Gogoa hazi | 2026ko Ekainaren 11a
Kanta jaunari 2026
Graxi (Maiatzaren 6a)
Izadi osoa ferdez delarik jantzi, San Josep lore, izar-lili, arrosa eta nork daki zenbat lore motaz estali pentze-baratzeak, huna maiatza, dena kolore eta isildu ezin xori airean ttiuttaka eta firurika hemen gaindi ibilki.
Maiatzaren 3a. Euskal Herriko parropietarik goiz jeikirik, zerk mugiarazten gaitu gaur Ahetzeko bidea hartu dugula bihotza jadanik kantari? Igandea da baina ez ohikoa. Ez dugu uniforme berezirik soinean eman, baizik eta bihotzak apaindurik etxetik atera.
Bostekoak batetik, besarkadak bertzetik, kantariak agurtu eta Ahetzeko San Martin elizan hasten dugu elgarretaratzea 300 bat kantarik, lehen agurraGure Aitari kantatuz.
Pazkoko 5. igandea izanki, nola ez xaramela “Piztu da Jauna egiaz”, “Ikusi dut ur bizia” apezak ura ihinztatuz, “Bazko mahain xuri” apailatuz eta “Ogi sainduaz” hazkurrituz, “Ilunbetarik atera gaitu” eta 159 aldiz “Alleluia” errepikatu. Zenbat kantu hunkigarri lau bozetan emanak. Oren bat pasa iraun duen errepika orokorrak, gure bozak iratzarraraziz, Kanta Jaunari eguna ez da 10:30etan hasi, baizik eta 9:00 orenetan ttanko, ohar baikor, umoretsu eta finekin Gérard Ravon kantu-gidari eta Iban Erguy organista trebea lagun.
Gero, eukaristia, xoragarria, giro kartsu eta bozkariotsuan ospatu dugu kantuz otoitzean, Jean-Michel Barnetche meza-emaile, inguruan zituela Lionel Landart parropiako erretora, Jean-René Prédaigne K.J. elkartearen zuzendaria, Jean Eliçagarai eta Louis Le Grelle apezak.
Eliza-besta eder hori muntatu duten guzieri, esker mila.
Pentsatzekoa da holako egun bat ez dela bururatzen ahal bazkaria elgarrekin partekatzearekin baizik! Karpa handi haren azpian zer giroa! Bazen solas eta kantu franko ere zintzurrak ongi berotuak baigintuen orduko. Zinez egun ederra.
Orain 2028ko urtarrilaren 9a arte goitatu beharko!
Ez baita iguzkirik itzalik gabe, aurten bertsularirik ez dugu entzun eta gai hori aipatzearekin ez dut nehor hobendun jarri eta oraino gutiago mindu nahi. Halere berant bada berant iratzartzen naiz.
Nola bertsu batez hemen ez omendu Ahetzeko Mattin, jendeak hobeki ezagutzen baitzuen Mattin Treku izenaz baino. Bai, Ahetze herria Mattini lotua da Xalbador, bere lagun mina, Urepeleri den bezala, bi horiek parea egiten baitzuten; azken hau, nafartarra, luxe, begirada serios eta bestea, lapurtarra, ttipi eta kokin airearekin, airos. Bi bertsulari apartak, E.H.ko 7 probintzietan ezagutuak eta txalotuak, dohain handiko eta ezin berexizkoak. Azken hatsa eman zuen arratsalde hartarik lekura, ez ote zen erran Mattin alargundu zela? Pentsa zer bikotea osatzen zuten biek!
Kapelubeltza buruan ongi kokatua, umoretsu, gure Ahetzeko Mattini begien dirdirak argituz aurpegi alai-irribarretsua, entzuleari maiz irrirako atea zabaltzen zioten.
Hameka aldiz bertsutan ari izana da Iparraldeko herri, plaza eta elizetan, fededuna baitzen ere. Eta zenbat ateraldi ez ditu egin Hegoaldean bere bertsu-kidearekin!
Ez dakit xuxen ari naizen baina, neska koxkorra nintzela, Azkaingo plazan entzulegoa, gizonak gehien-gehienak, bikote hori ikusiz eta Mattinek aterarazi irri karkailak entzunez, ez ote zuten piztu nere bertsozaletasuna.
Izpirituz ernea eta alaia bakan ikusi dut oholtza gaineanbaina Lazkao Txikiri hurbilduko ez nukeen, nago. hunek ere irria baitzuen eskuko makil leiala.
“Zerbaitetako Jainkoak eginak gaitu haundi eta ttiki
Uli ttikiak mando handia Ahetzen zuen ausiki
eta gainerat aurdiki.”
Xanpunen bertso umoretsuarekin gaur omenduko dut Ahetzeko Mattin.




