Ba ote dakixu? | 2026ko Ekainaren 11a
Fronte Popularra (2/4)
Gilen Bacho
1935eko uztailaren 14ko manifestazioaren bukaeran, 500.000 lagun elkartu zituenak Parisen, faxismoaren aurka ziren alderdi (SFIO, PCF, Erradikalak), sindikatu (CGT, CGTU) eta elkarte guziek (Giza Eskubideen Liga eta beste) “Biltzar popularraren” zina egin zuten, zeinean “bateratuak egoitea”, “jazarle ligen desegitearentzat” baina ere “libertate demokratikoak defendatzeko” eta “bakea bermatzeko” engaiamendua hartu zuten. Baina helburu horiek lortzeko, boterea hartu behar zen.
“Ogia, bakea, libertatea”
1935eko herriko bozetan bezala, 1936ko legebiltzarreko hauteskundeentzat, “Biltzar popularreko” alderdiek bigarren itzulian hautagai bakar bat sostengatzea (lehen itzulian gorena zena) erabaki zuten. Helburua, garaipenaren ondotik, elkarrekin gobernatzea baitzen, programa komun bat eraikia zuten. Programa moderatu bat, Erradikalen eskariz, baina ere, paradoxikoki, komunisten borondatez. Diskurtso zinez erradikalak ukanez gero 1930eko hamarkada hastapenean, komunisten estrategia gosta ahala gosta bateratzea bilakatu zen (ber mementoan, martxoan, CGT (sozialista) eta CGTU (komunista) sindikatuak bateratu ziren) eta sozialistek ziren eskaera sozialen sustatzaile handienak bilakatu. Programa 1936ko urtarrilean presentatua izan zen. Erran bezala, moderatua zen baina aitzinamendu zenbaitekin, lehenik politiko mailan (Ligen desegitea, nahitaezko eskolatzearen luzapena, “segurtasun kolektiboaren” bermatzea “Nazioen Liga” (SDN) azkartuz) baina ere ekonomiko eta sozial mailetan (sindikal eskubideen errespetua, neurri eta laguntza zenbait langabe, laborari, merkatari ttipi eta erretretaduneri, soldaten goratzea “langileen ogia defendatzeko” eta laneko denboraren laburtzea baina zenbakirik eman gabe). Kanpaina “ogia, bakea, libertatea” esloganarekin eramana izan zen eta, maiatzaren 3an, “Fronte Popularrak” hauteskundeak irabazi zituen.
“Dena posible da”
“Fronte Popularreko” alderdiek gehiengo osoa lortu zuten 386 aulkirekin (222ren kontra eskuinarentzat). Sozialistek garaipen historikoa lortu zuten, hauteskundeak irabaziz eta 149 diputatu lortuz. Lehen aldikoz, gobernuburua sozialista bat, Leon Blum jauna, izanen zen. Komunistek ere emaitza historikoa egin zuten, 72 aulki lortuz (lau urte aitzin baino hiru aldiz gehiago!). Erradikalek, alderantziz, lau urte lehenago baino emaitza txarragoak ukan zituzten (salatuak baitziren ere eskuineko gobernu zenbaitetan parte hartua ukana baitzuten), 115 aulki lortuz. Diputatu gutiago bazituzten baina pisu gehiago, legebiltzarrean indar ardatza bihurtuz, Erradikalen sostengua beharrezkoa baitzen “Fronte Popularraren” gehiengoa bermatzeko. 1936ko ezkerraren garaipenak alaitasun eta ospakizun herrikoi giroa hedatu zuen. Garaipena igurikatua zen baina iraganen zena ez batere. Herri osoan, greba mugimendu zabala, kasik hiru milioi grebalarirekin, piztu eta garatu zen lantokietan. Ohiz kanpoko giro horretan, maiatzaren 27an, “Le Populaire” egunkarian, Marceau Pivert sozialistak “dena posible zela” idatzi zuen (ekainaren 3an, “L’Humanité” egunkarian, Gitton komunistak “Ez, dena ez da posible” ihardetsi zion!). Dena aldatu zen, hori segur, eta “Fronte Popularrak” bere programa aldatu behar izan zuen, ikaragarriko esperantza horri bidea bermatzeko.




