Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Ekainaren 11a

Errotaren besta - Herriko bestak - Mendi ibilaldiak - Antzerkia - Bisita gidatua - Bilkura publikoa - Maiatzeko sortzeak

Errotaren%20besta%20-%20Herriko%20bestak%20-%20Mendi%20ibilaldiak%20-%20Antzerkia%20-%20Bisita%20gidatua%20-%20Bilkura%20publikoa%20-%20Maiatzeko%20sortzeak

Senpereko errotaren besta, aste hondarrean

Herrialdeen eta erroten ondarearen jardunaldiak izanik, Akerreta plazako errotak ateak zabalik errezebituko gaitu ekainaren 13 eta 14an. Joanes Etcheverry errotazainak aurkeztuko dizkigu errota, eihera zaingoa, garia eta artoaren mundu paregabea, bihiak porroskatzeko bi eihera harriak, gari eta arto irina, ogi beltz eta zuria, ogiaren bilakaera gaur arte eta bertze. Bisitaren atsegina luzatzeko, sagarnoa, garagarnoa, euskal pastiza eta taloak proposatuak izanen zaizkigu, ez huts egin.

Hilabete hondarrean herriko bestak

Programa zehatzaren berri emanen dugu beste batean, aldiz usaiako apairuendako izen-emaiteak beharrezkoak dira aski goiz. Hauetan ekainaren 26an, ostiral arratseko zikiroa baita ekainaren 28an, igande eguerdiko paella, bi kasuetan leku hartzeak egin beharko dira mezu bidez 07-66-08-27-25era, haatik kirol zelaian ekainaren 13an, ordainketa baitezpadakoa izanen da lekuen segurtatzeko.

Mendi ibilaldiak igande goizean

Zaldubi Ikastolak antolaturiko ohiko mendi bizikleta eta oinezko ibilaldiak Senpere, Sara eta Azkainen gaindi pasako direnak. Izena tokian emanik, errugbi zelaitik abiatuko dira (8:30) ibiltzaile guziak. Mendi bizikletarendako 3 ibilbide, bakoitzak bere ahalen araberakoa 25, 30 edo 35km, oinezkoendako 8 edo 16km. Haurren lasterketa ere izanen da (9:30) kirol zelaian. Ibilbidean janari eta edariak eskainiak eta helmugan bazkaltzeko manera izanen da oihal-etxepean edantegiaren saihetsean, nekadura ahanzteko gisan.

Antzerkia igande arratsaldean

Ekainaren 14an arratsalde guzian, Kiska-Theatreren haur, gazte eta helduendako tailerrek urtean zehar eskainitako hainbat antzerki-sorkuntza aurkeztuko dituzte. Larreko antzokian iraganen dira antzerkiak, (14:00) haur hezkuntzarako eta lehen mailako ikuskizunak, (19:00) gazteen tailerreko ikusgarria, (20:00) helduen tailerreko ikuskizuna. Publiko zabalari idekia, urririk, erreserba daiteke deituz: 05-59-54-53-97/06-82-44-83-92 edo cie.kixka.theatre@gmail.com.

Bisita gidatua

Senpereko turismo bulegoak antolatzen du, ekainaren 18an (11:00), ibilaldia karrika inguruetan, nun aipagai izanen diren bertzeak bertze euskal mitologia baita sorginkeria. Prezioa 6€, murriztua 5€, urririk 14 urtez petik, erreserba eta xehetasunak: 05-59-54-11-69ra edo turismo bulegoko webgunean.

Bilkura publikoa Larrekon

Ekainaren 16an, astearte arratsean (19:00), Herriko Etxeak senpertarrak gomitatzen ditu bilkura publiko batean parte hartzera, herriko finantzen inguruan, abian direnak aipagai baita galderei erantzuteko gisan. Topaketa gunea deneri idekia da.

Maiatzeko sortzeak

Sinestezina, maiatzean ez da heriotzerik deklaratua izan. Bi sortze seinalatuak izan zauzkigu: Vidondo Elaia eta Arbeletche Eneko. Bizitza ederra desiratzen diotegu, eta zorionak burasoei.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3838. zbk

Gure Hitza | 2026/06/11

Egin dezatela bide!

Menane Oxandabaratz


Aurten Euskal Herria Zuzenean festibala Arberatzen ekainaren 26, 27 eta 28an iraganen da, 30 urteak ospatuko dira. Lehen edizioa Arrosan iragan bazen, geroztik bide egin du, Idauze-Menditik… Heletara, Lekornetik… Irisarrira, Arberatzen gelditua dela.

Joan den ostegunean Donapaleun EHZko antolatzaileek “Auzolanaren lurretan” liburua aurkeztu dute, 30 urtez ibili diren laguntzaileak presente ziren. Tarteka gertakari baten inguruan familia biltzen den bezala, joan den ostegunean EHZko komunitatea bildu da.

EHZ festibala antolatzen dutenek ardura handia hartzen dute, militanteak dira. Urte guzian bilkurak eginak dira, prestakuntza handia delako denak ongi gogoetatu behar dira. Milaka jende hurbiltzen dituen hiru eguneko ekitaldi baten kudeatzeko ardurak hartzen dira, egoera batzuk bat-batean kudeatzen dira, gauaz ala egunaz adi egon...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016