Orotarik | 2024ko Martxoaren 21a
Kukumarro: Jaun biro
Xarles Videgain
Egun urdeaz egiten den janari berezi batez politeziaz mintzatuko gara. Egia erran, urde-odolaz eginik ere delako janaria, erlisionearekin eta gizatasunarekin lotura baduela ikusiko dugu.
Alabaina, gastronomia aipatu behar dut nahiz behar bada modatik kanpo den delako janaria, kolesterol frango ekartzen duelakoan edo seguruenik, urdea ez baita kasik etxean hiltzen. Tripota edo odolkia zer den badakigu, lukainkak ez du sekreturik. Urdearen heste mehe ala heste lodi ez da gauza bera eta gure aitzinekoek kasu egiten zuten, heste mehean lukainka egiten baitzen, aldiz heste lodian tripota. Hainbestetaraino non bi heste horiek deitzen ahal baitira odolki-heste eta lukainka-heste besterik gabe. Gizonaz edo emazteaz mintzo delarik ez da halakorik aipatzen, arima salbu eta nahiz denek entzun dugun gizonak izigarri egite baduela urdearekin, anatomian bederen.
Baina lukainkaz eta tripotaz gain, hesteetan bada beste parte bat, itsu dena, latinezko coecum hitzak adierazten duen bezala. Sakela handia bezalakoa da, eta aterabiderik ez dauka. Haren barnean egiten ahal da edo egiten zen tripot berezia, handia, lodia, pisua. "Jaunbiro" deitzen da leku frangotan. Mixel Oronos adiskideak Baigorrin "jaunbiro" edo "ganbiro" entzuten zuela erran zidan. Zergatik ote "jaun"? Zutik eta tente egoiten delako? Beste usaiako tripotak aldiz etzanik daudelako, ez badira txilintxau atxikitzen? Gehiago dena, Bizkai aldean, "jauna" ez baina "Jaungoikoa" izena du, hots "Jinkoa", edota "Aita Lope". Baiona inguruan gaskoiez "lu Bun Diu" deitzen dute, beraz hura ere "Jinko ona". Edota "lu birgou", "birou", beraz gure "jaun biro" bezalako izena darabilaten frantsesez halakorik ez dut ezagutzen salbu Lyon inguruan "le Jésus" baina ontsalaz ez da arras gauza bera: zozizon mota bat da. Katalanez aldiz "bispo" deitzen da, "apezpikua". Iduri luke bispo edo apezpiku hori mehe ez daitekeela izan baina urineztatua eta gantzutua izaten dela, goi mailako elizako kargudun bati zor zaion errespetuak manatzen duen bezala.
"Jauna", "Jaingoikoa", "bispo" izanez halako batasuna erakusten dute izen horiek tripot hura norbait balitz bezala, norbait eta ez nornahi. Espainolez ere erlisioneko hitza, "sacramento" entzun dezakezu ostatuetan hura manatzen baldin baduzu.
Ene iduriko, dudarik gabe, tripot handi hura erlijioarekin lotua izatea ez da arrazoirik gabekoa. Haragia jatea, Bibliatik hasirik, luzaz debekatua izan da. Emeki emeki Jainkoak eta erlisioneek onartu dute haragia jatea, bederen zonbait animaliaren haragia, eta animalia hiltzeko moldea arautua izan da ximenki, bereziki odolaz zer egin behar den zehaztu, kristau munduan, juduen eta musulmanen munduan ageri baita sakrifikatzeko moldea ez dela bera. Alde horretatik, urdakia jatea, delako tripot mota edo Jainko hau jatea ez dezakete onartu juduek eta musulmanek. Nago ez ote zaio horrengatik giristinoen erlisionezko hitza ematen tripot handiari.
Ez nagoke azken gauza bat erran gabe. Pagolan ezagutu dudan Caset andere jakintsuak ondoko gertakaria aiaptu zidan. Egun batez etxera sartzen ari zela, "etxekandre" batek bidean ikusi zituen jende batzuk (ez dut erraiten ahal buhameak ala beste motatakoak ziren). Beti ere haia haia ari ziren joaiten eskapi bezala. Halere, andere horrekin buruz-buru ediren zutelarik, gelditu ziren haren agurtzeko eta erran zioten: "Egun hun, anderea, sainduak gurekin hartu ditugu baina Jinko huna zure etxean utzi dizugu". Eta abiatu ziren. Etxean sartu bezain laster etxekanderea fite ohartu zen zer erran nahi izan zioten. Etxeko tripot guziak hartu zituzten ebasleek eta delako jaun biro edo jainko hura baizik ez zioten utzi. Katoliko onak izan zitezkeen ebasleak baina frogatu zuten sainduak nahiago zituztela jainkoa baino.
Egia erran jaun biroa jan dutenek diote ez zela beste tripotak bezala luzaz begiratzen eta ez zela hain fin. Non ikusten baita ebaslea izaten ahal dela kortes eta politeziaz betea, bai eta ere mokofin. Istorio hori ezagutzen du Marie Cosnay idazleak, gaskoiez, familiari entzuna baitio Sabres inguruan Landesetan. Istorio horiek badute trufa-aire. Baina oro har, eta ez da trufatzekoa, erlisioneak mintzairan izaten ahal duen pisu handia erakusten dute izen horiek, nik uste, jaun ala jinko ala apezpiku izan. Erran gabe doa emazte izenik ez dudala sekulan entzuten.















