Mundu zabalean | 2026ko Irailaren 03a
Turismo masiboak bazterrak suntsitzen
M.O.
Turismo masiboak mundu osoan kalte handiak eragiten ditu, ekosistema ahulak mehatxatuz, hiri historikoak blokeatuz eta bertako herritarrak kanporatuz.
Turismoaren merkatua
Bidaia industria, munduko ekonomiaren sektore handia da, esploratu gabeko lurraldeetara espedizio anitz antolatuak dira. Azken hogei urteetan, turisten kopurua emendatu da, kontatzen da urtero miliar bat pertsona mundu osoan ibiltzen dela. Nazioarteko Aire Garraio Elkarteak (IATA) 2037rako aurreikusten du hegazkinetako bidaiarien kopurua bikoiztuko dela (8,2 miliar pertsona).
Munduko bidaia eta turismo industria 9,09 milioi euro baino gehiago balio du, Barne Produktu Gordinaren %10 inguru. Frantzia (102 milioi bisitari), Espainia (94-97 milioi) eta Estatu Batuak (72 milioi inguru) dira hiru herrialde erakargarrienak. Bestalde Europa munduko turismo eskualde nagusia izaiten jarraitzen du.
Hiri nagusi eta gune natural anitzek tokiko ingurumena babesteko bidaiarien sarrera masiboa mugatzeko kuotak edota zergak ezartzen ari dira. Turismo sektoreko enpresa handienak hotel erraldoien, Internet-en erreserba plataformen, bidaia agentzien eta garraio enpresen artean banatuak dira. Mundu mailako lider nagusien artean Accor, Marriott International, Booking.com, Airbnb eta TUI Group atzemaiten dira.
Ingurumenean eragina
Bidaia industriaren ingurumen eragina munduko berotegi efektuko gasen emisioen %7,3 eta %8,8 artean da, karbono intentsitatea ekonomia globalaren batez bestekoaren gainetik. Goi mailako oporlekuak oraindik ere erregai fosiletan oinarritzen dira, bereziki aire girotua edo berokuntzarako. Gaur egun energia berriztagarria hotelen laurden batek baino gutiagok baizik ez dute erabiltzen. Gehiegizko turismoaren kontzentrazioak, eremu ezaugarrietan (hirietan, itsas bazterretan, parke nazionaletan…), tokiko hondakinen kudeaketa saturatzen du eta edateko ur gehiegizko kontsumoan eragiten du. Ekosistemen degradazioa kaltetua da, itsasontzien ainguratze errepikatuak, mendietako aktibitateak, lurzoruaren higadurak, lurra eta oihanak suntsitzea eragiten dute.
Kaltetuak diren guneak
Gune anitzetan turismoaren ondorio kaltegarriak agertzen dira, hainbat adibide balitzateke, horra zenbaitzuk.
Everest mendia (Nepal) - Everest-eko mendiko ibilbideak egiazko negozio bihurtu dira. 2024an, munduko mendirik gorenean 1.000 atzerriko mendizale baino gehiago ibili dira. Zoritxarrez, turismoaren gorakadak eragin handia du: hondakin anitz, jendeen gorotzak, baita hil diren mendizale batzuen gorpuak. Ibilbideetan makilen gehiegizko erabilerak ere lurra ahultzen du eta gaur egun turismoaren menpe diren Himalaiako herri anitzek beren bizimodua aldatu behar ukan dute.
Machu Picchu (Peru) - Peruko altxor nazionala anitzentzat bisitatu nahi duten helmuga da. Andeetako “hiri galdua” egiazko ikusgarria da, baina toki hau bere ospeagatik suntsitzen ari da. Hiriak bere gorenean 1.000 herritar zituen, baina orain egunero 5.000 bisitarirekin turismoa emendatu da, hiribideak eta eskailerak kaltetuz. Peruko agintariek sarbidea mugatu dute, orain egunero 2.500 pertsonek baino ez dute bisitatzen ahal.
Koral itsas arroka (Australia) - Naturaren zazpi mirarietako bat bezala zerrendatuta, Queenslandeko kostaldean zehar 2.301 km luzetasuneko gunea da. Itsasertzeko herri guzietan, turismo industria erraldoia garatu da, urtean bi milioi bisitari inguru ibiltzen dira. Turismo arduragabeak munduko koral ekosistema handienaren gunea kaltetzen du, egoera kezkagarria da. Itsas-ibilaldi ontzien kopuru handiek ere eragina dute.
Harresi Handia (Txina) - Urteetan zehar, turismo masiboak kalte handiak eragin ditu, adreilu ohointzengatik grafitiak andeatuak dira. Urtean 10 milioi bisitari baino gehiagok bisitatzen dute, turisten kopurua egunero 65.000 pertsonara mugatua da.
Galápagos uharteak (Ekuador) - Lehen Galápagos uhartedia isolatua zen, baina bere mirari naturalek turismoaren gorakada azkarra ekarri dute. Garatzen hasi zenean uharteek urtean 1.000 turista inguru zituzten, gaur egun 270.000 bisitari direla. Sanoa zen ingurunea turismoaren eraginagatik kaltetua izanez, UNESCOk arriskuan den Munduko Ondarearen Zerrendan sartua du. Uhartearen ekologia ahularen eta faunaren aniztasun paregabea babesteko araudi zorrotzagoak ezarri dira.
Lascaux (Frantzia) - Harpe prehistorikoetan, turisten arnasak kalte itzulezinak eraginez, betirako hetsia da. Milaka pertsona ibiltzen ziren, gunearen atmosfera aldatu da, algak eta kristalak plantatzen ari dira, margolanak kaltetuak dira. Jatorrizkoa bisitatu ezin bada ere, harpeen berreraikuntza 2016an ireki zen, Lascaux IV izenekoa.
Antartika - Hormaz estalitako Lurraren hegoaldean den kontinente erraldoia gehiegizko turismoarengatik ere gaizki da. Antartikan turista kopuruak lehen aldiz 100.000 gainditu du, %40ez emendatua.
Bidaiarien kopuru nabarmenak galdera sortu du turismoa zenbateraino kontrolatu behar den.
.021535.jpg)




