Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Ekainaren 11a

Xuriatea - Diru bilketa kanpaina - Diru eskaintza baten egiteko - Erakusketa - Sorbidean festibala - Elizaberriko pestak

Xuriatea berria
Xuriatea%20berria

Xuriatea

Historikoa: 2000. urtean sortu zen Xuriatea proiektua. Hazparne zentroan ostatu euskaldun eta euskaltzale baten ukaiteko, inguruetako 100 bat herritarrek diru eskaintzak egin zituzten komertsio fondoaren erosteko. SARL batek hartu zuen kudeantza.

2003an eraikin osoa salgai ezarriko zela oharturik eta ostatuaren aktibitatea atxikitzeko, herritarrak berriz mobilizatu ziren: Etxebizitza Sozietate Zibila sortu zen orduan.

Hogei urtez ostatua idekirik egon da eta elkarte asko errezebitu dira. Bestalde dantza errepikak, bilkura politikoak, sindikalak, pestak, elkarteen bazkariak eta beste iragan dira hor.

Urrats berri bat: 2023an eraikin osoaren erosteko mailegua pagatua da. Bastimendua estatu txarrean da eta bigarren estaia ez da erabilia. Orduan ESZaren 128 bazkidetarik gehienek onartzen dute dituzten parteak kitorik uztea. Azkenean 33 partaide elkartzen dira eta itun bat izenpetzen dute: espekulaziorik ez egiteko eta ESZrengandik benefiziorik ez hunkitzeko xedea erakusten dute, eraikinari bokazio soziala eman nahi diote. Talde motor bat osatzen da proiektuaren hausnartzeko. Lau ardatz dituen proiektu bat lantzen da: zortzi apartamendu sozialen sortzea gaineko bi estaietan, beherean kulturgune baten sortzea, bilkura gune batzuen sortzea elkarteendako eta ostatua atxikitzea.

Lan horren eramaiteko Tequio IOKS-a (Interes Orokorreko Kooperatiba Sozietatea) kontaktatzen da. Proiektuaren ardatz nagusiak biltzar nagusi batean onartuak dira. Denbora berean ostatuaren kudeatzaileak komertsio fondoaren saltzeko gogoa erakusten du. Ondorioz kooperatiba berri bat sortzen da horren erosteko.

Lekukoa kooperatiba: 2025eko abenduaren 8an sortu zen; hamabost egun barne 63.000€ bildu ziren. Orain kooperatibak 98 bazkide ditu eta ostatua idekirik dago lehengo langileak atxikiz.

Diru bilketa kanpaina

Eraikin osoaren berritzeko 1.930.000€ beharko dira.

Oraiko diru bilketa behereko zatiaren diruztatzeko da: 795.000€ behar dira. Horra zer eginen den:

ostatuaren berritze osoa eta normetan ezartzea, jateko gelen berritzea, sukaldearen berritzea eta tokiz aldatzea, ostatuaren gibelean kultur gela baten antolatzea behar den tresneriarekin eta bilkura gela batzuen sortzea.

Finantzamendu planaren osatzeko 120.000€ behar dira berehala ondotik laguntza desberdinak biltzeko eta beharko diren maileguak kontratatzeko.

Proiektuak beste hogei urtez segi dezan deneri dei egiten zaie Xuriatea toki herrikoia, euskalduna, deneri idekia eta goxoa geldi dadin. Denen beharra bada.

Diru eskaintza baten egiteko

Webgunea: xuriatea.eus

Xedebat gunea: xedebat.jadopteunprojet.com/decouvrez-les-projets/detail/xuriatea

Harremanak: info@xuriatea.eus

Bixente Vrignon, presidentea: 06-24-78-84-61

Andoni Delavigne, zuzendaria: 06-71-92-78-97

Txomin Hegi, idazkaria: 06-75-08-89-70

Antton Castoreo, prentsa arduraduna: 06-58-26-61-46

Erakusketa

Markos Gimenok palindromo asko sortu zituen eta bere lagun talde batek horiek afixa batzuetan antolatu zituzten erakutsiak izaiteko gisan. Zinez ikusgarriak eta bereziak dira. Ekainaren 13a arte ikus daitezke oraino Mediatekan eta Et'abar ostatuan.

Sorbidean festibala

Hazparnen plantatua den “La fabrique affamée” antzerki taldeak bere urteko festibala hasia du ekainaren 6an Eihartzeko parkean landatua duen karpapean. Hara zer ikusten ahal den oraino:

Ostegunean (20:00): “La femme hérisson”, Le petit théatre de pain konpainiak emanik.

Ostiralean (20:00): “Vaches”, Les Rétamés konpainiaren obra eta (22:00) “Ice Pedro” Blu Kolective taldearekin.

Larunbatean: urtean zehar egin diren tailerren emaitzak:

“On se lève. On se casse. On gueule. On vous emmerde” (16:00). Lizeoko gazteek emanik.

“Poussières” (18:00). Helduen taldea.

The Rain Family (19:30) kontzertua.

“Souriez, vous êtes...” (20:30) Fabrika ttipia.

Elizaberriko pestak (12-13-14)

Herriko pesta nagusiak baino lehen, Elizaberri auzoak bereak antolatuak ditu:

Ostiralean: (20:00) Ruper Ordorika, ondotik Punttu Kakotx, RTZ kolektiboa eta Zono.

Larunbatean: (9:00) racket ball txapelketa.

Igandean: (11:00) aperitifa, bazkaria eta bukatzeko After Xapito.

Erreserbatzeko: 05-64-72-15-87.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3838. zbk

Gure Hitza | 2026/06/11

Egin dezatela bide!

Menane Oxandabaratz


Aurten Euskal Herria Zuzenean festibala Arberatzen ekainaren 26, 27 eta 28an iraganen da, 30 urteak ospatuko dira. Lehen edizioa Arrosan iragan bazen, geroztik bide egin du, Idauze-Menditik… Heletara, Lekornetik… Irisarrira, Arberatzen gelditua dela.

Joan den ostegunean Donapaleun EHZko antolatzaileek “Auzolanaren lurretan” liburua aurkeztu dute, 30 urtez ibili diren laguntzaileak presente ziren. Tarteka gertakari baten inguruan familia biltzen den bezala, joan den ostegunean EHZko komunitatea bildu da.

EHZ festibala antolatzen dutenek ardura handia hartzen dute, militanteak dira. Urte guzian bilkurak eginak dira, prestakuntza handia delako denak ongi gogoetatu behar dira. Milaka jende hurbiltzen dituen hiru eguneko ekitaldi baten kudeatzeko ardurak hartzen dira, egoera batzuk bat-batean kudeatzen dira, gauaz ala egunaz adi egon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016