Herriz Herri - Baiona (L) | 2024ko Martxoaren 21a
"Bi garai, bi begirada" - Erresistentziako emazteen eskultura - Korrikaren heltzea - Baionan kantuz - Xigar feria
"Bi garai, bi begirada"
Bernard Jourdain eta Daniel Velez-en erakusketa Pontrique karrikan kokatua den Corsaire gunean ikusgai da, martxoaren 23a arte.
Bernard Jourdain 1954an Deux Sèvres departamenduan sortua, 17 urtetik huna argazkilaritzaren artea lantzen ari da, argazki humanistak ditu ezaugarri, bizitzaren momentuaren lekuko direnak. Daniel Velez 1938an Donibane Lohizunen sortua, bere aitarengandik argazkilaritza ikasi zuen. Prentsa munduan ezagutua, irudiaren etengabeko bilaketak bere garaiko lekuko pribilegiatu bihurtzen du.
Erresistentziako emazteen eskultura
Bask'elles kolektiboak, partaide batzuekin diru bilketa abiatu du, hiriko emazte erresistenteak espazio publikoan agertzeko. Angeluko Virginie Cétaire, Pulpykiss izengoitiarekin ezagutua, da obraren egilea. Eskulturarentzat 119.000 euro atzeman behar direla eta, diru-kanpaina hasi berri da. Aviron Bayonnais errugbi klubak, apirilaren 18an, Jean-Dauger zelaian, egitasmoaren alde afaria antolatzen du.
Korrikaren heltzea
Denek gogoan badugu ere, hobe oroitaraztea igande huntan Korrikaren 23. edizioa Baionan bururatuko dela. Egun osoan kontzertu eta animazio desberdinak aurreikusiak dira. Laugarren aldia da Lapurdiko herrira heltzen dela (1991n, 2001ean eta 2013an).
Baionan Kantuz: Korrika bezperan
Korrikaren heltzea dela, Baionan Kantuz-ek bezperan, Euskal Museo aitzinean, euskararen gorazarre dituen kantuen xaramelatzera gomita zabaltzen du. Biharamunerako bizkarrekoak salgai izanen dira.
Xingar ferian parte hartzeko
Aurten xingar feria apirilaren 4an hasiko da, 7a arte iraunen duena. Usaian bezala lehen egunean xingar lehiaketa iraganen da. Parte hartu nahi dutenek Herriko Etxean (05-59-59-21-81) izena oraindanik eman behar dute. Jaz 23 ekoizleren xingarrak lehian ziren, bi urtez segidan Marcel Hualde aldudarrak irabazi zuen.
Baionako bestentzat animazioa
Aurten usaian baino goizago hasiko dira, uztailaren 10etik 14a arte iraganen dute. Parte hartu nahi duten kantari, musikari eta animazio taldeek beren hautagaitza pausatu behar dute bayonne.fr webgunean.











