Orotarik | 2026ko Ekainaren 11a
Kukumarro
Xarles Videgain
Ordotsa, kotxoa eta arra, emea eta urrixa (1/2)
Galdegin didate nola deitzen den kabale bat sortzetik beretik ikus eta zer den, urrixa ala ar, eme ala kotxo ala ordots ala besterik. Leku frankotan hala nola Hegoaldeko eremu handi batean, bi manera baizik ez dira eskuarki erabiltzen: arra eta emea. Iparraldean gauzak moldatzen dira kabale mota zein den kontuan hartzen baita: urrixa, kotxo eta ordots ere agertzen dira. Hitz bakoitzak bere mugak baditu, hots ez da kasu guzietan erabiltzen ahal.
Lehenik oroit naiz Jutsiko Petotegi jaunak erran zidanaz, baizik eta “urrixa” hitza ez dela zuzena landareetan ez eta xorietan, ontsalaz. Eta “arra” erran ordez kabale handietan “kotxo” edo “ordots” dela usaiako hitza. Uste dut Iparraldeko leku anitzetan Petotegi jaunak zioena jarraikitzen dela.
Funtsean euskaraz erdaraz bezala, sexuaren markatzeko, gertatzen da izen berezirik ez izatea: xipa, urzoa, arranoa, beti xipa, urzo, arrano deitzen dira, izan dadin ar ala eme. Haatik, maiatz-ekainean arra den xipak bere itxura aldatzen du eta orduan kasu egiten duten jendeek (ez euskaldun gehienek beraz) burgatxa edo arragaliza deitzen dute.
Beste manera bada diferentzia egiteko, bi hitz erabiliz, eiterik ez duten hitzak. Hori bereziki etxeko kabaletan, hazkuntzan; behi eta idi edo zezena, zamari eta gereño eta behor, ardi eta marro, ahari, nornahik erabiltzen dituen hitzak.
Beste manera bat bada arraren edo kotzoaren izenari gibeleko zati bat ematea: otsoa eta otsanda, astoa eta astaña (kabala), urde eta urdanga (kabala). Denetan, emearen izenak du marka bat hartzen, salbuespen bakarra oiloarena da, hor oilo-tik oilo-ar, oilar egiten da. Beste adibidea bada Zuberoan, zakur emea deitzeko zakurra ez baina hora da (zakur-ihiztora ezaguna da) eta horaren emea “ollaka” deitzen da zubereraz. Ollaka eta ez horaeme.
Aipatu ditudan hitz horietaz gain beraz badaude ar, eme, urrixa, kotxo, ordots eta konpainia. Bidenabar erran dezadan joan den astean, beste zerbait genuela perpaus, emazte gazte batek erran zidan urrixa zer den ez zekiela eta hitza arrotz zitzaiola. Estakuru gisa erran zidan: “Badakizu, ikastolako haurra naiz”. Hitzak galtzen direlako marka edota hitz baten ordez beste bat ezartzen dela.
Alabainan urriza erraiten da (edo zen?) ekialdean gehienik. Baxe Nafarroan, Lapurdin han hemenka eta Zuberoan “ürrüxa”. Urrixak eremu ttipia izatea ez da on, hori jaten duelakoz eremu handiko “ar” hitzak. Eremuaz gain, mugak baditu urriza hitzak zentzuaren aldetik. Ezin da erabili kasu guzietan, ez xorietan, ez landareetan. Hori ere kontra du hitzak eta aldiz ar hitzak dena estaltzen du, landare, xori, ugaztun eta kabale. Alta testu zaharretan idazleek aipatzen dute, Biblian, Noeren arkan edo ontzian Jainkoak animale mota bakoitzetik arra eta urriza sarrarazi zituen uholde handia jin aitzin. Arra eta urriza dio Leizarragak ere 1571n. Duvoisin lapurtarrak ere ordotsa eta urriza aipatzen zituen. Iduri du beraz etxeko kabale handietan, ez purailerian, urriza erran behar dela edo zela: behi, ardi, zaldi, urde, asto, urriza entzuten da asteme edo astaña erran gabe. Badira ere zakur urriza erraiten dutenak.
Gehiago dena urrixa, urruxa ez da ezezaguna Hegoaldean bainan orduan ez da edozoin eme. Han urrixa behiak egiten duen ume emea da, hots Iparraldean migantxa deitzen dena. Beraz Iparraldeko urrixa eta Hegoaldeko urrixa ez da arras gauza bera. Kanbiamendu edo lerratze ttipi horiek mintzaira anitzetan ezagutzen ditugu. Ingelesez “bull” izena entzuten dugularik “zezena” dela entelegatzen dugu baina elefanteetan, baleetan, antilopeetan ere “bull” deitzen da ordots den ihizia. Eta Frantziako leku batzuetan “taure” diotelarik migantxa erran nahi dute, hots urrixa den behiaren ume gaztea.
Gauza bat aipatu behar dut aski arrunta. Urriza ontsalaz kabaletan erraiten da eta arima salbu eta jendeetan ez. Alta erraiten eta idazten dutenak badaude, hala nola Jean Etxepare, gizon bati “urrixa” erranarazten baitio. Gizon helduak, goi mailako ikasketak eginak, mediku, notario edo beste bilduak dira Biarritzen bazkari eder baten inguruan eta ondotik haietarik batek aurtikitzen du: “Badakizieia zer ginduken orai beharrenik orok? [...]. Urrixa bedera”. Ordukotz eta egungo egunean guziz arrunta da hitza, emazte batez mintzatzen balin bada. Eta “urriza” ez da konplimendu horrela deitzen baita biziki garbi ez den norbait. Zubereraz jendea orduan urdin deitzen dute ez balin bada fidatzekoa.
(Segida heldu den astean)






