Herriz Herri - Heleta (NB) | 2026ko Irailaren 03a

Herria gure astekaria oporretan zen denboran pasatu dira anitz gertakari

Herritarra

Herria gure astekaria oporretan zen denboran pasatu dira anitz gertakari gure herrian. Hasten naiz heriotzetik, bururatzeko herriko pestekin.

Heriotze

Jean-Paul Duhart Uhaldagaiko semeak utzi gaitu 80 urtetan. Nor zen Jean Paul? Gizon langile eta isil baten itxura uzten dauku, errotik lehengo fededun laborari, etxean ahal zueno egon da bere laborantxan, adina eta ahalak ttipitzean bere iloba ezarri du segidarendako. Kabalarekin gostu handia zuen, bereziki ardiekin, haren etsenplua segitua da. Gero osagarri keinuak jitean sartua zen erretira-etxean, handik zerualde airatu zaigu. Gure doluminak eskaintzen ditugu bere haurride eta familiari, ilobak barne bai eta heriotze hortaz hunkiak diren guzieri.

Goresmenak

Bai zinez merezi baititu Juan Mihura gure herritarrak, bere 10 urteko xakurrarekin bigarren lekua hartu baitu Baigorriko artzain xakur lehiaketan eta beraz hautatua xapelketa orokorreko, ondoko egunetan Oñatin iraganen dena. Juan dugu hezle trebea eta xakurra obedient fidela. Agian Oñatin lehen tokietan izanen da, duela zenbait urte bezala. Gure partetik biba hi eta xantza on!

Pestak

Ez dira ohar gabean pasatu gure aurtengo pestak, ortzegun arratsaldean hasirik, pilota partida miresgarria 40-39 Erregelun joko berrian, segitua taloekin eta Santa Marian gaualdiarekin. 14ko eguna pausa, arrastiri arte muskil jateak bildu baititu 500 lagun, segidan dantzaldiarekin. 15eko Andredena Maria, meza ederra eliza bete-betean, ondotik zintzur bustitzea Madarieta kartierrean, arratsean zikiroa 1.200 lagunez zanpez betea. Aitzinetik saldu txartelekin, antolatzaileak kontent, partadaideak berdin. Ondotik, dantza jauziek umore gaitza bildu dute. 16a igandea bururapena, meza Bixintxoko kaperan jendalde ederrarekin. Ondotik Kasernan zintzur bustitze arrakastatsua. Arratsaldean, plazan jende saldoaren aitzinean kantu, dantza, haurren agusagailu, bazen ororendako. Arratseko dantzaldiak ere arrakasta ukan du, azken musika gelditu orduko asteleheneko lehen orenak baitziren.Goresmenak gure gazteeri, lan anitz ibili baitute!


Email Facebook Twitter LinkedIn

3847. zbk

Gure Hitza | 2026/09/03

Sartzea guretzat ere

Peio Jorajuria

Uda berezia bizi izan dugu: berote, idorte, ur eskaste, sute... Ondoko urte eta hamarkadetan gero eta bortizkiago biziko dugunaren aitzin-gustua. Girondako suteen garaian, argazki batek oihartzun handia ukan zuen. Argazkian, bi lagun Lacanauko aintzira hegiko hondartzan kadira luzeetan etzanak, eguzkitara, aintziraren bestaldean zaukaten ikaragarriko suteari itxura guzien arabera lasaiki begira. Bikote hori, gu guziak gira, politikari, finantzari, enpresaburu, laborari eta jende arruntak, zu eta ni. Gauzen aldatzeko deusik ez badugu egiten, badakigu etorkizuna nolakoa suertatuko zaigun, nahiz gobernuak eta politikariek duten erantzukizun handiena, horien esku baita gaurkoaren eta geroaren kudeaketa. Gure aldetik haatik ez gaiten isilik egon, haiek bezain hobendun baikintezke orduan.

Beste nornahiri bezala, guri ere oporrak bururatu zaizkigu, eta hor gaude gogotsu, indarberriturik. Egiari zor, urte hau orain arte zaila suertatua zitzaigun. Batetik, diru egoera kaskarra....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016