Herriz Herri - Senpere (L) | 2026ko Irailaren 03a
Uztaileko sortze eta heriotzak, Pilotan gazi-gozo, Elkarteen Foroa, Ihiziko kartak salgai, Errugbia doluan, Musika Hamabostaldiari begirada eta Ihiziko kartak salgai
Uztaileko sortze eta heriotzak
Horra zer seinalatua izan zaukun. Sortzeak - Coste Kaelen, Ansaas Aina eta Auffret Arrou Abby. Heriotzak - Gonzalez y Silva Angel 78 urte, Arandia Marie sortzez Valencia 86 urte, Nesprias Joseph 83 urte, Gracia de Sola Maria Dolorès sortzez Lazaro Jimenez 85 urte, Saspiturry François 65 urte eta Saldumbide Maider sortzez Arribillaga 50 urte.Dolumin bizienak doazkiela hauen familia eta adiskideei.
Pilotan gazi-gozo
Aste Handiko finaletan, Senpereko pilota elkarteko esku-huskako bi ekipo arizan dira Uztaritzeko pilota plazan. Gazteak mailan: Doyhenard-Hirigoyen/Harotçarene makurtu dira Hazparneko Goyeneche/Monaco bikotearen kontra 21/30. Aldiz lehen mailako helduetan, Jauregui anaiek galdu dute Iribarren/Etchegoin Garaziko pilotarien aurka 22/30. Bi kasuetan partidak ongi borrokatuak izan dira, ohartuz sakeek eragin handia ukan dutela. Ororen buru, finalera ailegatzeak poza sortu du pilotari, trebatzaile eta jarraitzaileen artean, lan guziek ondorio onak ematen dituzte.
Elkarteen Foroa
Larunbat goizean, irailaren 5ean (9:00-12:00), Larreko kulturgunea Elkarteen Bilgune bilakatuko da urte guziz bezala. Parada ezin hobea tokiko hainbat elkarte ezagutzeko: animazio, kultura, ingurumena, soziala, kirola edo aisialdiari loturikoak. Ekitaldi hutsezina sartzeari buruz, aktibitate ugari proposatua zaizue, egin urratsa ez zaizue dolutuko.
Ihiziko kartak salgai
Ihiztarien elkarteak jakinarazten du bi hitzordu finkatuak direla karten erosteko, Elkarteen etxean. Karten banaketa iraganen da irailaren 4an eta 11n baizik ez (17:00-20:00). Xehetasun gehiago 06-99-59-21-51 telefonoan.
Musika Hamabostaldiari begirada
Bi ikusgarri xoragarritan parte hartzeko parada izan dute musika klasikoa segitzen dutenek. Ongi beteriko Larreko antzokian, Euskadiko Orkestraren biolin eta biolontxeloek oren bat’erdiz gaitzeko emanaldia eskaini daukute. Ondoko ostiralean, elizaren gerizan Bachelona akademiako solista eta musikariek zuten protagonismoa. Hemen ere sekulako gozaldia hartu dute parte hartzaileek, bereziki bi solisten boza lilugarriak entzutearekin. Ea datorren urtean berriz ere Musika Hamabostaldia ikusteko aukera ukanen dugun Senperen?
Artzain txakur lehiaketa
Zaldubi Ikastolak antolatzen duen urteroko ekitaldiak sekulako arrakasta ukan du. Egunaldi gozoa, lagun jendetza hurbildu da kirol zelaira, hauetan udatiar anitz deskubritu nahian, artzaina, xakurra eta ardien arteko ariketa berezi hori. Aurtengo garailea aldudar artzain ongi ezaguna izan da, Uhalde jauna bere Umil xakurrarekin. Antolatzaileak pozik agertu dira, ekitaldi hunek besta giroaz kanpo, diru iturri ederra ekarri duelakoz Ikastolari.
Errugbia doluan
Hamar egun barne, Senperen arizan den jokolari ospetsua zen Jean-François Bosio heriotzak eraman ondotik, horra Ibarrun Audeteneko semea Jean Louis Borthaire pausatu zaukula 61 urterekin, bi urteko minbizi bortitz batek garaiturik. Garai batean “Audetarrak” pilota munduari lotuak baziren, ondoko belaunaldian aldiz errugbira itzuli dira mutiko guziak. Hauetan Jean-Louis, hunen esku eta bihotz zabala buru belarri ezarri ditu, urtez urte bere familian, bere enpresan kontulari lanean baita herriko errugbi elkartean, lehenik jokolari gisa eta azkeneko egun hauetaraino arduradun bezala. Ehorzketetan eliza ttipiegi suertatu da, hango mundutzak kartsutasunean eta kantuen bitartezsustengu preziatua erakutsi du familia guziari. Dolumin bizienak Josette emazteari, Eva eta Panpi alaba eta suhiari, Louise bilobari baita familia guziari, “Aupa Senpere are are…” errepikarekin.





