Gure Hitza | 2026ko Maiatzaren 21a

Orroka

Peio Jorajuria

Herri Urrats ororen buru aro eguzkitsuarekin iragan zitzaigun, Senpereko lakuaren inguruan. Arrastiriko uhar soila laster gainditzen zuela “goizero irrifarra ahoan” dabilan Janus Lester talde nafarrak, eguzkia ezarriz aitzinean zaukan fan andana handiaren begietan. Egun osoan lakuaren orroak altxatu ziren. Aurtengo kantuak galdera hau egiten zuen orori: “Ez al duzu entzuten orroka laku bat?” Euskaltzale guzien metafora bilakatu da Senpereko lakua, maiatzeko bigarren igandean plazaratzen diren euskararen aldeko aldarrikapenen bihotza bihurturik. Alabaina, Paristik gaur datorren “haize txarrari” fermuki egin behar zaio buru, dio Seaskak, eta ekain hastapenean manifestaldi bat antolatuko du Bordelen. Kargudunek entzunen ote dituzte orro ozen horiek?

Bidenabar erran dezadan laku hori orroka hasi aitzin, orain dela mende erdia pasa hor bertako laborariak zirela orroka ari izan, beren lurrez zuzenkontra desjabetuak izan baitziren laku artifizial baten eraikitzeko. Laborariak orroka baina debaldetan. Lakua, laborarien sarraskitzaile krudela. Eta orain laborarien bihotza sarraskitu zuen ezpata hura bera zaigu orroka ari. Historiaren bitxikeria! Berehala erran dezadan haatik lakuaren gaurko orroak orduko laborarienak bezain zuzenak dauzkadala. Eta agian, laborarien orroek ez bezala, Herri Urrats besta handian airatutako orroek ukanen dute fruitu.

Ez da laku hori soilik orroka ari. Mundu guzia da orroka ari, eta negarrez hipaka, suntsitzen ari dugun natura, handi-mandiek lehertzen ari dituzten populuak, diruaren aldarean sakrifikatuak diren jendeak... Etsiturik uzten gaituen egoera beltza. Ezin kasatuzko laztura batek hartuak gaitu: “Nolako mundua utziko diegu gure haurreri?” Kantuz ari den etorkizun baten ilusioa galduxea dugu. Badea nonbait eguzkirik? Zeren, Pontxek eta Marimototsek Senperen zioten bezala, “eguzkia maitasuna da”. Bai, eguzkia bada garen jende xume eta bihotz onekoen eguneroko urrats ttipietan, gu bakoitzaren baitan.

Gorago aipatutako Herri Urratsen kantuak hau ere dio: “Geroak higatu ez ditzan dilindan diren harriak, altxa ditzagun aldamioak, lora gaitzan lorioak”. Elkarrekin bada zer egin. Ez dezakegu mundua aldatu, aldiz gure inguru hurbila loratu, hori bai. Eta urrunagoko zerua ere doi bat argitu. Senpereko Kiribil konpainiak (Amaia Hennebutte eta Fabrice Jacob) aste hauetan egiten duen bezala, Ukrainara joanik, Putinen gerla itsuak joak ditueneri eguzki pixka baten ekartzeko, ikusgarri eta tresna jostagarri batzuen bidez, “zorigaitzaren itsasoan zorion eta esperantza xorta batzuk ditzaten hurrupa”.



Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3835. zbk

Gure Hitza | 2026/05/21

Orroka

Peio Jorajuria

Herri Urrats ororen buru aro eguzkitsuarekin iragan zitzaigun, Senpereko lakuaren inguruan. Arrastiriko uhar soila laster gainditzen zuela “goizero irrifarra ahoan” dabilan Janus Lester talde nafarrak, eguzkia ezarriz aitzinean zaukan fan andana handiaren begietan. Egun osoan lakuaren orroak altxatu ziren. Aurtengo kantuak galdera hau egiten zuen orori: “Ez al duzu entzuten orroka laku bat?” Euskaltzale guzien metafora bilakatu da Senpereko lakua, maiatzeko bigarren igandean plazaratzen diren euskararen aldeko aldarrikapenen bihotza bihurturik. Alabaina, Paristik gaur datorren “haize txarrari” fermuki egin behar zaio buru, dio Seaskak, eta ekain hastapenean manifestaldi bat antolatuko du Bordelen. Kargudunek entzunen ote dituzte orro ozen horiek?

Bidenabar erran dezadan laku hori orroka hasi aitzin, orain dela mende erdia pasa hor bertako laborariak zirela orroka ari izan, beren lurrez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016