Egun eta bihar | 2026ko Irailaren 03a
Hidrogeno eta helio bila Euskal Herriko mendietan
M.V.
Mantle8 Frantziako prospekzio enpresak miaketak egin nahi ditu Euskal Herriko zenbait menditan hidrogeno eta heliorik ba ote den jakiteko. Ekainaren 5ean eskuratu zuen horretarako baimena, Espainiako Trantsizio Energetiko Ministerioarengandik, eta geroago, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia ere erdietsi zuen. Haatik, berria agorrilaren 13 arte ez zen zabaldu.
Ikerketak egiteko baimenari Aralar izena eman dio enpresak, nahiz eta bilaketak ez diren mendi horretara mugatuko. Zehazki, 1.680 kilometro koadrotan eginen dira miaketak, gehienak Nafarroan, baina Arabako eta Gipuzkoako bi puntetan ere.
Mantle8-ren egitasmoak bi atal ditu: Aralar I eta Aralar II. Lehena izen bereko mendian hasten da, Larraitz eta Lizarrustitik ekialdera dauden eremuetan, eta Artesiaga eta Eugiraino heltzen da. Bigarren atalak, berriz, Entzia (Araba) eta Lana ibarra (Nafarroa) hunkitzen ditu, eta kasik Etxauriraino heltzen da, horien artean daudelarik Lokiz, Urbasa-Andia, Deierri eta Ollaran.
Berria zabaldu delarik, arrangurak agertu dira Aralar inguruko herritarren artean, informazio eskasiarengatik. Beteluko auzapeza den Lontxo Zubillaga honela mintzatu da: “Badakit gu ez garela ezer, baina gure lurretan zerbait egin nahi badute, gutxienekoa informatzea da”.
Mantle8 enpresak, bere aldetik, “informazio argia, objektiboa eta proaktiboa” emanen duela hitzeman du. Enpresako presidente Emmanuel Mansinik iragarri du laster buruz buruko bilkurak eginen dituztela udalekin eta herri lurren kudeatzaileekin, orain arte erdietsi dituzten baimenek zer egitea ahalbidetzen duten azaltzeko, eta beharrezko delarik, tokian tokiko baimen zehatzak eskuratzeko.
Miaketak egiteko moldeari dagokionez, Mansinik erran du geologo talde ttipiak ibiliko direla mendian, eta egoki iduritzen zaien guneetan ur eta harri laginak hartuko dituztela, eta sentsoreen bidez aztertuko dutela lurra, azpian hidrogeno edo heliorik badagoen jakiteko. Halaber, hitzeman du eskualdeko natura eta kultura ondarea errespetatuko dituztela.




