Gure Hitza | 2026ko Irailaren 03a
Sartzea guretzat ere
Peio Jorajuria
Uda berezia bizi izan dugu: berote, idorte, ur eskaste, sute... Ondoko urte eta hamarkadetan gero eta bortizkiago biziko dugunaren aitzin-gustua. Girondako suteen garaian, argazki batek oihartzun handia ukan zuen. Argazkian, bi lagun Lacanauko aintzira hegiko hondartzan kadira luzeetan etzanak, eguzkitara, aintziraren bestaldean zaukaten ikaragarriko suteari itxura guzien arabera lasaiki begira. Bikote hori, gu guziak gira, politikari, finantzari, enpresaburu, laborari eta jende arruntak, zu eta ni. Gauzen aldatzeko deusik ez badugu egiten, badakigu etorkizuna nolakoa suertatuko zaigun, nahiz gobernuak eta politikariek duten erantzukizun handiena, horien esku baita gaurkoaren eta geroaren kudeaketa. Gure aldetik haatik ez gaiten isilik egon, haiek bezain hobendun baikintezke orduan.
Beste nornahiri bezala, guri ere oporrak bururatu zaizkigu, eta hor gaude gogotsu, indarberriturik. Egiari zor, urte hau orain arte zaila suertatua zitzaigun. Batetik, diru egoera kaskarra. Zorionez, elkartasun uhinak handizki lagundu gaitu. Bihotzetik eskerrak diru biltze kanpainan irakurle ditugun eta ere ez ditugun askok egin diguten emaitza baliosarentzat. Kanpainak aitzina segitzen du oraindik. Euskararen Erakunde Publikoak ere goratu digu urteroko emaitza. Eta Euskaltzaindia ere gain gainetik eskertu behar dugu, harekin izenpetu hitzarmenak –Herriaren hastapenetik orain arteko zenbaki guzien digitalizazioa, gaur egungo punta puntako teknologia erabiliz– ezin aski estimatuzko aire freskoa ekartzen baitigu.
Bestetik, Ainhoa Etxenike orain arteko erredaktoreak utzi gaitu, uztaileko editorialean berak zioen bezala. Alta nahiko genuen bide gehiago egin harekin. Baina beste alor batzuren jorratzera joatea hautatu du. Ezin uka haren erabakiak, bizi genuen egoera kritikoan, ezustean harrapatu gaituela. Joan aitzin, artikulu batzuk halere moldatu dizkigu aste honetarako, hala nola lehen orrialdeko artikulu nagusia. Eskertzen dugu bi urte eta erdiz ekarri digunaz eta zorte ona opatzen diogu urratuko duen bide berrian. Halaber afizio handiz bizi duen arraunean. Gure aldetik, ongi-etorri beroena egiten diogu erredaktore berri dugunIrati Esparza Guimon uztariztar gazteari.
Bururatzeko, Pettan Idiart makearra nahi nuke hemendik agurtu. Baigorriko zahar-etxean pausatu da 89 urtetan. Makea-Lekorneko berriketari leiala genuen urte luzetan. Egiazko figura zen bere herrian, alor askotan beretik eman duena, pilota, bertso, zur zizelkatze eta beste, presondegia ere pairaturik euskal errefuxiatu bat aterpetzeagatik. Gogoan atxikiko dugu.




