Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Maiatzaren 21a
Herri Urrats betikoa - Mus lehiaketa - Salbatore eguna - Kanita Urrats - Haurtzaindegiko berri - Errugbiari so
Herri Urrats betikoa
Ez dakigu “Uratx” munstroak, aurtengo maskotak, eragin zuzena ukan duen aroari buruz, dena den arratsalde erdiko ortzia ez da bortitza izan, euri pixka bat isuri du bainan ez luzaz. Jaz baino jende gehixago hurbildu da, antolatzaileen ahotan, giro alaia eta gozoa xoko guzietan, musika, kanta eta dantzak han hemenka, betiko Herri Urrats. Bestarekin betan, protestek ere hartu dute beren partea, aldarrikapenetan baxoa euskaraz aspaldiko galderak ez baitu erantzun onik lortzen Hezkunde Nazionaletik. Hala nola Azterketak euskaraz kolektiboak eta Seaskak gonbidatzen gaituzte manifestaldi handi batera Bordeleko errektoretza aitzinean, ekainaren 6an.
Autobusen joan-jinak ongi preziatuak izan dira, lakura hurbiltzea errazten dutelakoz Senpereko zentrotik. Ororen buru denak irrifarrez ikusteak atsegin handia sortzen du, urte guziz egun oso batez bederen lakua bizipoz gune bilakatzen da.
Mus lehiaketa
Ekaineko azken asteburuan iraganen diren herriko bestak aitzin, gazte komiteak antolatua zuen mus lehiaketa, maiatzaren 8an. Ez baldin bada jende anitz ere hurbildu lehiaketara, halere 14 bikotek parte hartu dute lehiaketan, giro ezin hobean. Ekimen zinez pozgarria izan da, aspaldiko euskaldunen karta joko honek loturak eta harremanak sortzen ditu, txalotzekoak dira antolatzaileak.
Salbatore eguna
Eliza mukuru bete dute Azkaine, Sara eta Senperetik etorri jendeek, haurren lehen komunionea kari. Salbatoreko mezan parropia osoa bildua zen, 35 haurren fedezko urratsaren sustengatzeko, kantu eta otoitzetan, kartsuki parte harturik.
Kanita Urrats
Salbatoreko ohiko ekitaldi garrantzitsua ganibet-egileendako, aro txarrak doi bat nahasarazi du azken momentuan. Arbaso elkarteko kideek, ahal guziak egin dituzte eguna ongi pasa dadin euri zaparraden artean. Iragarriak ziren artisau eta ekoizle guziak ez dira hurbildu, hauetan zonbaitek kirolarien gela nagusia baliatu dute aterpetzat. Iruneko “Forjas Brun-eko” arotzek ere aski lan ukan dute beren ola piztu nahian. Halere orokorki jendea ibili da eta artisauak kontent agertu dira beren merkatuaz. Goizeko agerraldian, senpertar batzuek osaturiko “Sarrakari” danborradak egun osoko erritmo alaia sortu zuen, denen atseginerako.
Haurtzaindegiko berri
Maitetxoak eta Aldaxka haurtzaindegiek seinalatzen dute datorren iraileko zonbait leku libro gelditzen direla, interesatuak direnek deitu: 05-59-54-11-95 edo contact@maitetxoak.fr.
Errugbiari so
Joan den igandean, gure taldea aritu da Frantziako final 32. kanporaketan, promozio R1 mailan, Mazères/ Cassagneko ekipoaren kontra, Thèse herrian. Sorpresa ona bidali dute Biarno aldetik, garaipena lortuz 36/27, ea heldu den igandean hari beretik ibiliko diren? Aupa Senpere!











