Gogoa hazi | 2026ko Maiatzaren 21a
Amaren DABANTAL-a
Johanes Bordazahar
Gure amaren mantala edo dabantala, orain gure bilobek erranen dute amatxirena, ez zen jantzi soila, botere magikoa zaukan. Burutik sartzen den taulierraz ari naiz, bizkarrean lotzen denaz. Adineko jende gehienek ezagutu dutena.
Dabantalak mila funtzio zauzkan. Gure amarenak balio zuen torratzeko, lehortzeko, baita bi puntak eskuan hartu eta, arraultzak edo baratzeko tomateak biltzeko. Edo arto bihiak oiloei botatzeko “Purrra! Purrra!”. Nola gerta, haurrari sudur hotza zintzatuko zion. Noiz iskin batekin nigar malko bat begi xokoan xukatuko. Noiz, infrentzuarekin ñiñiaren ezpainak garbituko. Plegaturik, esku betez hartu eta, pertza kaldoan altxatuko zuen. Haurñoak ginelarik amaren mantalpea hain zen egokia kukutzeko.
Amak etxean, mantala beti soinean zuen, beti lanean. Sorgin aire batekin, gu, haurren gorabeherak oro bazizkien, noiz gose ginen, noiz baso bat hautsi genuen, noiz bihotza goibel geneukan. Ez zuen “mugikorrik” behar, ez smartwatch-ik. Ez tuto-rik ere, nahikoa zen amaren begirada, zaharoa eta hitza gure mundua ordenatzeko.
Amaren mantala etxeko egoera moralaren eta afektiboaren jantzia zen, kasik uniformea. Jantzi honek “etxea” eta “lana” bat egiten zituen. Baita “zaintza” eta “larderia” ere. Etxeko “ohorea” eta “arima” izateaz gain.
Garai batean, etxekoandreak etxetik ateratzean mantala kentzen zuen, eta sartzerakoan janzten. Karrikan zelarik beste pertsona bat zen. Mantala janztean “zerbitzuan” sartzen zen. Mantalak markatzen zuen muga: mundu kanpotarra (hotza, arrotza) eta etxe-barneko mundua (beroa, hurbila). Mantala soinean, ama “osoa” zen. Presentzia bat, beti erne, beti zerbaitetan ari. Ez zuen aisialdientzat ez lekurik, ez hutsunerik. Mantala zikin zitekeen, lan eginaren marka zen. Baina azpiko jantziek “apainak” izan behar zuten. Bi-biak lanaren eta garbitasunaren ezaugarriak.
Gaur egun, jeans-ak edo jogging-ak soinean, sukaldeak galdu du bere “sakratua”. Ez dugu gehiago jantzien trantsizio erritualik. Sukaldean, badirudi beti gaudela erdi-lanean, erdi-aisialdian, entzun-gailuak pizturik, gogoa nonbait. Sukaldeko mantalak “Masterchef” estilokoak dira: pollitak, diseinuzkoak, arimarik gabeak. Nornahik erabiltzen dituenak. Ez daukate ez nigar arrastorik, ezta arroltzeak biltzeko manerarik. Maiatza kari, jantzi tekniko-neutroen garai hauetan beraz, hain amultsuki mantala soinean ekarri (eta ekartzen) duzuen ama guzieri esker-on eta ohore.










