Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2026ko Irailaren 03a

Heriotze, Gaueko merkatua, Maite Barnetxeri omenaldi, Atxiki tailerrak eta Antzerki tailerrak

Heriotze_%20Gaueko%20merkatua_%20Maite%20Barnetxeri%20omenaldi_%20Atxiki%20tailerrak%20eta%20Antzerki%20tailerrak

Heriotze

Maingianeko Agnès Etcheverry zendu da 62 urtetan. Joanes eta Mayiren seigarren eta azken haurra zen. Sortzetik elbarritua zen eta ezinbertzean ttipitatik zentro batera sarrarazi zuen familiak, Nabarrenkoxe aldeko Sus herrian. Hamar bat urteren buruan, zentro hori hetsi baitzen, Paue ondoan den Rontignon herriko zentrora zuen aldaira egin. Han bizi izan da orain arte, arras ederki inguraturik. Maluruski, duela zenbait urte AVC bat eginik, osagarri mendratuarekin iragan ditu azken denborak. Agorrilaren 11n iragan dira haren ehorzketak gure herrian. Herritar gehienek alabainan ez zuten ezagutzen bainan nonbrean etorri dira azken agurraren egitera. Elizkizun hunkigarria izan da, haurride baten eta Rontignongo zentroko zuzendariaren lekukotasun beroekin. Familiari doatzila hemendik gure agurrik zintzoenak.

Gaueko merkatua

Jendalde ederra ibili da Herriko Etxeko plazan agorrilaren 7an antolatua zen gaueko merkatuan. Salmahainetako ekoizle gutiz gehienak satisfos atera dira, giro pollita zen, jateko mahainak beteak, taloek ere bestalde arrakasta ona zutela. Eta hori guzia aro bikainarekin. Herriko Etxeak erreberritu behar lukeen hitzordua.

Maite Barnetxeri omenaldi

Oroitarazten dugu igandean, buruilaren 6an, dugula Maite Barnetxe zenaren omenaldi eguna, haren heriotzaren 40. urtemuga kari. Programa ederra: (9:30) meza elizan, (10:30) aurresku, kantu, bertsu, poesia eta hitzaldi elizako plazan, (11:30) dokumental eta lekukotasun Arrume gelan, (12:30) aperitifa Artetxea gelan eta ondotik bazkaria trinketean: 140 bat lagunek emana dute izena bazkaltzeko.

Atxiki tailerrak

Psikomotrizitatea (mugimenduak) eta memorioa lantzen duten tailerrak, Atxiki elkarteak antolaturik, berriz hasiko dira ostiral goizetan (9:15-10:30) Arrume gelan, lehen tailerra buruilaren 11n. Urririk dira eta 60 urtez goitikoeri idekiak. Xehetasunentzat eta izenen emaiteko, deitu Maider Goyty (07-85-46-07-92).

Antzerki tailerrak

Ondoko asteetatik harat, euskal antzerki tailerrak antolatuko dira 7 urtez goitiko haurrentzat, asteazkenetan (17:00-18:00). Argitasun gehiagoren ukaiteko eta izenen emaiteko, deitu Kattalin (06-25-51-08-55). 12 haur hartuko dira gehienik. Informazio bilkura bat izanen da buruil huntan.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3847. zbk

Gure Hitza | 2026/09/03

Sartzea guretzat ere

Peio Jorajuria

Uda berezia bizi izan dugu: berote, idorte, ur eskaste, sute... Ondoko urte eta hamarkadetan gero eta bortizkiago biziko dugunaren aitzin-gustua. Girondako suteen garaian, argazki batek oihartzun handia ukan zuen. Argazkian, bi lagun Lacanauko aintzira hegiko hondartzan kadira luzeetan etzanak, eguzkitara, aintziraren bestaldean zaukaten ikaragarriko suteari itxura guzien arabera lasaiki begira. Bikote hori, gu guziak gira, politikari, finantzari, enpresaburu, laborari eta jende arruntak, zu eta ni. Gauzen aldatzeko deusik ez badugu egiten, badakigu etorkizuna nolakoa suertatuko zaigun, nahiz gobernuak eta politikariek duten erantzukizun handiena, horien esku baita gaurkoaren eta geroaren kudeaketa. Gure aldetik haatik ez gaiten isilik egon, haiek bezain hobendun baikintezke orduan.

Beste nornahiri bezala, guri ere oporrak bururatu zaizkigu, eta hor gaude gogotsu, indarberriturik. Egiari zor, urte hau orain arte zaila suertatua zitzaigun. Batetik, diru egoera kaskarra....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016