Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2026ko Irailaren 03a
Heriotze, Elkarteen eguna, Irriaren yoga, Pilota eta 100 urteak
B.S.
Heriotze
Agorrilaren 13an, bere azken egoitzara lagundua izan da Maddi Ichouribehere, Anseño sortua, 97 urtetan, herrian segur aurpegi ezaguna zen. Uztaritzen sortua zen eta Anderenborda etxean bizi. Familiatua, zonbait urte bazuen alargundua zela Laurent senarra galdurik, 6 haur ukan dituzte, bost alaba eta seme bat. Sukaldari aparta zen, bixkotx egiten bereziki. Beti zerbitzu egina urte luzeetan arizan da parropiako kermezetan sukaldari bezala. Jendekina osoki, maite zuen anitz musean aritzea Eskuz Esku elkarteko kideekin. Ilobatxoek lekukotasun hunkigarria egin diote ehorzketa mezan, jendalde ederra bildua zela Bixintxo elizan. Doluminak eskaintzen ditugu familiari.
Elkarteen eguna
Aurtengo elkarteen foroa iraganen da larunbat huntan (9:00-13:00). Egun garrantzitsua da herriko biziarentzat elkarteen egun hori. Erakuts mahainak izanen dira Bilgune inguru osoan. Zonbait elkartek ere eginen dituzte ekitaldi batzu: kulturan, dantzan, kirolean, arte martzial eta abar. Louis Dassance ikastolak segurtatuko du jateko eta edari zerbitzua, etekina berarentzat izanen dela. Ongi etorri hoberena egina da deneri, agian aroa lagun izanen da.
Irriaren yoga
CCAS herriko ekintza sozialen zentroak antolatzen du ASEPT Arditeia erretira etxeko baliabide zentroarekin partzuergoan tailer berri bat deitua “Irriaren yoga”. Tailer ekitaldiak (55 urtez goragoko jendeeri idekiak direnak) iraganen dira irailaren 9tik azaroaren 3a arte, astearte goiz guziz (9:30-10:45), Herriko Etxeko Ameztia gelan. Irria kondutan hartuz landuak izanen dira gorputzaren ernatzea, arnasa hartzea, bitartekotza, lasaialdia, laguntasuna eta saiakuntzen partimena. Izen emaitea aitzinetik beharrezkoa da zenbaki huntan: 05-59-80-64-90.
Pilota
Pilotaren aste handia iragan da agorrilaren 9tik 16ra. Uztaritzek bi egun ez guti ditu aste hortan. Lehen egunean ikusi da errebotean Baigorri Baionari nagusitzen 13/8 eta arratsaldeko partidan esku-huska Goizeko Izarra nagusitzen Senpereri 30/16.
Kapito Harri elkarteak 5 final jokatu ditu aste hortan, hiru xapeldun titulu nagusi eskuratuz, ez baita batere itsusi. Agorrilaren 10ean Donapaleun, helduetan joko garbin B taldea (Fernando, Echenique, Bidart) nagusitu da Baigorriri 40/29. Andredena Mari egunean Donibane Garazin errebotean B taldea (Fernando, Bidart, Elissalde, Sallaberry, Migueltorrena) nagusitu Kanbori 13/4. Azken egunean Bilgunen joko garbin gure talde nagusiak (Destaillac eta Pelletrat anaiak) gaina hartu du Noizbaiti 40/24. Bi final galduak izan dira, bat joko garbin kimuen taldean eta bestea frontbalean Arbonan. Azken egunean Bilgunen bi partiden artean egin da urte guziez bezala plaza gizon, mutil edo andere sarien banaketa. Hamalau sariztatuak izan dira pilotaren sail guzietan. Kapito Harrirentzat joko garbi sailean Paul Fernandok errezebitu du saria eta aitortu behar da ongi merezitua duela. Goresmenak deneri eta opor on pilotarieri ezkerparetako xapelketa arte.
100 urteak
Kapito Harriren mendemugako besta iraganen da irailaren 12an Bilgunen. Hasiko da benedizione batekin (11:00), eguerditan mintzaldi eta aurresku batekin oroitarri bat agertua izanen da Eneko Pelletrat zena gogoan pilota plazan, ondotik aperitifa Josteta gizon koruak eta gaiteroek alaiturik eta segidan bazkaria 25 eurotan Patxa Mamak alaiturik. Berri zehatzagoak egun horren ondotik.





