Azalekoa | 2024ko Martxoaren 21a
Etcharry zentroa 60 urtez... sozialaren zerbitzurako
M.O.
Uztaritzeko Landagoien auzoan kokatua den Etcharry formakuntza zentroak, maiatz huntan 60 urte ospatuko ditu. Bildu gira Mélodie Lambert Cosotti komunikazio arduradunarekin.
Lanbide formatzailea
1963an Etxarri herrian sortu zen "AFMR" (Association pour la Formation en Milieu Rural) formazio zentroa, hasieran bereziki laborantza alorrean lan egiten zuten emazteentzat idekia izan zen.
Formazioa segituz, emazteeri kanpoan lanean aritzeko ahalbidetuko lukeen lanbidea atzemaiteko posibilitatea emana zitzaien.
Geroztik formazio zentroa garatu da, sozial eta mediko-sozial sailean formakuntza desberdinak proposatuz. Uztaritzeko Landagoien gunean da egoitza nagusia, herri bereko Guadalupe auzoan, Landesetan eta Biarnoan formazioak eskaintzen ditu. Kurtsoak emaiten dituzten pertsonak ez dira erakasleak baizik eta formatzaileak. Sail bereziak proposatuak dira: hezitzaile berezia izaiteko 48 leku dira, 35 toki monitore izaiteko eta 25 hezkuntza eta laguntza soziala ikasteko. Ikasketa hauek gehien ezagutuak badira ere, beste sail batzuk badira, besteak beste animatzaile izaiteko BAFA formazioa.
Zentroak elkartasunerako, sozial aldaketarako eta herritarren emantzipaziorako langileak formatzen ditu. Eragile ekonomikoek eta sozialek, bai eta tokiko kolektibitateek, sozial berrikuntzarako proiektuak garatzen laguntzen dute. Mélodie Lambert Cosottik zioen lanbide horiek gutitan argitan ezarriak direla, alta pertsona horiek egiten duten lana aipatua izaitea merezi luke, jakinez memento batez goiz ala berant denek horien beharra ukanen dugula.
Formakuntza sail desberdinak
Sozial saileko ikasketa desberdinak proposatuak dira. 600 pertsona baino gehiagok sozial sektoreetako garapen profesionaleko proiektuan eta pedagogia berritzailean jarraikitzen du. Lurraldeko sozial ala osasun etxe desberdinetan ibiltzen dira, ikastaldia eta lana uztartzen dutela. Formazioa bururatzean, hezitzaile espezializatu, monitore, haurren edota adinekoen animatzaile eta familia laguntzaile diploma eskuratzen da.
Formazioa segitzen duten pertsonen profila anitza da, baxoa pasatu eta, Etcharry zentroan ikasketak segitzen dituztenak edota lanbidez aldatu nahi duten pertsonak dira ibiltzen. Etcharryko komunikazio arduradunak zioen, formazioa segitzen dutenek 18 eta 60 urte artekoak direla. Orotara, sail desberdinetan, 800 pertsona baino gehiago trebetasunak garatzeko lagunduak dira. Akitania Berriak laguntzak emaiten ditu.
170 formatzaile eta aholkulari baino gehiagoren sarea da, 600 arta-etxe, zahar-etxe... partaide dira, 12 diplomadun eta kualifikazio, ikastaro sozial eta animazioaren arloan.
"Laboa"
Bisitatu dugu "Laboa" deitu gunea, lan egiteko gogoeta gune atsegina da. Bibliotekan 4.000 liburu daude, 20 bat kazeta berezituak, 70 marrazki bizidun, 40 DVD eta ikasleen argitalpenak. Parte hartzaile espazio horretan ikuspegi berriak sustatzea, esperientziak eta ikerketak bateratzea du xede, ezagutzak hobetzeko eta ikasleen arteko lankidetza azkartzeko. Etcharry zentroko komunikazio arduradunak zioen, ikasleentzat gain, biblioteka edozein pertsoneri zuzendua dela, urte batentzat 30 euro ordaindu behar da.
Deiadarra: 60 urteko oroitzapenak bilatzen!
60 urte kari, Amikuzen kokatua zen AFMR zentrotik, gaur egun Etcharry formatzaile egitura arte ibili diren formatzaile eta ikasleak, maiatzaren 19an (11:00-18:00) Landagoienen antolatua izanen den gertakarira gomitatuak dira. Egun horretan formazio zentroan ibili diren guziak bildu nahi dira, Mélodie Lambert Cosottik zioen, anitzeko urteetan pasatu direnak ez dituztela baitezpada ezagutzen. Pertsona horieri galdegina zaie beren burua ezagutaraztea. Ikasleen elkarteak otordua prestatuko du. Besta eguna izan nahi du, horretarako animazio desberdinak iraganen dira. Etcharry zentroaren ibilbidea erakusketa baten bidez agertuko da. Komunikazio arduradunak erran dauku hasieratik gaur egun arte ibili izan direnek dituzten argazkiak, testuak eta bideoak 60ans@etcharry.org helbidera bidaltzea.











