Herriz Herri - Makea (L) | 2026ko Irailaren 03a
Dolu eta Gasna besta
Dolu
Agorril hastapenean Pettan Idiart 89 urtetan hil da. Herria astekarian anitz urtez herriko berriak eman ditu. Euskaltzale suharra, bertsuzalea, euskal kulturari atxikia, Pettan euskaldun peto-petoa zen, bere herriari atxikia. Pilota entrenatzailea izana, hurbiletik segitzen zuen, plazara hurbiltzen zen partiden ikustera. Airetik elkartean laguntzaile izan da emazteentzat sail berri bat ideki zuela. Xintxuketa ere maite zuen, nork ez du etxean Pettanek egin makila!
Herria astekariaren izenean gure doluminak familiari, eskerrak Pettan egin duzunagatik.
Gasna besta
Agorrilaren 21ean Gasna Besta iragan da, arrakasta ukan du, jende anitz ibili baita. Mindegia gelan laborari eta saltzaile andana etorria zen ekoizpenen dastaraztera eta saltzera. Ardi gasna lehiaketan lehen saria Baigorriko Julien Mochok irabazi du, bigarren Buztintzeko Iruleia etxaldea (Idiart), hirugarren saria berdinketa Urepeleko Burubeltx etxaldea (Monaco) eta Aldudeko Errola GAEC-a (Olzomendi - Texier). Arrastirian artzainen lasterketa iragan da, 115 lasterkari hurbilduak ziren, lehen Lafitte Gexan (37:02), bigarren Minvielle Ibai (37:16) eta hirugarren Machicote Geoffrey. Eguna bururatu da artzain xakur lehiaketariekin. Goresmenak laborarieri egun goxoa antolaturik, ondoko hitzordua bi urteren buruan!





