Ba ote dakixu? | 2026ko Irailaren 03a
Lehen Eusko Jaurlaritza (¼)
Gilen Bacho
Duela 90 urte, 1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Agirre lehen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bilakatu zen, “euskal libertateak” babestea zin eginez Gernikako arbolaren pean. Egun zenbait aitzin, urriaren 1ean, Espainiar Errepublikaren parlamentuak Euskal Herriko hiru probintzieri (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba) estatutu autonomiko baten ematea onartu zuen. Erabaki hori gerla zibileko egoera dramatikoan hartua izan zen. Nazionalistek gerla zibilaren lehen egunetan Araba eta Nafarroaren kontrola hartu zuten eta irailean Gipuzkoaren zati handiena (Eibar eta bere inguruak errepublikar gunean egon ziren 1937ko apirila arte). Euskadik autonomia lortu zuen egoera tragiko horretan, eta segurki egoera tragiko horregatik, bost urte hartan, Bigarren Errepublikaren testuinguruan, autonomia eskatzen zuelakoz.
Euskal-nafar estatutu proiektua
1931n, Errepublikanoek herriko bozak irabazi zituzten eta, Madrilen edo Bartzelonan egin aitzin, Eibarreko udaletxetik zen aldarrikatu Errepublika berria. Horregatik, gipuzkoar hiriak leku berezia lortu zuen Errepublikanoen bihotzean. Bigarren Errepublikaren sortzearekin, autonomia lortzeko eskakizunak indartu ziren Hego Euskal Herrian. Lizarran, 1931ko ekainaren 14an, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa probintzietako auzapezen biltzar batek, zeinean EAJ-PNV alderdia nagusi zen, euskal-nafar estatutu proiektua bozkatu zuen. Jeltzaleen influentzia azkarra izanez, eta karlisten sostengua ukaiteko ere, proiektu nazionalista eta kontserbadorea zen. Parte anitzez, Lizarrako estatutu proiektuak euskal eta nafar probintzietako foru historikoak berriz ezarri nahi zituen (1839ko legean konfirmatuak izan zirenak, baina 1876an ezeztatuak). “Euskal estatu” bat sortzen zuen (Espainiako estatuaren barne egonez ere), “erlisionezko estatu” bat, Vatikanoarekin konkordatu bat sinatu ahal zezakeena. Pundu horrek errepublikano anitzen kontrakotasuna sortu zuen, laikotasuna Errepublika berriaren printzipio nagusi bat baitzen. Gainera, Madrilen, Espainiako Parlamentuan, Cortes-etan, diputatu gehienek federalismoa eta “euskal estatu” baten sortzea ez zituzten onartzen. Orduan, Lizarrako estatutua 1931ko irailaren 22an, Cortes konstituziogilearen aitzinean presentatua izan zelarik, diputatuek proiektua errefusatu zuten baina ez autonomiaren printzipioa.
1933ko erreferenduma
1931ko abenduan, Cortes-etan Diputazioen behin-behineko kudeaketa-batzordeeri estatutu proiektu berri baten eraikitzea eskatu zuten. Errepublikanoak eta sozialistak nagusi ziren Errepublika berriak sortu zituen erakunde horietan baina, azkenean, estatutu proiektu berria EAJ-PNV alderdiarekin adostua izan zen, jeltzaleak karlistetatik urrundu baitziren. Udalerrien biltzarrak, Irunean, 1932ko ekainean, Estatutu proiektu berria onartu zuen baina karlisten ezezkoarengatik Nafarroa estatutu berri horretatik kanpo egon zen. Nafarroaren ukatzeak proiektuaren obratzea berantarazi zuen. Gainera, euskal estatutua ez zen Manuel Azaña-ren gobernuaren lehentasunetan, harremanak txarrak baitziren ere euskal abertzaleen eta ezkerreko errepublikanoen (partikulazki sozialisten) artean. Azkenean, halere, gobernuak erreferendum baten antolatzea erabaki zuen euskal estatutu proposamenari buruz. 1933ko azaroaren 5ean antolatua izan zen. Hiru probintzietan, bozkatzaileen gehiengoak estatutuaren alde bozkatu zuen, baina Araban, non karlistak indartsu ziren, ez zuen bozdunen gehiengoa erdietsi. Ber egunean, eskuinak zituen Espainiako legebiltzarreko hauteskundeak irabazi eta hori ez zen berri ona euskal estatutuarentzat.





