Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Irailaren 03a
Bestak, Zavatta zirkuaren itsuskeria eta Marrazte eta margotze tailerrak euskaraz
Bestak
Aurten herriko bestak irailaren 4an hasiko dira eta 9an bukatuko, hori dela eta, ohiko ekitaldiak izanen dira. Ikus dezagun jarraian. Besta on guztiei.
Kontzertuak - Hilaren 5ean, larunbatez, Matraka taldea (21:00), Neomak (23:00) eta DJ Joli (01:00). Hilaren 6an, igandez, Bost Axola taldearen kontzertua (21:00), eta DJ Musikalan (23:00), biak plazan. Irailaren 7an, astelehenez, Xistor taldea (22:00) eta horren ondotik Frigo taldea. Hilaren 8an, asteartez, DJ Bull (23:00). Hilaren 9an, asteazkenez, Errotakan (11:00), Joselu Anaiak (19:30) eta Edantza taldea (23:00).
Pilota partidak - Hilaren 5ean, larunbatez, komitearen pala txapelketako finalak pilota-plazan (10:00). Hilaren 6an, igandez, Pilota Eskolaren partida (10:30) pilota-plazan, Leon Dongaitz txapelketaren finala (11:00). Hilaren 7an, astelehenez, Euskal Pilotako finalerdia (11:00) pilota-plazan, esku pilotako finalerdia trinketean (16:30), bigarren finalerdia (17:30). Hilaren 8an, asteartez, Urruñarrak elkartearen esku-huska partida (11:00) pilota-plazan. Hilaren 9an, asteazkenez, esku pilotako finala trinketean (17:00).
Afari, bazkari eta aperitifak - Hilaren 4an, ostiralez, aperitifa (19:00) eta herri afaria Bixikenean, Bidekoa taldeak animaturik (21:00). Hilaren 6an, igandez, herritarren aperitifa Kuxkuxtu txarangak animaturik (13:00). Hilaren 7an, astelehenez, herriko saltzaileen pintxo potea Kuxk taldeak animaturik plazan (19:00). Hilaren 9an, astelehenez, ikastolaren bazkari animatua.
Kirol saioak - Hilaren 5ean, larunbatez, helduen lasterketa (17:30), haurren lasterketa (19:00), sari banaketa (19:30). Hilaren 6an, igandez, herri kirolak (17:00).
Euskal dantza eta kantuak - Hilaren 6an, igandez, mutxikoak Kuxkuxturekin plazan (19:30). Hilaren 7an, astelehenez, Airoski dantza taldearen ikusgarria plazan (17:15). Hilaren 8an, asteartez, fandango lehiaketa plazan (18:00). Euskal kantuak plazan Abesti taldearekin (20:00).
Beste ekitaldiak - Hilaren 4an, ostiralez, mus txapelketaren finalerdiak eta finala (18:30). Hilaren 5ean, larunbatez, besten idekitzea plazan (17:30). Hilaren 6an, igandez, bestetako meza (10:30), eta suzko zezena (00:00). Hilaren 8an, asteartez, suziriak (22:00). Hilaren 9an, asteazkenez, kabalen azoka pilota-plazan (9:00) eta sari banaketa (13:00).
Zavatta zirkuaren itsuskeria
Agorrilak beroarekin batera, beste afera itsusia ekarri zuen herrira. Hilaren 14an, asteazkenez, eta goiz erdian, Zavatta zirkuaren trailer eta kamioi handiak iritsi ziren herrira, eta ustekabean de Coral familiak Larruletaren kanpin ondoan duen pentzean sartzen hasi ziren, bortxaz eta inolako baimenik gabe. Pentze hori Paxkal Olaizolak kudeatzen du. Laborariak traktorea ezarri zuen sarbidean, bidean zeuden trailer gehiagoren sartzea eragozteko, eta orduan, zirkukoek trailerrak, kamioiak eta gainerako ibilgailuak, horietako anitz animaliez beteta, bide erdian gelditu zituzten, bi aldeetako zirkulazioa guztiz oztopatuz eta eragotziz. Polizia agertu zen arren, akordiorik ez zenez, trafikoa moztuta izan zen biak arte. Zein da soluzioa? Gogoaren kontrako akordio bat? Epaitegietara jo beharra? Gauza da aipatu pentzean izan zirela hilaren 30a arte, lege eta agintari guztien gainetik pasatuz. Heldu den urtean, berriz etorriko direa? Eta edozein tokitan ezarriko dute zirkua? Gezurra dirudi, XXI. mendean horrelakoak ikusi beharra.
Marrazte eta margotze tailerrak euskaraz
Tailerrak euskaraz lehen aldiz, Ipar Euskal Herriko Goi mailako Arte Eskolan. Ikasturte berritik goiti, Ipar Euskal Herriko Goi mailako Arte Eskolak, Urruñako Herriko Etxearekin elkarlanean, 7 eta 9 urte bitarteko haurrentzako marrazketa eta pintura tailerra euskaraz eskainiko du. Tailerra Nagore Amenabarro artistak eta irakasleak gidatuko du. Euskara ama-hizkuntza duen artistak hainbat teknika ezagutzeko aukera emango die haurrei - arkatza, ikatza, urmargoa eta akuarela -, aldi berean haien sormena eta behatzeko gaitasuna garatuz. Helburua? Ikastea, esperimentatzea eta, batez ere, sortzeaz gozatzea, euskaraz! Noiz eta nun: irailetik aitzinera, asteazkenero (10:00-12:00 edo 14:00-16:00), Pausuko Intzuralde gelan, Faisaien Irlaren karrika 51n. 7 eta 9 urte bitarteko haurrak. Hamabi toki txanda bakoitzeko. Mantarra ekartzea komeni da.





