Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Irailaren 03a
Heriotza, Urreszko ezteiak, Sortze, Kantaldia, Mus Lehiaketa, Goiti Aire eta Esku-huskako finala
J-M.B.
Heriotza: Josep Ixuribehere eta Henri Granja
Bi herritarrek utzi gaituzte azken aste hauetan. Josep Etcheberry Ixuribeherekoak 80 urte zituen. Ixuribeherean sortua, biziaren parte gehiena Parisen iragan du, 20 urtetan lanketa hiri nagusira joanik, orduan egiten zen bezala. Han, unibertsitate batean arizan da bere lan denbora guzian garbiketa eta mantentze zerbitzuan. Laket zitzaion Pariseko euskaldunekin biltzea, mahai on baten inguruan, besta batzuen estakuruarekin, sorterriko gazteekin halaber Parisen ala hemen gaindi. Konpainia maite zuen gizona zen. Duela 13 urte, osasun arazoak ukanik, alde bat jin zen sorterrira, hots sortetxera bizitzera, anaia eta koinatarekin. Maiz ikusten ginuen oinez ibiltzen, Apairiko bide bazterretan bere xakurrarekin. Josep zenaren ehorzketak Aiherrako elizan iragan ziren. Gure doluminak Ixuribehereko familia guziari.
Henri Barbier Iturrietakoak 90 urte zituen. Nahiz eta Iturrietakoa izan, denek Henri Granja deitzen ginuen, biziaren parte gehiena bere sortetxean iragan baitu, Granjan. Aiherran berean sortua, laborantxan arizan da bere bizi guzia Granja etxaldean. Gizon azkarra, berant arte pilotan arizan zen (ezkerra zen), igande arratsetan, herriko trinketean beste aihertar lagun heldu batzuekin. Pilota aipatzen dutano, ez dezagun ahantzi seme bat galdu zuela, pilotaria, 24 urtetan, eritasun latz baten ondorioz. Azken urteeri dagokienez, baratzean lan egitea (animaleko baratzea zuen) eta kontserben egitea gustatzen zitzaion, eta baratzean bildu barazkiak partekatzea, hurbilekoeri. Lanetik ez zen gelditzen. Bihotz oneko gizona zen Henri.Henri zenaren ehorzketak Aiherrako elizan iragan ziren. Doluminak Jean-Marie eta Jeanine bere seme alaberi, hauen familiakoeri eta Granjako ahaidego guziari.
Urrezko ezteiak: Frantxoa eta Maialen Christy
Ezkontzak bakantzen ari diren garai honetan, irauten dutenek merezi lukete menturaz aipatzea, 50. urtebetetzera heltzen direnean adibidez. Hori zaie gertatu azkenik Aire Onako Maialen Biscay eta Frantxoa Christyri. Igande goiz batez familiakoak mezara gomitaturik, urrezko ezteien ospatzeak segitu du mahai on baten inguruan. Giro onean eta 2 musikarik alaitu dantzaldiarekin bururatu omen dute egun alaia. Biba zuek eta segi aitzina!
Sortze
Hauxe berri ona, Jeloseko familia gaztea hirugarren haurño batez handitu dela! Alabainan, Jeloseko Sabine Barbier eta Jean Dithurbide andere-jaunek ongietorri egin diote hirugarren haurño bati. Adele izendatu dute beren alaba, Baptiste eta Louise anai-arreba handien plazera eginez. Zorionak sortu berriari eta goresmenak hunen burasoeri ahantzi gabe aitatxi-amatxieri eta etxeko birramatxiri.
Kantaldi kausitua Abarratia kaskoan
Aurtengo “Arberoako ortziraleak” ortziral guziz udan proposatua den animazioa, joan den ortziralean zortzi Aiherran bururatu zen, Abarratia mendi kaskoan. Usaian bezala besta komiteak du gaualdi hau antolatu, oinezko ibilaldia Abarratia mendi kaskora proposatuz, eta han landatua den ikurrinaren inguruan kantaldia eskainiz. Denbora aski aldakorra izanez, arratsalde hondarreko euri uhar ttipiak aski izan dira zonbeit ikusleen edo parte hartzeko gogoa zutenen lotsatzeko. Halere jendalde pollita bildu da eta denek preziatu dute Xiberotik etorriak ziren Urruty eta Chabay ahizpen kantaldi paregabea. Biba gazteak holako gaualdia antolaturik. Gaualdia bururatu zen, usaian bezala besta komiteak proposatu talo eta edariak gozatuz.
Gozategia ostatuan mus lehiaketa
Gozategia ostatuaren kudeatzaile den Jérôme Alfarok jakinarazten du mus lehiaketa antolatzen duela, sari anitzekin, 1.200€ A mailako txapeldunentzat, 600€ finalistentzat, 500€ B mailako txapeldunentzat eta 250€ finalistentzat.
Mus partidak astearte, asteazken, ostegun eta ostiral arratsetan jokatuko dira (20:00), aitzin (18:30) afaltzea edo ahamen baten jatea posible izanen delarik. Izenen emaiteko huna bi zenbaki: 05-59-25-03-88 eta 06-18-40-53-55. Ongi etorri deneri!
Goiti Aire ateraldiz ateraldi
Goiti Aire hirugarren adinekoen elkarteak urtean zehar autobusezko bidaiak proposatzen ditu. Berrikitan Getaria aldean hots Elkano marinel euskaldunaren herrian izanik, ondoko asteetan Aldudeko baleara itzuli baten egitea proposatzen du. Hau buruilaren 22an iraganen da, asteartearekin.
Proposatzen duen egitaraua hau da: Bankako meategien bisita, Bankako arraintegiaren bisita eta Erregina ostatuan bazkaria. Egunaren kostua 55€.
Tokiaren erreserbatzeko, permanentzia bat antolatzen du heldu den buruilaren 5ean, larunbat goizean (11:00-12:00), Plaza gibelean kokatua den Goiti Aire elkartearen gelan.
Apairiko esku-huskako finalak
Abarratia pilota elkarteak Apairiko plazan uda huntan muntatua zuen pilota txapelketa (esku-huska) berriki bururatu da. Orotara 20 bat ekipa zonbait astez lehiatu dira. Huna finalak nola iragan diren. Lehen mailan: Allande Martinon - Mattin Durruty 30 // Xan Anchordoquy - Panpi Etcheverry 24. Bigarren mailan: Parachou Hervé eta Enaitz 17 // Thicoipe - Léglise 30. Eskerrak Abarratia pilota elkarteari holako txapelketa antolaturik eta Apairiko plaza animaturik.





