Gogoa hazi | 2024ko Martxoaren 21a
Norat doa eskola katolikoa?
Mikel Erramouspe
Berriki anitz aipatu da Pariseko Stanislas eskola eta okasione hortan, eskola pribatu eta publikoen auzia.
Hendaiako Jondoni Bixintxo kolegio eta eskolako Philippe Bancon eta Jérôme Gaillard zuzendariek, beren ikusmolde argi bezain baliosa agerrarazi dute La Croix egunkarian.
Horra bi hitzez zer dioten:
Urtea joan, urtea jin eskola "libro" deitzen zirenek eskola "pribatu" izena hartu dute. Euskal Herrian eskola katolikoak "écoles privées confessionnelles" izendatzen ditu administrazioak, ikastola sarea aldiz "Seaska". Bi sare hauek lege beraren pean direlarik: "écoles privées sous contrat".
Bada nahastekoa! Pribatu hitz horrek nolazpait eskolaren egiazko nortasuna ezeztatzen du. Ezen pribatu hitzak, interes partikularra adierazten baitu: aberatsen eskola, jendea berexteko eskola... erran nahi baita eskola katolikoa ez dena bere egitura eta xedetan.
Eskola katolikoa ez da eskola pribatua.
Frantziako eskola katolikoaren araudiek hauxe diote: "Jesus Kristoren galdeginaren arabera, jende guzieri eta presuna bakotxari idekia da nehor berexi gabe... gizarteari zerbitzu publiko bat eskaintzeko...".
Argiago ez ditaike izan. Gainera eskola katolikoak burasoekin daukan harremana ez da hitzarmenarena bainan bai "aliantza" batena. Ez da gauza bera. Bakotxaren eskubide eta betebeharrak finkatzen ditu hitzarmen batek, aldiz aliantza batean bi parteak ados dira arriskuak elgarrekin hartzeko eta partekatzeko. Aliantza edo batasun hitz horiek ez direa Jainkoak gurekin sortu nahi duen harremanaren parekoak?
Hortako da "pribatu" hitz hori ez holako harremaneri batere doakiona. Xuxen laikoena da "école catholique associative" edo "elkarrekilako eskola katolikoa" deitzea, legez hala baita eta untsa adierazteko ez dela dirua irabazteko bainan gizartearen zerbitzuko izaiteko edo berdin kategoria bereko jendeen biltzeko. Familiekin batean eskuz esku egunez egun lantzen dena. Elkarrekin elkarte baten barnean lan eginez baitira denak zinez engaiatzen.
Milesker Philippe Bancon eta Jérôme Gaillard horiek guziak oroitarazirik.










