Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2024ko Martxoaren 21a
Korrika Ttipi - Aihertarrak eta antzuolarrak Seguran - Kartak, jokoak, kruxpetak eta matahamiak
Korrika Ttipi
Bazen mugimendu joan den ostegun goizean Aiherrako plaza inguruan, musikari erantzunez, eta "ttipi ttapa korrika" oihukatuz, AEKren banderola gibeletik haur andana lasterka bazabilan. Eskola giristinoko eta eskola publikoko haurrek eta erakasleek parte hartu dute, gogotik eta plazerekin euskararen alde, Korrika Ttipi deitu lasterkaldian. Haur guziak arras motibaturik pilota plazatik abiatu ziren, Denen Etxe aitzinean pasatuz, Elixaldea etxe multzora joanez, gero berriz plazara itzuliz.
Gauean Korrika handian eskola libroak, Herriko Etxeak, besta komiteak, Beltzuntze elkarteak eta Abarratia pilota batasunak parte hartu zuten, elkarrekin 2 kilometroak segurtatuz, giro arras onean. Biba zuek eta aupa Korrika!
Aihertarrak eta antzuolarrak Seguran
Aiherra eta Antzuolaren arteko parekatzea 1984an hasirik, aurten 40 urteak ospatzen ditugu. Gutienez 3 ekitaldi programaturik, joan den igandean aihertar eta antzuolar multxo batek lehenean parte hartu zuen. Hogeita hamar bat lagun bildu dira Seguran (Gipuzkoa), urte guziz Segurako eta Urruñako elkarteek antolatzen duten "Ipar-hegoa" elkarretaratzearen kari. Bestalde, Segura herritik iragaiten da Aiherratik Antzuolarretako "Mugak zubi" oinezko ibilbidea, arrazoi bat gehiago Seguran antolatu bestan parte hartzeko.
Herriaren itzulia eta bisita eginik, bi herrietakoak herri barnean duela urte parrasta landatu zuten gereziondo azpian, urruñar eta Segurakoekin betan bildu dira, mintzaldien ondotik Aiherrako Ramuntxo Christyk eta Antzuolako Aitzol Iturbe-Beriztainen bertsoak kantatzeko. Ondotik denek Kuxkuxtu txarangak alaitu bazkarian umore onean parte hartu dute. Ondoko hitzordua apirilaren 13an, Antzuolan, larunbatarekin. Autobusean joanen dira aihertarrak, oroit orain beretik! Xehetasunak geroxago.
Kartak, jokoak, kruxpetak eta matahamiak
Martxoaren 26an arratsalde goxoa iragan behar lukete Denen Etxeko gela ttipian, Goiti Aire elkarteko kideek. Nahi dutenek kartetan eta jokoetan parte hartuko dute lehenik (14:30) eta ondotik segituko dute (16:30) kruxpetak eta matahamiak jastatuz txokolatearekin, kafearekin edo dutearekin. Horra arratsalde goxo baten iragaiteko parada. Izenak aitzinetik eman behar baitziren, azken terrententzat, huna bi telefono zenbaki: Jean-Louis Duguine (06-73-48-91-45) edo Marie Jo Baum (06-79-93-65-15).











