek “Constellations Vertes” izeneko erakusketa proposatuko digu.
1990ean sortua Mayencen (Alemanian), Landesetan bizi eta lan egiten, Louisa Raddatz-ek Pirinioetako Goi Mailako Arte Eskolako diploma ukan zuen 2014an eta Euskal Herriko Goi Mailako Arte Eskolakoa 2012an. Bere lan artistikoa oroimenaren ideiaren inguruan garatzen du, ingurumenarekin lotuak diren gaietan engaiamendu sendo batekin. Material edo oroitzapen zati batetik abiatzen du bere lana. Usu in situ eta oroimen, denborazkotasun, materialtasun, ingurumen eta intimitateko nozioetan oinarrituak, bere piezak geruza geologiko, arkeologiko, historiko edo organikoz osatuak dira. Artistak osatzen dituen instalazioak, so egoteko paisaia berri bezalakoak dira.
Foyer de Bardos elkarteak gomitatzen gaitu erakusketaren estreinaldira, maiatzaren 28an (19:30), artistarekin elkartzeko eta adiskidantzako basoa edateko.
Sortzaile eta ekoizleen merkatua
Maiatzaren 22an (18:00-23:00), sortzaile eta ekoizleen merkatua izanen da Liliren dendaren aitzinean, komertsanteen plazan. Parada ona izanen da aiten eta amen bestako opariak atzemateko adibidez. Monssé harategiak jatekoa eta edatekoa proposatuko digu, eta Bardozen Kantuz-ek alaituko du gaualdia.
“Murder Party” Ikastolaren alde
Maiatzaren 29an, ostiralarekin (19:30), Xarnegu ikastolak “murder party” izeneko jokoa proposatuko digu Salha jauregian. Parte hartzaileek inkesta konpondu beharko dute taldeka. Sartzea 15€, jateko eta edateko lekuan bertan, ikastolak proposaturik. Erreserbatzeko: 06-88-87-48-77.











