Hegoaldean | 2026ko Irailaren 03a
Rozalejoko jauregia, memoria leku
M.V.
Zenbait urte hauetan hetsirik egon den Rozalejoko jauregia berriz zabaldu du Nafarroako Gobernuak. Hemendik aitzina, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza izanen da. Oroimen historikoa lantzen duten ikerlariek memoriari buruzko funts dokumentalak kontsultatu ahal izanen dituzte zentro horretan, eta gainera, herritarrentzat ere zabalik izanen da eraikina, erakusketa areto gisa ere baliatuko baita. Irailaren 1etik landa, erakusketak ikusi edo jauregia bisitatu nahi dutenak urririk sartzen ahalko dira, izena aitzinetik ematen badute.
Egun hauetan, bi erakusketa daude ikusgai: Objektuen memoria eta Eskolarako bideak. Lehenak 36ko gerlan eta frankismo denboran fusilatuak izan zirenak identifikatzeko eta hobitik ateratzeko prozesua azaltzen du. Miaketa haietan aurkitu objektuek osatzen dute erakusketa. Agorrilaren 25ean ospatu den estreina ekitaldian, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza kontseilariak indarkeria politiko mota guziak aipatu dituzte, hala nola 36ko gerla, Francoren diktadura, ETAren indarkeria eta Espainiako segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek eginak. Ana Ollok adierazi du: “Hemen jasota egonen da Sartagudan aita hil zioten Julio Sesmaren memoria, edota Josefina Camposena, eta Mirentxu eta Mikele Agirre ahizpena, baina baita terrorismoaren biktimena ere: besteak beste, ETAk 1985ean Iruñean hildako Alfredo Agirre Belaskoain haurraren familiarena. Gogoan izanen ditugu estatuko funtzionarioek praktikatutako indarkeriaren biktimak ere, hala nola Mikel Zabalza eta German Rodriguez.





