Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2026ko Irailaren 03a

Amikuze eta Oztibarreko Gau Eskolaren sartzea, Bihotzeko Ostatuen kantaldia irailaren 13an Donapaleun, Aritz IBARRA Amikuzeko mediatekan irailaren 19an

Gau eskolako arduradunak
Gau%20eskolako%20arduradunak

Amikuze eta Oztibarreko Gau Eskolaren sartzea

Amikuze eta Oztibarreko Gau Eskolan, azken ikasturtea joan den ekainean bururatu zen 90 bat ikaslerekin, 12 taldetan banaturik 8 irakasleren artean. Kurtsoetatik aparte, martxoaren 19an, 24. Korrika Donapaleutik pasatu zen. Korrikak karrikak jendez gainezka bete zituen.

Gau Eskolako arduradunak, ikasturte berriaren preparatzen ari dira. Aurtengo leloa “Euskara goxoki ikasi eta bizi” izanen da. Aurten ere, urriaren 6tik ekain bukaera arte, 32 astez, helduei euskara kurtsoak segurtatuko ditu, maila guzietan, iniziaziotik alfabetatzeraino, egunaz edo gauaz, astean 5 edo 6 ordu emanez. Informazioak hartzeko edo izena emateko, permanentziak antolatuak dira Donapaleun (Gambetta karrikan) irailaren 7tik 16ra (13:00-19:15) eta Larzabalen (Espelletenia ostatuan) irailaren 9an (16:00-19:30). Permanentzia horietan, interesatuak diren guziei behar diren xehetasunak emanak izanen dira.

Prezioen aldetik, ikasleak, elkartearen parte izanez, 40€ko kide karta pagatu beharko du. Gainera ikasturtea ordaintzeko, CPF (formakuntza pertsonal kontua) erabiltzen ahalko du A2 mailatik goiti. CPF erabiltzen ez dutenentzat kide prezioa aplikatua izanen zaie. Kontaktua: amikuze@aek.eus edo 05-59-65-89-21. Kurtsoez gain, Gau Eskolak urtean zehar animazio eta ateraldi batzuk proposatzen ditu, ikasleek elkar ezagutza egin eta euskara erabil dezaten. Izena emaiteko permanentzia egunetara hurbildu behar da (telefonoz ez da izenik hartzen). Beraz euskara ikasteko, eman izena!

Bihotzeko Ostatuen kantaldia irailaren 13an Donapaleun

Donapaleuko Bihotzeko Ostatuak kantaldi bat antolatuko du eta horren irabaziak familiei emaiten zaien laguntza osatzeko erabiliko dira.
Hiru talde izanen dira bertan: Vivement Lundi!, Lea eta Anuxka eta Bost Axola. Irailaren 13an iraganen da, igandez (16:00), Saint-Louis zine gelan. Txartela 13€ helduentzat, 6€ hamabi urtez azpikoentzat. Lekua aitzinetik erreserbatzen ahal da zinemako webgunean sartuz.
Bihotzeko Ostatuek denen laguntzaren beharra badute, beraz ez duda, joan arratsalde goxo baten pasatzera, ongi etorri beroena egina izanen zauzue.

Aritz IBARRA Amikuzeko mediatekan irailaren 19an

Aritz Ibarra gasteiztarra ezagutzen dugu Donapaleun, berak baitzuen 2023ko Nafarroa bizirik pesta eguneko afixa ederra egin. Berriz heldu zauku Amikuzera berak gaztean irakurri nahiko zukeen liburua eginik. “Deiadarra” liburu ilustratuan xeheki aurkezten dauzkigu erromatarren denboratik 17. mende artino, gure herriak bizi izan dituen historiako gorabeherak.

Buruilaren 19an, ibiakoitzez (10:00), bera Donapaleuko mediatekan izanen dugu, gure galdeeri erantzuteko, bai eta esplikatzeko hain kontakizun arin eta ulertu errexa nola moldatu duen hainbeste gertakari eta mende barnean hartuz.


Email Facebook Twitter LinkedIn

3847. zbk

Gure Hitza | 2026/09/03

Sartzea guretzat ere

Peio Jorajuria

Uda berezia bizi izan dugu: berote, idorte, ur eskaste, sute... Ondoko urte eta hamarkadetan gero eta bortizkiago biziko dugunaren aitzin-gustua. Girondako suteen garaian, argazki batek oihartzun handia ukan zuen. Argazkian, bi lagun Lacanauko aintzira hegiko hondartzan kadira luzeetan etzanak, eguzkitara, aintziraren bestaldean zaukaten ikaragarriko suteari itxura guzien arabera lasaiki begira. Bikote hori, gu guziak gira, politikari, finantzari, enpresaburu, laborari eta jende arruntak, zu eta ni. Gauzen aldatzeko deusik ez badugu egiten, badakigu etorkizuna nolakoa suertatuko zaigun, nahiz gobernuak eta politikariek duten erantzukizun handiena, horien esku baita gaurkoaren eta geroaren kudeaketa. Gure aldetik haatik ez gaiten isilik egon, haiek bezain hobendun baikintezke orduan.

Beste nornahiri bezala, guri ere oporrak bururatu zaizkigu, eta hor gaude gogotsu, indarberriturik. Egiari zor, urte hau orain arte zaila suertatua zitzaigun. Batetik, diru egoera kaskarra....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016