Euskal diaspora | 2024ko Martxoaren 21a
Diasporan ere euskararen alde, Harro Herri 23. Korrika!
Joseba Etxarri
DIASPORA. Korrikak Euskal Herri osoa zeharkatzen duen bitartean, Diasporako euskaldun eta euskaltzaleak, urrunean ere, ez dira batere besoak gurutzaturik gelditu eta ohi duten gisan, hainbat Korrika Txiki eta ekitaldi-sorta antolatu dituzte munduan barrena euskara ardatz eta aldarri, partikularzki euskal etxeeri eta Etxepare Euskal Institutuak hainbat unibertsitatetan dituen euskara eskoleri loturik. Ez dugu hemen lekurik guzien aipatzeko, baina erran dezagun Pariseko Euskal Etxeak martxoaren 2an bidea irekirik, euskal etxe eta euskaltzale andana eder batek segitu duela, hitzorduak bereziki joan den asteburuan eginik (baina heldu diren egunetan segitzeko), Amerika iparreko Quebec-eko Montrealetik hego puntako Txileko Santiago edo Argentinako Necochearaino, konparazio; Europako Londres, Brusela, Parise...; Australiako Sydney, Asiako Tokio... Bakotxa bere herri eta herrialdean, euskara eta sentimentu euskaltzalea guzien biltzaile eta bategile, Harro Herri, tipi-tapa...
Ondoko argazkietan, hiru Korrika Txiki hiru kontinentetan: ezkerrean bertikalean Berlin Alemaniako Korrika, horizontalean goian, Mexiko Hiriko Korrika; eta hirugarren, Tokioko Korrika, hiru hiri horietako Euskal Etxe eta Etxepareren Irakurletzak deitzaile.
(argazkiak, Berlin, Mexiko Hiri eta Tokyoko Euskal Etxeak)











