Mundu zabalean | 2024ko Martxoaren 21a
Autonomia Korsikan
J.B.
Aspaldidanik galde egiten duten autonomia lortzeko puntuan ote dira korsikarrak? Hori adierazi nahi dute azken egun hauetan bildu diren Frantziako eta Korsikako agintariek. Duela bi urte abiatu den negoziaketa prozesuari bultzada eman dio joan den astean adostua izan den akordioak. Fase berri bat idekitzen da Frantses Konstituzioa aldatzeko eta hori egiaztatzen bada, Korsikako autonomiaren eskumenak zehaztuko dituen lege berria heldu den urtean aurkeztua izan behar litzateke. Perspektiba berri b
Akordio bat Korsikako autonomiarentzat
Bi urte hauetan Korsikako autonomiari bidea idekitzeko aitzinatu den Beauvauko prozesua deitzen den Korsikako eta Frantziako agintarien arteko negoziaketen etapa garrantzitsu bat iragan da joan den astean. Gérald Darmanin barne ministroa eta Korsikako hautetsi nagusien artean adostua izan baita frantses konstituzioan Korsikako autonomia integratzeko testua, Korsikako eta Frantziako hautetsiek bozkatu beharko dutena.
Aspaldiko ibilbide neketsua
Aspaldiko eskakizuna izanikan ere, Korsikako autonomiak, urrats erabakigarriak bizi izan ditu azken urteetan. 2014an, tokiko instituzioen hobekuntza eta frantses konstituzioan Korsikaren aipamen berezia ager dadin galdegin zuen Korsikako asanbladak. 2017an Korsikako abertzaleak nagusitu direnetik, hizkuntza eta lurra galtzerat ez uzteko erabaki azkarrak bai eta instituzio indartsuagoa behin baino gehiagotan plazaratu ditu hautetsi gehiengo azkar batek. Frantses gobernuaren ezetz borobila izan da, hainbat urtez, erantzun bakarra.
2022ko gertakari latzek dituzte frantses estatuko marra gorriak jauzaraziko. Yvan Colonna korsikar preso famatua Arles-ko presondegian eraila izan ondoren, sekulako oldarraldia Korsikan piztuko da. Gazteriaren berehalako ihardukitze azkarraren geldiarazteko, frantses barne ministroak, lehen aldikoz Korsikako autonomia aipatzen du, 2022ko martxoan eta konstituzioa aldatzeko negoziaketa ziklo bat abiarazten, bi urteko epea finkatuz. Anartean korsikarrak mobilizatzen dira eta 2022ko uztailaren 5ean Korsikako asanbladako hautetsiek, gehiengo handi batean, 63 deputatuetarik 46ek (%73), Korsikako autonomiaren alde bozkatzen dute, korsikarraren koofizialtasuna eta egoiliar estatusarekin batean. Horretarako beharrezkoa den konstituzioaren aldaketa ere aldarrikatzen dute.
Akordioaren lorpenak eta zalantzak
Finkatua zen bi urteko epea bururatzean, azken 15 egun hauetan frantses ministerioko Beauvau hotelean egin diren bi bilkuretan akordioa finkatua izan da, Frantziako eta Korsikako hautetsi nagusien artean. Adostu dena da Korsika agerraraztea konstituzio berrituan molde horretan: "hizkuntza eta kultura berezia ezagutzen duen uharteko komunitatea" baina ez da korsikarpopulurik aipatzen. Korsikarrek lurrari duten atxikimendu azkarra ere agertzen da. Korsikako errealitateari frantses legeak moldatzeko eskubidea ezagutzen da, aldiz otsaileko bilkuran aipatu zen autonomia normatiboa edo lege berezien idazteko eskubidea ez da oraino finkatua. Erabaki hori konstituzio aldaketa onartu ondotik, frantses lege batean zehaztua daiteke. Lur eta etxe galtze prozesuari buru egiteko egoiliar estatusa ez da onartua baina "bizitegi estatusa" edo "statut de résidence" delakoa aipatzen da, oraino zehaztu beharra dena. Azkenik, korsikarraren koofizialtasunaren ordez elebitasuna bizi publikoan agertzen da.
Ondoko urratsak
Ororen buru, aitzinamendu batzuk badira baina oraino gauza anitz zalantzan gelditzen dira. Preseski zoin dira ondoko urratsak? Martxoaren 11n Parisen adostu testua Korsikako Parlamentuan bozkatu beharko da. Frantziako Senatuan aldiz konstituzio aldaketa eztabaidatu behar lukete maiatzean eta adostuko den testua deputatueri presentatua izanen da Europako hauteskundeetarik landa. Hortik aitzina deputatu eta senatariak biltzen dituen Kongresua deitua izanen da, dena ongi baldin badoa, udazkenean. Parlamentarien hamarretarik seiek beharko dute aldaketaren alde bozkatu testua onartua izaiteko. Hala balitz, Korsikako autonomiaren eskumenak, finantza bideak eta ahalmen legegilea zehaztu behar lukeen lege berri bat aurkeztua izanen da ondoko urtean. Hori baita azkenean autonomiari gorputza emanen diona.
Ohartzen zireten bezala, ez da oraino irabazia eta LR eskuineko alderdiak jakinarazi du botere legegilea duen autonomia normatiborik ez duela onartuko.
Perspektiba berri bat Euskal Herriarentzat?
Eztabaida guzi horien gainetik, ikusten dugu ezinezkoa zen frantses konstituzioaren aldaketa lortu daitekeela eta perspektiba berri bat idekitzen duela, ba korsikarrentzat lehenik, baina bai eta ere Frantzian dauden beste populuentzat. Hala nola, Paul Molac Bretainiako deputatu eta hizkuntza gutituen defendatzaile sutsuarentzat autonomia proiektu horrekin Frantzia inguruko beste herrien heinean jartzen da, eskualdeeri botere arautzaile eta legegilea eskainiz. Bretainiako Eskualdearen presidentea den Loïg Chesnais Girard-ek jadanik joan den buruilean, Bretainiako kontseilari gehienekin, Bretainiako autonomia proiektua aztertzea galdegin zion frantses gobernuari. Alsazian ere eskumen gehiago eskatzen dituzte. Zergatik ez Ipar Euskal Herriarentzat?











