Azalekoa | 2026ko Irailaren 03a

Dantza karrikara, euskara erdigunera

A.E.

Angeluarrak dantza errepikan
Angeluarrak%20dantza%20errepikan

Angeluarrak dantza taldeak bere 60. kandela ufatuko du aurten. Karia horretara, kabalkada muntatu dute, irail honetan bi aldiz emanen dutena. Patxi Amulet Angeluarrak taldeko ko-lehendakariak horren berri eman dauku.

Kabalkadaren bidez, herria batuz

Azken urteetan, Angeluarrak taldeak lanketa bat eraman du dantzaren inguruan, karrikak eta plazak berriz hartzeko gisan. Horretarako, erritualei lotu dira duela urte pare bat, dantza, kultura eta euskara batu eta elkartuz, herria eta jendartea egitea ahalbidetuz. Heldu eta haurrekin lan hori eramaten hasi dira, transmisio mailan indarrak emanez.

Aurten, 60. urtebetetzea denez, beti ere dantza karrikara hedatzearen ideiarekin, kabalkada muntatzea erabaki dute. Elkarte kideentzat biziki inportantea zen proiektua idekitzea ahal bezain bat elkarte eta jendeei, herritarren proiektua izateko gisan.

Badu 2 urte gogoeta hasi direla, urte batez Angeluarrak taldeko kideekin lan egin dute, nahi eta nahi ez zena jakiteko. Hortik, 2025eko urtarrilean lehen hitzordu bat izan da, nun lehen aldikoz jendea batu den horren aipatzeko. Iazko ekainean, izen-emateak ideki dituzte, Angelun bizi, Angelu bizi izana edo Angeluko elkarte baten kide edo kide ohiei zuzendua. 2025eko irailean batu dute jendea lehen aldikoz, Hardoyko frontoian. Patxi Amuletek zioen momentu hunkigarri eta harrigarria izan zela, dinamika hain potoloa ikustea euskal kultura eta euskararen alde.

Aurtengo urtarrilean, zin egite egunarentzat elkartu dira denak, errolak banatu dituzte, sustut dantzarien artean, eta denek zin egin dute kabalkada bururaino eramanen dutela, makilarekin, erritual zaharraren arabera.

Euskara erdigunean

Jokin Irungaraik du taula zuzendaritza eramaten. Angelun osoki euskaraz den antzerki baten muntatzearen apustua hartu du.

Helburua euskara denentzat eskuragarri izatea da. Euskara dakitenei arnasgune bat sortu nahi zaie, eta euskara ez dakitenei parada eskaini euskararengana urrats baten egiteko. Bien arteko harremanak sanotzea eta zaintzea zen erronka nagusiena, Patxi Amuleten iritziz hein batean lortu dutena, ohartzen baitira euskara bizi dela kabalkadan, errepiketan ere lehen hitzak euskaraz sartuak baitira.

Paraleloki, euskara komisioa plantan eman dute Plazara eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin. Euskaldun peto-peto, euskalduntzen ari eta batere ez euskaldunen artean lan bat eramana izan da, nehor ez baztertua eta frustratua sentitzeko. Besteak beste hiztegi ttipi bat sortua izan da, errepikan baliagarria dena.

Kabalkada plazara

Kabalkadak 300 parte hartzaile ukanen ditu, 16 urtetik 85 urte artekoak, horietan 190 dantzari, 26 musikari, 27 antzerkilari, 25 bat dendari eta logistika, harmailak eta ostatuaz arduratzen direnak.

Gehienak ez ziren batere ezagutzen aitzinetik, baina kabalkadaren bidez harremanak sortu dira, eta ondotik ere espero dute beste proiektu batzuk elkarrekin eramaten segituko dutela.

Angeluarrak taldeko ko-lehendakariak zioen historikoki An- gelun ez zela bolantarik. Bolantak sartzea erabaki dute beraz, lan handia izan dena dendarientzat. Orain, ondoko belaunaldien eskuen artean izanen da bolanten biziaraztea.

Hautuz, helduak baizik ez dira izanen kabalkadan. Hala ere, haurrak ez baztertzeko eta beren urtebetetzea ere denez, EKErekin elkarlanean gazte kabalkada antolatu dute ekainaren 5ean. Orotara 400 gazte bildu dituzte, aitzinetik Angeluko historia eta geografia, euskararen lekua Angelun, kabalkada zer den eta kabalkadan euskararen lekua zein den aztertu zutela.

Kabalkada bi aldiz emanen da, irailaren 20an Hardoyko frontoian (16:30) eta 26an Quintaou plazan (16:30). Tokiak Hello Asson eros daitezke, agian oraino gelditzen dira. Xehetasunak anka.eus webgunean aurki daitezke.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3847. zbk

Gure Hitza | 2026/09/03

Sartzea guretzat ere

Peio Jorajuria

Uda berezia bizi izan dugu: berote, idorte, ur eskaste, sute... Ondoko urte eta hamarkadetan gero eta bortizkiago biziko dugunaren aitzin-gustua. Girondako suteen garaian, argazki batek oihartzun handia ukan zuen. Argazkian, bi lagun Lacanauko aintzira hegiko hondartzan kadira luzeetan etzanak, eguzkitara, aintziraren bestaldean zaukaten ikaragarriko suteari itxura guzien arabera lasaiki begira. Bikote hori, gu guziak gira, politikari, finantzari, enpresaburu, laborari eta jende arruntak, zu eta ni. Gauzen aldatzeko deusik ez badugu egiten, badakigu etorkizuna nolakoa suertatuko zaigun, nahiz gobernuak eta politikariek duten erantzukizun handiena, horien esku baita gaurkoaren eta geroaren kudeaketa. Gure aldetik haatik ez gaiten isilik egon, haiek bezain hobendun baikintezke orduan.

Beste nornahiri bezala, guri ere oporrak bururatu zaizkigu, eta hor gaude gogotsu, indarberriturik. Egiari zor, urte hau orain arte zaila suertatua zitzaigun. Batetik, diru egoera kaskarra....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016