Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Maiatzaren 21a

Euskal trail - Herriko Etxearen aldizkaria - Irakurketa taldea - Antzerkia - Lurdeko beila

Ezkerrean Maritxu Mortalena herritarra Neska Trailen
Ezkerrean%20Maritxu%20Mortalena%20herritarra%20Neska%20Trailen

Euskal trail

Gure mendietan gaindiko lasterketak manerarik zailenetan iragan dira, Salbatoreko aste hondar luzean: hotza, euria, harria eta elurrarekin ere toki gorenetan. Hortako, Autza eta Ahadiko kaskoak saihestea erabaki dute antolatzaileek. Hauek buru hauste anitz ukan dituzte ere ehunka autoen aparkarazteko, horrentzat pentsatuak ziren errugbi zelai zaharra bezalako leku anitz ezin erabiliak bilakatu direlakoz lohiarengatik. Beribil metatze luzeak beraz bide bazterretan. Hastapenean 3.800 lasterkari balin baziren 6 proba desberdinetan parte hartzeko, hauetarik anitzek ez dute heiena bururatu ahal izan, baldintza sobera dorpeak zirelakotz.

Mereximendu bera edo berdin gehiago ukan dute mendietan barreiaturik zauden ehunka laguntzaileek (kasik 500 ziren orotara), ez baitzitaiken errex hozturik eta bustirik egoitea orenak eta orenak mugitu gabe, kirolarien zerbitzuko. Sailkapen guziak Euskal Trail elkartearen webgunean aurki daitezke.

Herriko Etxearen aldizkaria

Bere lehen aldizkaria plazaratu du herriko kontseilu berriak, lehenik eskerrak bihurtuz hauteskundetan konfiantza egin dakoten guzieri. Gero, deia luzatu daukute herritar guzieri, komisione desberdinetan engaia gaitezen, erregularki edo noizbehinka, bakotxaren gogoaren arabera, Baigorri zuzenki hunkituko duten erabakiak elgarren artean hartzeko. Gaineko karrikako antolaketa berria zehazten dute eta gerlako hilen oroitarriaren lekuz aldatzeari dagokionez, soldadu ohien adostasunarekin egin dute, zeremoniak leku segurago eta isilagoan iraganarazteko eta Mitxelengo bide juntako obrak errexteko.

Azkenik, aldizkariak jakinarazten dauku 14 sortze, 4 ezkontza eta 28 heriotze izan direla jaz gure herrian.

Irakurketa taldea

Miren Amuriza idazlea izanen da aldi huntako gomita. “Pleibak” bere liburu berria aurkeztuko du, Miren Artetxe eta Maddi Ane Txoperena bertsulari eta Paule Bilbao musikariaren laguntzarekin. Hitzordu hau Basaizea elkartea, Argia astekaria eta Ziburuko liburu azokaren partzuergoarekin antolatua da. Baigorriko Bixentainean, maiatzaren 22an ortziralean (20:00). Ekitaldia aitzin, pintxo eta trago (19:00).

Antzerkia

Maiatzaren 23an, ibiakoitzarekin (19:00), “Kolapsoa” antzerkia ikusten ahalko dugu Bil Etxea gelan, Jon Ander Urrestik ekoiztu lana.

Gaia: publizitate agentzia bateko hiru langile umoreaz baliatuko dira gaur egungo marketin sistemari kritika egiteko. Antolatzaile Baigorriko herria eta Udalbiltza.

Lurdeko beila

Ekainaren 13an iraganen da ibiakoitzarekin eta parte hartu nahi dutenek izena Peio Curutcharryri (06-42-00-50-08) edo Oronos saltegian eman behar dute, ekainaren 1eko berantenaz. Lurdera joateko autobusa Baigorritik abiatuko da eta 55 eurokoa izanen da gosta saria.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3835. zbk

Gure Hitza | 2026/05/21

Orroka

Peio Jorajuria

Herri Urrats ororen buru aro eguzkitsuarekin iragan zitzaigun, Senpereko lakuaren inguruan. Arrastiriko uhar soila laster gainditzen zuela “goizero irrifarra ahoan” dabilan Janus Lester talde nafarrak, eguzkia ezarriz aitzinean zaukan fan andana handiaren begietan. Egun osoan lakuaren orroak altxatu ziren. Aurtengo kantuak galdera hau egiten zuen orori: “Ez al duzu entzuten orroka laku bat?” Euskaltzale guzien metafora bilakatu da Senpereko lakua, maiatzeko bigarren igandean plazaratzen diren euskararen aldeko aldarrikapenen bihotza bihurturik. Alabaina, Paristik gaur datorren “haize txarrari” fermuki egin behar zaio buru, dio Seaskak, eta ekain hastapenean manifestaldi bat antolatuko du Bordelen. Kargudunek entzunen ote dituzte orro ozen horiek?

Bidenabar erran dezadan laku hori orroka hasi aitzin, orain dela mende erdia pasa hor bertako laborariak zirela orroka ari izan, beren lurrez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016