Ba ote dakixu? | 2024ko Martxoaren 21a
11-M (2/3)
Gilen Bacho
Martxoaren 11ko atentatuetatik martxoaren 14ko hauteskundeetara, gobernuak, eta lehenik Jose Maria Aznar presidenteak, eta Angel Acebes barne-ministroak, gezurrak hedatuko zituzten, ETAren ardura sekula ez baztertuz, ebidentzia guzien kontra, haien interes politikoak salbatzeko.
Alta, "ez zen dudarik"
Gobernuaren segurtamenak El Pais-eko arduraduna tronpatu zuen baina ere Euskadiko lehendakaria, Juan Jose Ibarretxe. Lehendakariak, goizeko 9etan eta eguerditan, ETAren ardura argiki aipatu zuen eta hitz azkarrekin kondenatu. Aznarren gobernuak, bere tesia defendatzeko, titadina, ETAk usu erabiltzen zuen zartagailua, poliziak atzeman zuela erran zuen baina, 2007ko auzian, Sanchez Manzano komisarioak, zartagailuak desaktibatu zituenak, gobernuari poliziak ez zuela sekula holakorik aipatu erran zuen (presio anitz ukanik ere kontrarioa erraiteko). Eguerditan, Arnaldo Otegik, ezker abertzaleko liderrak, hitza hartu zuen, ETA ez zela atentatu horren arduraduna eta, haren ustez, mugimendu islamista zela autorea errateko. Egiazki, poliziak jada tesia hori segitzen zuen, goizean lehen elementu zenbait, lotuak izaten ahal zirenak islamismo erradikalari, atzeman baitzituen. Javier Gomez Bermudez, 11-M-ko auziko jujearen arabera, eguerditan jada, "ez zen dudarik" terrorismo islamista zela arduraduna eta ez ETA. Baltasar Garzon, Audientzia Nazionaleko jujea, "arratsaldeko oren bat eta erditan, eta sustut hiruetan", poliziako aditu guziekin mintzatu zen, erranez "ez zela ETA" segurtamena bazuela, arrazoi anitzengatik: erabilia izan zen zartagailua ETAk ez zuen gehiago erabiltzen, terroristek erabili zuten furgonetak ez zuen matrikula faltsurik eta Otegik ETAren ardura argiki baztertu zuen. Aznarrek prentsako buruzagiak deitu zituelarik, elementu horiek jada ezagutzen zituen. Biharamunean oraino, martxoaren 12an, ostiral arratsaldean, Washingtonen, George W. Bush Estatu Batuetako presidenteak Espainiako enbaxadoreari galde hau egin zion: "Nor da, zure gobernuaren ustez, atentatuaren autorea?" Enbaxadoreak gobernuak ETA zela pentsatzen zuela ihardetsi zion baina Bush presidenteak hitz hauek ukan zituen: "Nire zerbitzuek pentsatzen dute ez direla horiek arduradunak baina beste batzuk".
Kalkulu zinikoa
Orduan, zertarako gobernuak gezurra hori hedatu zuen eta bere baitako gezurrean hetsi zen? Ostegunean, oraino alderdi sozialistako (PSOE) hautagaia zelarik, Jose Luis Rodriguez Zapaterok Aznar presidentea telefonoz ukan zuen eta dio "elkarrizketa hori ez zela errexa izan". Zapaterok Aznarri eskatu zion "alderdi politiko guziak elkartzea egunean berean", baina ez zuen onartu. Erran zion ere "orain igurikatzen (zuela) atentatu terrorista bat izan zela nehork ez zuela dudan ezarriko". Ber gauza eskatu zion alderdi popularreko hautagaiari, Mariano Rajoyri, baina ez zuen gehiagoko emaitzarik lortu. Zapateroren arabera, jada martxoaren 11n, "Alderdi Popularrak silogismo mota bat eraiki zuen: ETA baldin bazen, ezkerrarentzat kaltegarria izango zen, terrorismo islamista baldin bazen, gobernuarentzat zen kaltegarria izango." ETA baldin bazen, gobernuak pentsatzen zuen afera horrek bozak ekarriko zizkiola, ETAren (eta ezker abertzale munduaren) kontra borroka gogorra eramaten bazuen. Terrorismo islamista baldin bazen, gobernuak bozak galduko zituela pentsatzen zuen, jendeek, bistan da, lotura egingo baitzuten Irakeko gerlarekin, zeinean Espainiak Amerikar Estatu Batuetako eta Erresuma Batuko interbentzio militarra sostengatu baitzuen ("Azoreako argazkiak", Bush, Blair eta Aznarekin, zuen aliantza hori sinbolizatu). Baina herritarrek kalkulu ziniko hori fite ulertu zuten eta lehenik karriketan eta bigarrenik hautestontzietan azkarki mobilizatuko ziren.











