Mundu zabalean | 2026ko Ekainaren 11a

Korsikarentzat autonomia

J.B.

Joan den astean, ekainaren 2an, deputatuen Lege Komisioan, Korsikaren autonomia frantses konstituzioan sartzeko lege xedea onartua izan da. Korsikar abertzaleen aspaldiko eskakizuna eta 2022an Yvan Colonaren erailketaren ondotik hasi zen ibilbide luzearen lehen etapa. Hilabete hondar huntan onartua izan behar ditaike deputatuen ganbaran, heldu den udazkenean Senatuan eztabaidatzeko. Dena ongi badoa, kongresuak biltzen dituen parlamentarien hamarretarik seik baiezkoa eman beharko dute.

Ez da irabazia bainan eztabaida interesgarria izanen da instituzio aldaketa aldarrikatzen duten guzientzat.

Korsikarren eskakizunetik frantses parlamentura

Joan den astean frantses gobernuak aurkezten zuen Korsikari autonomia eskain lezakeen lege xede konstituzionala onartu du Asanblada Nazionaleko Lege Komisioak. Lehen urrats garrantzitsua ondoko aste eta hilabetetan Asanblada Nazionalean, senatuan eta kongresuan segituko den ibilbide eztabadaitsuan.

Korsikaren autonomia aktualitatearen lehen lerroan agertu zen 2022an, Yvan Colona FLNCko militantea presondegian eraila izan eta Korsikan sortu ziren berehalako oldartzen ondotik frantses gobernuko presidenteak, lehen aldikoz, istiluen geldiarazteko aipatu baitzuen ordu arte errefusatzen zuen korsikarren aspaldiko eskakizuna.

2022ko uztailaren 5ean Korsikako parlamentuak autonomiari buruzko proposamenak zehaztu zizkion frantses gobernuari eta 2024ko martxoan bi aldeak bildu ziren orain eztabaidatzen den lege xede konstituzionalaren zehazteko. Korsikarentzat errepublikaren barneko autonomia eskaintzen duen lege xedea korsikar parlamentuan onartua izan zen gehiengo handi batekin 2024ko martxoaren 26an.

Bi urte berantago, frantses parlamentura heldu den proiektuari lehen atea ideki zaio joan den asteartean, ekainaren 2an, deputatuen Lege Komisioan. Orain beste ate frango ideki beharko dira: Asanblada Nazionalean ekainaren 16tik goiti, senatuan heldu den udazkenean eta azkenean deputatu eta senatu guziak biltzen dituen kongresuan. Parlamentarien bozen %60a bildu beharko da lege xedea onartua izaiteko.

Zer dio lege xedeak?

Ondoko egunetan eztabaidatuko den lege xede konstituzionala artikulu bakarrekoa da, lurralde kolektibitateen printzipioak definitzen dituen konstituzioaren 72. artikuluaren segidan sar ditaikena, 72-5 zenbakiarekin.

Korsika errepublikaren barnean autonomia bat definitzen duen artikuluak sei lerro ditu. Lehenak Korsikaren berezitasunak azpimarratzen ditu: Mediterraneoko ugartea izaitea, historia, hizkuntza, kultura bereziak dituenak eta bere lurrari atxikia.

Legeen egokitzeko ahala aipatzen du bigarren lerroak. Hirugarrenak aldiz norma bereziak finkatzeko ahala du aipagai. Norma horiek estatu kontseiluaren eta konstituzio kontseiluaren kontrolpean izanen direla dio laugarrenak. Korsikako kolektibitatearen eskumenetik kanpo diren gaietan frantses gobernuak korsikarrentzat legeak egokitzen ahalko dituela zehazten du bosgarrenak. Eta bururatzeko, korsikarrek proiektua onartzeko posibilitatea ukan dezaketela dio seigarren eta azken lerroak.

Zertan dira eztabaidak?

Lege komisioan plazaratu diren eztabaidek adierazten dute panorama politikoa. 20 deputatu lege xedearen alde agertu dira (zentristak, sozialistak eta ekologistak), 6 kontra ziren (eskuinekoak, gehienak LRkoak) eta beste 6 abstenitu dira (RN eta LFIkoak).

Interesgarria da hurbilagotik begiratzea zoin diren batzuen eta besteen argumentuak.

Nahiz errepublika zatiezina eta errepublikaren hizkuntza frantsesa izaitea printzipio mugaezinak direla errepikatzen duen gobernuak, LR taldeko Xavier Ceccoli korsikar deputatuarentzat frantses parlamentuaren kontrola azkartu behar ditaike, bere taldeak proiektuaren kontra duen iritzia zehaztuz.

Ezkerrak jakinarazi du sozial geriza eta ingurumena zaintzeko neurriak ez direla ttipitu beharko Korsikan. Paul André Colombani LIOT taldeko deputatu korsikarrak bere aldetik nahi lituzke “korsikar populua” hitzak berriz ikusi testuan. Alderantziz, lege xedean agertzen den korsikar “komunitatea” hitza gehiegi zaio Elsa Faucillon komunistari, harentzat berdintasun printzipioa zalantzan ezartzen duelako. Ohar bera aitzinatzen du LFIko Eric Cocquerelek, izaiten ahal diren erreferentzia etnikoak baztertzeko galdea eginez.

Lehen etapa huntan abstenitu diren RNko deputatuak ez ote diren proiektuaren kontra itzuliko pentsatzera emaiten dute telebista kate batean Sebastien Chenu RNko boz eremailearen deklarazioek: “Eskualdetako nortasuneri biziki kasu egiten diegu baina ez da autonomia bati buruz joaiterik”.

LFI alderdia prest omen da Korsikako autonomia bideratzeko bainan mugak argi utziz Eric Cocquerelek dioen bezala: “Ez da hori (Korsikaren autonomia) baliatu behar desberdinketa orokorra sortzeko, ez dugu gure herria hausterat utziko”.

Aldiz bestelako ikusmoldea plazaratzen dute zonbait hautetsi sozialistek “tokiko eskualdeen berezitasunak konduan hartuz antolatu behar ditaike estatutu berezien sorkuntza” diotelarik.

Eztabaidak hasten baizik ez dira eta hurbiletik segituko dituzte aldaketak igurikatzen dituzten guziek.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3838. zbk

Gure Hitza | 2026/06/11

Egin dezatela bide!

Menane Oxandabaratz


Aurten Euskal Herria Zuzenean festibala Arberatzen ekainaren 26, 27 eta 28an iraganen da, 30 urteak ospatuko dira. Lehen edizioa Arrosan iragan bazen, geroztik bide egin du, Idauze-Menditik… Heletara, Lekornetik… Irisarrira, Arberatzen gelditua dela.

Joan den ostegunean Donapaleun EHZko antolatzaileek “Auzolanaren lurretan” liburua aurkeztu dute, 30 urtez ibili diren laguntzaileak presente ziren. Tarteka gertakari baten inguruan familia biltzen den bezala, joan den ostegunean EHZko komunitatea bildu da.

EHZ festibala antolatzen dutenek ardura handia hartzen dute, militanteak dira. Urte guzian bilkurak eginak dira, prestakuntza handia delako denak ongi gogoetatu behar dira. Milaka jende hurbiltzen dituen hiru eguneko ekitaldi baten kudeatzeko ardurak hartzen dira, egoera batzuk bat-batean kudeatzen dira, gauaz ala egunaz adi egon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016