Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Irailaren 03a

Uda bukatzen ari da, Elkarteen foroa, AMAP-a, Ondoko egunetan Erakusketa Choribit gelan eta Elgarrekin korua

Aitzineko urteko elkarteen foroa
Aitzineko%20urteko%20elkarteen%20foroa

Uda bukatzen ari da...

Uda bururatzera doa, eskola sartzea hor da eta zonbait astez izan diren abusagailu bereziak fini dira. Arrakasta pollita ukan dute astearte arratsetakoek, ostiraleko aperitifek eta larunbateko merkatuek. Kapera bisitatua izan da. Buruilean eginen dira oraino Hazparneren ezagutzeko antolatuak diren ibilaldiak. Hiri barnean ibiliz historia eta istorioak kondatuko dira. Hortan parte hartzeko bederatziak et’erdietako joan behar da kapera aitzinera. Ibilaldiak bi oren irauten du eta drago bat edanez bururatzen da. Izena aitzinetik emaitea hobe da turismo bulegora deituz: 05-59-29-62-02.

Elkarteen foroa: irailaren 5ean

Hazparne elkartez aberats dela jakina da eta usu sartze garaian, ondoko hilabeteetako aktibitateen hautua egiten da. Hortarako elkarte gehienek haien aktibitatearen berri emaiten dute Elkarteen Foroa deitu memento hortan. Aurten buruilaren 5ean larunbat goizez (09:00-12:30) agertuko dira hiri erdian. Berrogeita hamar elkartez goiti izanen omen da. Euria balitz Mendeala gelara joan beharko da.

AMAP-a

Frango hedatuak dira orain AMAP (Association pour le Maintien d'une Agriculture Paysanne) deituak. Ekoizleentzat erosle kopuru finko eta jarraiki baten segurtamena da eta eroslearentzat hemengo produktu sanoen ukaitekoa. Huna besteak beste zer aurki daitekeen: barazki, fruitu, arraultze, ogi, esneki eta beste, sasoinen arabera. Bakotxak bere saskiaren xerka jin behar du ostegunetan Harana plazara, seiak et’erdietarik goiti. Xehetasun gehiagorentzat 06-03-07-91-84 zenbakia deitu behar da.

Ondoko egunetan Erakusketa Choribit gelan

Agorrilaren 31n hasia da Baionako Ortzadarra deitu batasunaren erakusketa. Elkarte horrek artista andana bat biltzen du: tindalari, zizelkari eta beste sortzaile asko. Hauen obra batzu erakutsiak dira goiz eta arratsaldez buruilaren 6a arte Choribit gelan.

“Le troquet vagabond”: Horrela deitzen da kamion berezi hau. Zelaiko gazteriak gomitaturik Zelai auzoan egonen da irailaren 3 astiritik irailaren 5a arte. Ostalaritza eskaintzeaz gain animazioak eskaintzen ditu handi eta ttipientzat. Plazan izanen da beraz osteguneko (18:00etik goiti).

Elgarrekin korua: kontzertu bat izanen da eliza nagusian irailaren 4an (21:00).

Email Facebook Twitter LinkedIn

3847. zbk

Gure Hitza | 2026/09/03

Sartzea guretzat ere

Peio Jorajuria

Uda berezia bizi izan dugu: berote, idorte, ur eskaste, sute... Ondoko urte eta hamarkadetan gero eta bortizkiago biziko dugunaren aitzin-gustua. Girondako suteen garaian, argazki batek oihartzun handia ukan zuen. Argazkian, bi lagun Lacanauko aintzira hegiko hondartzan kadira luzeetan etzanak, eguzkitara, aintziraren bestaldean zaukaten ikaragarriko suteari itxura guzien arabera lasaiki begira. Bikote hori, gu guziak gira, politikari, finantzari, enpresaburu, laborari eta jende arruntak, zu eta ni. Gauzen aldatzeko deusik ez badugu egiten, badakigu etorkizuna nolakoa suertatuko zaigun, nahiz gobernuak eta politikariek duten erantzukizun handiena, horien esku baita gaurkoaren eta geroaren kudeaketa. Gure aldetik haatik ez gaiten isilik egon, haiek bezain hobendun baikintezke orduan.

Beste nornahiri bezala, guri ere oporrak bururatu zaizkigu, eta hor gaude gogotsu, indarberriturik. Egiari zor, urte hau orain arte zaila suertatua zitzaigun. Batetik, diru egoera kaskarra....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016