Gure Hitza | 2024ko Martxoaren 21a
Ezinbesteko baldintza
Menane Oxandabaratz
Frantziako parlamentariek, martxoaren 4an, abortatzea onartzen duen lege konstituzionala 780 botorekin onartu dute, 72k kontra bozkatzen zutela. Lege berri horrek emazteari posibilitatea emaiten dio bere hautuz haurdunaldiaren gelditzea ala ez. Lehen aldia da munduan zehar estatu batek abortatzeko eskubidea konstituzioan markatu duela.
Nazioarteko mugimendu feministek, sindikatu eta alderdi politiko batzuk gertakaria historikotzat jo dute. Lege horrek emaztearen bizipen pertsonala aldatuko du, berak sentitzen duena egiteko bidea idekiko zaio.
Legeztatze onartzearen aipamena egin delarik, entzun da emazteek askatasuna lortu zutela. Askatasuna? Hitz horrek interpelatu nau. Ez ote da emazte eta gizonen arteko parekotasunerako bidea? Herritarren berdintasuna, balio konstituzionalean den printzipioa da. Herritarren Eskubideen Adierazpenaren 6. artikuluak dio: "Legea guzientzat berdina izan behar da. Egoera berdinean diren pertsonak berdin tratatu behar dira".
Adierazpen ofizialean argiki agertzen da pertsona guziak berdin kontsideratuak izan behar direla. Edozein klase sozialeko emazte ala gizon izan, edozein lurraldetan sortu ala bizi, denek libertate eta eskubide berdinak ukan behar ditugu.
Azken denbora hauetan entzuten da -edo gehiago aipatzen da- sexismoaren ondorioz espazio publikoan, komunikabideetan, kirolean eta lanbide-munduan, emazteek pairatu edo pairatzen dutena. Artista eta kazetari emazte batzuk publikoki berek jasan dutena kontatzen eta salatzen dute. Gizon publiko batzuen jarrera higuingarria plaza publikora eramana da. Emazte hauen lekukotasunari esker, agian beste emazte batzueri mintzatzeko indarra emanen zaie.
Emaztek ala gizonek eskubide berdinak ukan behar ditugu. Ez da baitezpada pertsonen artean gustu, iritzi politiko ala ezaugarri berdinak ukan behar ditugula, ez eta ondasun berdinak. Bakarrik denentzat legeen aplikazioa eta auzitegien erabakiak berdinak izan behar dira.
Azken denbora hauetan, berdintasunaren nozioa, hedabideetan, eztabaida politikoetan eta oro har populazioan solasgai da. Emeki emeki aitzinamenduak izan dira, adibidetzat politikan parekotasuna legeztatua izan da.
Joan den astean abortatzeko dretxoa frantses konstituzioan onartua izaiteak, emazte edota bikote batzueri hautatzeko posibilitatea eman zaie. Berdintasun politikoa, zibila eta soziala defendatzeko, arau berdinak aplikatu behar dira. Emazte eta gizonen artean, eskubide eta askatasun berdinak ukan ditzagun ezinbesteko baldintza da










