Euskal diaspora | 2026ko Irailaren 03a

Ikasturte berria; hemengoak Diasporara, Diasporakoak huna; Parise; eta Diasporaren Eguna

Joseba Etxarri

ST PIERRE eta MIKELUNE. 120 urte bete ditu aurten bertako 'Zazpiak Bat' kantxak. Agorrileko Euskal Bestan, 'Challenge France 2026' txapelketa jokatu zuten, txapeldun Kaledonia Berriko Chantal Larrondo eta Mirentxu Eyherabide; eta SPMko Dimitry eta Cédric Choi.
ST%20PIERRE%20eta%20MIKELUNE.%20120%20urte%20bete%20ditu%20aurten%20bertako%20Zazpiak%20Bat%20kantxak.%20Agorrileko%20Euskal%20Bestan_%20Challenge%20France%202026%20txapelketa%20jokatu%20zuten_%20txapeldun%20Kaledonia%20Berriko%20Chantal%20Larrondo%20eta%20Mirentxu%20Eyherabide;%20eta%20SPMko%20Dimitry%20eta%20Cedric%20Choi.

LABURBILDUZ. Agorrila ohartu gabe joan da eta sartuak gira irailean. San Frantziskoko Gure Euskal Etxeak joan den ebiakoitz-igandean ospatu zuen bere urteroko Udako Besta, eta Coloradoko Euskal Etxeak larunbatean berea, Littleton herrian; gisa bera egin zuten Boiseko Euskal Museo eta Ikastolak heien Winefest elgarretaratzearekin, arnoa dastatuz pintxoekin eta euskal dantza lagun, gero kaxaka saltzeko, bildu dirua heien buxetaren sartze handi. Orain, heldu den asteburuan, Chinoko Euskal Etxearen txanda da, ebiakoitz eta igandez piknik besta, eta astelehenean euskal gosaria Centro Basco ostatuan. Bitartean, agorrilaren 22an heldu zen Bankako Menditarrak taldea Colorado eta Wyomingera, eta hor segitu dute kantuz euskal etxez etxe, Buffalon eta Rock Springs-en, eta ondoren Salt Lake City, Gardnerville eta San Frantziskon, eta aste huntan Kalifornian barrena, Fresno eta Bakersfielden, itzulia asteburuan Chinoko Piknikan bururatzeko.

'BETIRAKO'. Ber denboran Argentinatik, Tandilgo Gure Etxea EEko 'Betirako' taldekoak Euskal Herrira heldu dira iragan igandean. Lehenik Maulera, Aitzindariak Alkartea lankide, Xiberoko dantzetan trebatu, eta trukea ere eginez, Argentinako 'chacarera' dantza hemen aurkeztu eta irakatsiz. Maulen 'Herentzia bizia' dokumentalaren estreinaldi europarra egin dute; egin ere agorrilaren 23an Tandilen bertan lehenengoz eman ondotik. Tandilgo euskaldunen euskal lotura, identitate eta engaiamenduaren erakusgarri da filma, joan den urteko Euskal Aste Nazionalean grabatua. Aste huntan eta ondokoan leku gehiagotan emanen dute EHan, hala nola Bizkaian Euskal Diasporaren Astean, Arratian (Olentzeroren Lagunak-en 'Transmisioa' filma ere eskainiko du programak), dantzarien saioarekin batera, eta Donostian. 8an Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi ofizialean dantzatuko dute, Donibane Lohizunen, Pradales lehendakaria buru Peyuco Duhart Kultur Zentroko Tanka aretoan 18:00etan. Gipuzkoan Eibar (Arrate) oinarri dutela segituko dute, hainbat hitzorduz han-hemen, buruilaren 13an Argentinarako bidea berriz ere hartu arte.

PARISE eta EDE. Guziak ezin aipaturik, munduko beste pare bat euskal aipu: urriaren 4an 70 urte ospatuko dituen Pariseko Euskal Etxeak, bolondresak galdegin ditu heldu den larunbatean, irailaren 5ean, eraikina auzolanean garbitu, apaindu eta gauza tipi batzuk arrañatzeko. Azkenik, oroitarazi andana bat izanen direla heldu den asteburuan eta ondoko astean Euskal Diasporaren Eguna (EDE) ospatuko duten munduko euskal etxeak. Berez irailaren 8an da, baina asko izanen dira ekitaldiak aitzineko eta ondoko egunetan ospatuko dituztenak. Baina honi buruz segituko dugu solasa.

Email Facebook Twitter LinkedIn

3847. zbk

Gure Hitza | 2026/09/03

Sartzea guretzat ere

Peio Jorajuria

Uda berezia bizi izan dugu: berote, idorte, ur eskaste, sute... Ondoko urte eta hamarkadetan gero eta bortizkiago biziko dugunaren aitzin-gustua. Girondako suteen garaian, argazki batek oihartzun handia ukan zuen. Argazkian, bi lagun Lacanauko aintzira hegiko hondartzan kadira luzeetan etzanak, eguzkitara, aintziraren bestaldean zaukaten ikaragarriko suteari itxura guzien arabera lasaiki begira. Bikote hori, gu guziak gira, politikari, finantzari, enpresaburu, laborari eta jende arruntak, zu eta ni. Gauzen aldatzeko deusik ez badugu egiten, badakigu etorkizuna nolakoa suertatuko zaigun, nahiz gobernuak eta politikariek duten erantzukizun handiena, horien esku baita gaurkoaren eta geroaren kudeaketa. Gure aldetik haatik ez gaiten isilik egon, haiek bezain hobendun baikintezke orduan.

Beste nornahiri bezala, guri ere oporrak bururatu zaizkigu, eta hor gaude gogotsu, indarberriturik. Egiari zor, urte hau orain arte zaila suertatua zitzaigun. Batetik, diru egoera kaskarra....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016