Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Ekainaren 11a

Leon Dongaitz trinketa - Urruñarrak Pilotaren besta handia - Kontzertuak - Emanaldia - Ekitaldia - Daniel eta Jean-Marc - Maita Kultura Ziburuko azokan - Zokoako errepidea bi noranzkoetan berriz - Pilota

Brigitte Senper da gaur trinketaren arduraduna
Brigitte%20Senper%20da%20gaur%20trinketaren%20arduraduna

Leon Dongaitz trinketeak 106 urte

1916an, Leon Sorzabalek (pilota munduan Leon Dongaitz ezizenaz ezagutua zena bere sortetxearen izenagatik) plazako Hiriartia etxean zegoen ostatua erosi zuen. Ostatu barnean bazen jeu de paume delakoan aritzeko kantxa handia. Beharrezko aldaketak eta konponketak egin ondoren, 1920an trinketea zabaldu zuen, orduz geroztik Leon Dongaitz trinketa deitzen dena. Bera izan zen lehen arduraduna, eta haren ondotik, Jeanne Senper alabak, senarraren laguntzaz, segida beregain hartu zuen. Gaur 94 urte ditu eta Brigitte Senper alaba da hirugarren belaunaldiko arduraduna. Jadanik 66 urte ditu, eta Peio Etxeberria bigarren semea jadanik prest dago ardura beregain hartzeko, laugarren belaunaldiz. Erran beharrik ez dago, Dongaitz trinketa ezinbesteko elementua dela Urruñako plazan. Aupa dongaiztarrak!

Urruñarrak Pilotaren besta handia

Elkartearen ehun urteurrenaren kari, asteburuan honako ekitaldiak izanen dira: ekainaren 13an, larunbatez (10:00), xoko txapelketaren finala Dongaitz trinketean. Horren ondotik, (12:00), aperitifa eta bazkaria Kuxkuxtu txarangak animaturik, Iturbidea kiroldegian. Esku-huskako partida Dongaitz trinketean (17:00). Arratsean, kontzertuak herriko plazan, urririk. Horren ondotik, eta herri-guneko eta Oletako eskolen laguntzaz, jatekoak eta edatekoak izanen dira. Ekainaren 14an, igandez, herri meza (11:00), fanfarreak animaturik. Horren ondotik, fanfarrearen eta Urruñarrak Pilota elkarteko partaide guzien desfilea herriko plazatik pilota-plazara. Esku-huskako partida (11:30). Horren ondotik, argazki ofiziala eginen dute. Azkenik, pintxoak eta edariak pilota-plazan, Lagunak izeneko taldeak alaiturik.

Kontzertuak plazan

Ekainaren 13an, larunbatez, eta Urruñarrak Pilota elkarteak bere ehun urteurrena ospatzeko, kontzertuak izanen dira herriko plazan: Burrunba (18:30), Basapiztiak (20:00), Koloka (20:30) eta Mirari taldea (00:00). Sartzea urririk.

Gabriele Agrimontiren emanaldia

Ekainaren 14an, igandez (18:00), eta Euskal Herriko Organoak Kantuz kultur ekitaldiak antolaturik, Gabriele Agrimonti organo-jole italiarrak “Biba Italia!” izeneko kontzertua emanen du herriko elizan, Bossi, Puccini eta Verdiren doinuak eskainiz. Sarrerak elizako atarian kontzertua hasi aitzin. Prezioa: 18 euro, prezio murriztua: 14 euro.

Adixkideak elkartearen ekitaldiak

Adixkideak elkarteak antolatzen dituen ikastaroetan parte hartzen duten ikasleek urtero, kurtso bukaeran, zenbait erakustaldi antolatzen dituzte. Ekainaren 13an, larunbatez, eta Itsas Mendi zineman (15:00), ikasleen kontzertua izanen da, eta horren ondotik (20:30), antzerki saioa. Urririk.

Daniel eta Jean-Marc

Bikote urruñarrak kontzertua emanen du ekainaren 14an, igandez, Berako Ukuilu ostatuan (Pui) (14:00).

Maita Kultura Ziburuko liburu azokan

Ekainaren 6an, larunbatez, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 7. edizioa ospatu zuten, jende eta arrakasta handiz. Han zen Maita Kultura ekoizpen-etxe urruñarra bere produktuak saltzen eta aurkezten. Biba zuek! Eta zorionak azokaren antolatzaileei!

Zokoako errepidea bi noranzkoetan berriz

Ekainaren 1etik aitzina, Urruñako herriak Zokoako bidea bi noranzkoetan berrezartzeko lanak egin ditu. Hori dela eta, bidea hetsia izan da ekainaren 1etik 5era. Ekain bukaeran ere, egun erdiz, zirkulazioan nahasmendu puntualak izanen dira lurreko markaketa lanengatik.

Pilota partida Dongaitz trinketean

Ekainaren 13an, larunbatez (17:00), eta Urruñarrak Pilota elkarteak bere ehun urteurrena ospatzeko antolaturik, pilota partida ederra izanen da Dongaitz trinketean. Biskubi eta Sanchez, Espinal eta Lazkanoren kontra. Sartzea urririk.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3838. zbk

Gure Hitza | 2026/06/11

Egin dezatela bide!

Menane Oxandabaratz


Aurten Euskal Herria Zuzenean festibala Arberatzen ekainaren 26, 27 eta 28an iraganen da, 30 urteak ospatuko dira. Lehen edizioa Arrosan iragan bazen, geroztik bide egin du, Idauze-Menditik… Heletara, Lekornetik… Irisarrira, Arberatzen gelditua dela.

Joan den ostegunean Donapaleun EHZko antolatzaileek “Auzolanaren lurretan” liburua aurkeztu dute, 30 urtez ibili diren laguntzaileak presente ziren. Tarteka gertakari baten inguruan familia biltzen den bezala, joan den ostegunean EHZko komunitatea bildu da.

EHZ festibala antolatzen dutenek ardura handia hartzen dute, militanteak dira. Urte guzian bilkurak eginak dira, prestakuntza handia delako denak ongi gogoetatu behar dira. Milaka jende hurbiltzen dituen hiru eguneko ekitaldi baten kudeatzeko ardurak hartzen dira, egoera batzuk bat-batean kudeatzen dira, gauaz ala egunaz adi egon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016