Herriz Herri - Urruña (L) | 2024ko Martxoaren 21a
Kuxkuxturen dokumentala - Mugalur proiektua - Familia liburuxka elebiduna - Urruñar bat IEKko Hitzaren buru - Faisaien Irla filma - Iparra-Hegoa zozketa - Pilota
Kuxkuxturen dokumentala zabaltzen hasia.
Otsailaren 23an, ostiralarekin, arratsez, Kuxkuxtu txarangaren ibilaldi luzeari buruzko dokumentala eman zuten lehen aldiz Pausuko Xaia ostatuan. Arri Iraeta Irigarai gazteak egina du, Arrasateko Mondragon Unibertsitateak eman bekaren bulkadaz eta filmean dioenez, Kuxkuxtu ez da txaranga soila, Euskal Herri osoan sustraiak errotuta dituen altxorra baizik. Kuxkuxtu transmisioa, kantua, zubia, militantzia, laguntasuna, arnasbidea, besta, herrigintza da. Iduzki bat da, iduzki distiratsua. Xaia jendez gainezka izan zen. 180 ikusle inguruk jarraitu zuten arreta handiz. Lehen emanaldi hura jendetsua eta arrakastatsua izan zen, abiapuntua nolabait, jadanik, jakin dugunez, Euskal Herriko beste zenbait herritatik filma eskatu baitute heien zine-aretoetan zabaltzeko. Aupa Kuxkuxtu!
Mugalur proiektua
Euroeskualdeak babesten duen proiektu honek mugaz-gaindiko harremanak landu eta handitu nahi ditu, horretarako era guzietako jarduerak antolatuz eta bultzatuz. Horien artean dugu 2023ko irailetik 2024ko ekainera arte abian den tailer parte-hartzailea, denei zabalduta dena. Honako eskualdeetan era guzietako ekimenak antolatu dituzte: Xiberoan, Erronkarin, Zaraitzun, Iratin, Erroibarren, Esteribarren, Garazin, Alduden, Errobi-Baztanen, Xareta-Baztanen, Bidasoa aldean (Urruñan, Hendaian, Irunen, Beran...), Txingudi inguruan, Baionan, Donostian, Lapurdiko eta Gipuzkoako kostaldean, Sakanan, Goierrin, Debagoienan, Amikuzen, Hazparnen. Ikerketak egiteko eta gure ezagupenak zabaltzeko biziki ekimen interesgarria. Informazio gehiago Urruñako Herriko Etxean.
Familia liburuxka elebiduna
Herriko Etxeak urtarriletik goiti eskaera egiten duten herritarrei familia liburuxka elebiduna eskuratzeko parada eskaintzen die. Gaur egun liburuxka honek balio sinboliko azkarra eskaintzen dio euskararen aitortzari. Egoera zibileko zerbitzura joan behar da liburua eskuratzeko.
Urruñar bat Ipar Euskal Herriko Hitzaren buru
Aski ezaguna dugu gure artean Ipar Euskal Herriko Hitza astekaria, astero artikuluak eta berriak dakarzkiguna. Orain arte Iñaki Etxeleku garaztarra izan da aldizkaria zuzendu duena, otsailetik aitzina Oihana Teyseyre Koskarat urruñar kazetaria dugu erredaktore-buru berria. Aupa euskal prentsa! Zorte on Oihana ibilbide berrian!
Faisaien Irla filma egiten ari dira
Hasiak dira Faisaien irla filma grabatzen Gipuzkoa eta Lapurdi arteko bazterretan: Pausun, Hendaian, Irunen. Mugek migrazioan duten hil ala biziko rola agerian uztera dator filma. Faisaien irla munduko jabekidekorik ttipiena da, espainiar eta frantziar estatuek urte erdiz banatzen baitute honen jabetza. Uhartetxoa Bidasoaren ibai bokalean kokatua da, bi estatu arrotzen arteko sasi-muga inposatuz. Zuzendaria Asier Urbieta da eta Andoni de Carlos gidoigilea.
Iparra-Hegoaren zozketa
Hauek izan dira zenbaki sariztatuak: 1.171 (martxoaren 6an), 7.971 (martxoaren 7an) eta 1.392 (martxoaren 8an).
Pilotari urruñarren emaitzak.
Federazioaren Elite Pro binakako txapelketan, urruñarrek honako emaitzak erdietsi zituzten: Bixente Bideondo urruñarra eta Ducassou 40 - P. Larralde eta Iphar 23.
Adindunendako ekitaldiak
Hilaren 14an, ostegunarekin, mahai jokoak Posta gelan (14:00). Hilaren 15ean, ostiralarekin, pintxo prestaketa (14:30) eta gaualdia Zokoa auzoko aisialdi zentroan. Hilaren 16an, larunbatarekin, herriko merkatua, tailerrak eta animazioak. Hilaren 18an, astelehenarekin, lasaitze arratsaldea Postan (14:30). Hilaren 19an, asteartearekin, sukaldaritza saioa eta bazkari partekatua, Postan (10:00). Arratsaldean, bide prebentzio saioa (14:00). Hilaren 13an, asteazkenarekin, ibilaldia Angelun barna. Osora: 8 km, abiatzea Postan (14:00). Izena emateko: 07-64-62-55-14 edo 05-59-47-95-08.











