Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Ekainaren 11a

Parropiatik - Etxeparea zelaia berritua - Suhiltzaileen besta eguna - Filma - Musikaldi - Pilota

Sam suhiltzaile maskota
Sam%20suhiltzaile%20maskota

Parropiatik

Heldu den igandean bi kermeza izanen dira parropian, biak batean, Haltsun eta Larresoron. Bietan mezak tenore berean (10:30), Haltsuko elizan “Labourdins” elkarteko soinulariekin eta Larresoron poli-jarduera gelan, Inthalatzeko soinulariekin. Haltsun ondotik izanen da danborrada eta zintzur bustitzea herriko gelan, Larresoron aldiz bazkaria ere ondotik. Txartelak eros ditaizke aitzinetik Internet bidez eta salgai ere dira Herriko Etxean. Bazkalondoan haurrentzat eta helduentzat jokoak. Jendea handizki gomitatua da batera edo bestera. Ondorioz Uztaritzen ez da igandean mezarik izanen. Hunek kermeza 21ean ukanen du, heldu den astean aipatuko dena.

Etxeparea zelaia berritua

Herriko Etxeak finkatu proiektuetan da aurten Etxeparea zangobaloi zelaiaren berritzea. Zelaia 2017an emana izan da zerbitzuan bainan geroztik Errobi errekari hurbil izanez uholde batzu jasan ditu eurite handietan eta tapiza sintetikoa desegiten ari zen serioski. Lanik handiena du beraz tapiza horren osoki berritzea, zola azkartuz eta ingurumena errespetatzen duen material egokitua ezarriz. Gero denbora berean argi guziak berrituak izanen dira led argiak emanez argindar gutiago baliatzeko gisan, materialaren biltzeko tokia ere berritua izanen da eta berrantolaketa gehigarri batzu ikusliarren onetan eginak. Obrak uda huntan eginak izanen dira, heldu den irailean berriz zelaia baliagarri izaiteko gisan. Lan horien gastuak heldu behar ditaizke 550.000 euro ingurura orokorki, parte on bat Akitaniaren eta zangobaloi frantses federakuntzaren diru laguntzak erdietsirik estaliko direla.

Suhiltzaileen besta eguna

Suhiltzaileen besta joan den larunbatean ederki iragan da, aroa alde zen, berote handien ondotik, nahiz ez den iragan urtean bezainbat jende etorri. Haurrak aldiz arratsalde guzian lorietan ziren tresneria horiekin, kamioian ibiltzeko edo zurubi handian gora altxatuak izaiteko beren aldiaren beha zintzo zaudela. Denek preziatu dute ere Sam suhiltzaile maskotaren presentzia. Kantaldi eta musikaldiekin segitu da gaualdia, jateko eta edateko bazela denentzat. Goresmenak suhitzaileeri, jakin dute denen plazera egiten.

“Perkainen Haritik” filma

Mikel Erramouspe Baigorrikoak aurkeztu film-dokumentalak arrakasta ona ukan du joan den ortzegun arratsean, 50 bat ikus-entzule bildu direla Lapurdi gelan. Publikoan Kapito Harriko arduradunak ere hor ziren. Emankizun hori antolatua zen hemengo elkartearen mendemuga kari, lehen ekintzetarik bat. Publikoarenganik dokumentala ongi preziatua izan da. Mikelek eginen ditu oraino beste bi film pilotaren gainean, bat heldu den udazkenean agertuko dena eta bestea berantago. Bi lehenbizikoek bezala pentsatzen dugu azken horiek ere Uztaritzeko bidea ezagutuko dutela.

Musikaldi

Igande huntan, 14an, “Haltya Ondare eta Kultur” elkarteakproposatzen du musika klasiko emanaldia jauregian berean (18:00) Artea taldearekin. Musikari izanen dira: Marie Hélène Chelond bibolinean, Pauline Marcé biolaltoan, Marie Sophie Leturcq biolontxeloan eta Mathieu Convert klarinetearekin. Sartzea 12 euro (urririk 18 urtez petik). Musikazale guzieri idekia. Ongi etorri hoberena segurtatua da.

Pilota

Pasa den asteburuan jokatu dira Euskal Ligako txapelketaren kondu joko garbiko final-laurdenak. Denetarik izan da emaitzetan. Helduetan lehen mailan Bilgunen Kapito Harri nagusitu zaio Baigorri 2-ri 40/29, berdin bigarren taldearentzat nagusitu baitzaie Hardoitarreri 40/30. Beste talde guziak kanporatuak izan dira. Bigarren mailan lehen taldeak partida galdua du Arcachonen ari beharra baitzen eta uztariztarrak ez baitira joan; bigarren taldeak galdu du Bilgunen Donapaleuren kontra 13/40. Gazte taldea galtzaile Kanbon hango taldearen kontra 35/40; berdin kimuentzat galdu baitute Hiriburun 34/40. Partiden segidak ondoko asteburuetan.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3838. zbk

Gure Hitza | 2026/06/11

Egin dezatela bide!

Menane Oxandabaratz


Aurten Euskal Herria Zuzenean festibala Arberatzen ekainaren 26, 27 eta 28an iraganen da, 30 urteak ospatuko dira. Lehen edizioa Arrosan iragan bazen, geroztik bide egin du, Idauze-Menditik… Heletara, Lekornetik… Irisarrira, Arberatzen gelditua dela.

Joan den ostegunean Donapaleun EHZko antolatzaileek “Auzolanaren lurretan” liburua aurkeztu dute, 30 urtez ibili diren laguntzaileak presente ziren. Tarteka gertakari baten inguruan familia biltzen den bezala, joan den ostegunean EHZko komunitatea bildu da.

EHZ festibala antolatzen dutenek ardura handia hartzen dute, militanteak dira. Urte guzian bilkurak eginak dira, prestakuntza handia delako denak ongi gogoetatu behar dira. Milaka jende hurbiltzen dituen hiru eguneko ekitaldi baten kudeatzeko ardurak hartzen dira, egoera batzuk bat-batean kudeatzen dira, gauaz ala egunaz adi egon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016