Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2024ko Martxoaren 21a
Hiribehere Sokorrondo - Hondakindegia hetsia - Mintzaldia - Kantaldia - Pilota lehiaketa - San Frantses kolegioa 100 urte
Hiribehere Sokorrondo
Hiribehere Sokorrondo auzo batzordearen aldi zen bere biltzarra egiteko, joan den ortzegunean Gaztelondoan 22 pertsona bildu dira. Nicole Mouesca hautetsi erreferenteak eta Katia Drieux lehendakariak dute dena kudeatu. Biltzarra aspaldian izan duen luzeenetarik, bi oren eta erdi iraun baitu. Oroitarazia izan da hastapenean auzo batzordearen funtzioa eta zergatia. Sokorrondotik indarrean zazpi lagun etorriak ziren oroitarazteko alderdi hori doi bat ahantzia dela. Alde hortan hogei eta hamar bat bizitegi dira. Bideen estatu txarrengatik, euriko uren bideratze makurrengatik, telefono leku eta harien moldeak ikusiz eta Internetek erakusten dituen hutsengatik doi bat kexu ibili dira. Salatu ere dute tokiko zalditegi zentrora doan bide hertsietan, Milafrangako bidean auto eta kamioiek darabilten abiadura ezin sinetsiaz, haurrek eskolako bidea hartu behar dutelarik arrisku handia baitute. Hautetsiak hitzeman du eskaera guziak Herriko Etxera eta beste erakundeeri helaraztea. Mediateka berria doi bat aipatu bada, Hiribehereko karrikaren bigarren partearen antolaketak hartu du aipaldi. Haltya zolan Leihorrondoko bide junta hortan beti istripu dago, arriskutsua auto eta kamioien abiadurengatik. Egia da hasieran pentsatu borobilgunea egiten balitz gauzak hobeki konpondu laitezkeela, bainan pribatu batek lur zati bat saldu nahi ezean hori ez da oraino eraikiko. Halere aurten ikusiko ditugu lan batzu aitzinatzen, lehen partean bezala kontutan atxikiz bizikletadun eta oinezkoen ibilbideak. Aparkaleku eskasen gaia ere etorri da, nahiz zonbait jenderekin ez den garbi ageri nun den interes pribatuen eta publikoen muga. Hurrengo biltzarra maiatz hondarreko finkatua da.
Hondakindegia hetsia
Uztaritzeko hondakindegia osoki hetsia egonen da apirilaren lehenetik 12a arte, obra batzuentzat. Itsasukoa eta Zuraidekoa baliatzen ahalko dira, hauek idekiak izanen dira beren ohidurazko tenoretarik aparte jendea errezebitzeko obra horien denboran, adibidez Itsasun astelehen eta ortzirale (9:00-12:00) eta Zuraiden(9:00-14:00). Kontutan hartzekoa.
Mintzaldia
Ur Begik antolatu mintzaldiek segitzen dutela, hirugarrena ortzirale huntan iraganen da, 22an, Lapurdi gelan (18:30). Hunen gaia: pastoralismoa euskal mendietan. Mendia xoragarria da askoren begientzat, bainan nor ohartzen edo axolatzen da mendiaren biziaz eta biziarazten dutenez. Mendiak hiru aberastasun emaiten dizkigu: oihangintza, turismoa eta bereziki artzaintza. Mendia gure altxorra da eta menditarrek bizi behar dute. Gai hori aipatuko digu Jacques Barreix Zuberoko sindikatuaren lehendakariak frantsesez eginen duen
mintzaldian. Ongi etorri deneri.
Kantaldi
A Funtana (iturria) izeneko Korsikako emazte hirukoteak, larunbat huntan, 23an, Arruntzako elizan kantaldia eskainiko du (20:30). Kantua, musika eta Korsika maitez lan hortan hasiak dira, dirudienez iturri baten ondoan. Emanen dituzte polifonian nahas-mahas elizako eta tradiziozko kantuak. Sartzea 10 euro eta urririk 12 urtez pekoentzat. Ongi etorri deneri.
Pilota lehiaketa
Heraitzeko eskolako burasoen elkarteak pilota lehiaketa antolatzen du Heraitzeko plazan, palantxaz pilota urdinekin. Lehiaketa hori ez da egin Covidaren garaiaz geroztik. Bi maila izanen dira gizonentzat eta bat emazteentzat. Parte hartzeko izenak eman behar dira berantenaz martxoaren 22ko helbide huntara: herauritz.tournoispelote.fr. Ekipa bakotxari 20 euro galdegina da. Lehen partidak apirilaren lehenean hasiko dira. Finalak jokatzea pentsatua da ekainean eskolaren besta egunean.
San Frantses kolegioak 100 urte
Urte luzetan seminarioa deitua izan da, apezgai gazteen lehen formakuntzak hor egiten baitziren. Orain kristau kolegioaren tokia da. Apirilaren 14an igandez ospatuko ditu bere 100 urteak eraikitzen hasirik, egun osoan iraganen den egitarau aberats batekin. Oraindik eguna atxik daiteke, gehiago argitasun heldu den astean edo bestean egitarau hortaz.
Ganer huste
Bi ganer huste izanen dira heldu den igande huntan egun osoan. Lehena Lagunekin elkarteak antolaturik Heraitzen Auzobaita gelan eta bigarrena Angeluko ''La tribu des lutins'' elkarteak antolaturik San Josep lizeoan.











