Gogoa hazi | 2024ko Martxoaren 28a

Ogia (amarena!)

Johanes Bordazahar

Telebistako erreportaietan ikusi dituzkezue, etxe hondakin porroskatuen artean, ahal den bezala, palestinar amatxi bat edo ama zenbait, haur elemenia batez inguratua, ogia egiten, su ilaun ttar baten gainean. Sarraski, tiroketa, erailketa, sarekada, latzikara, aiherkunde, mendeku, irain, kalapita, traizio... leherketa eta garrasi guzien artetik lanean. Hona hor ama ogi-egileek gerlari ematen dioten erantzuna. Bizi indarra obratzen ari, umilki, heriotzaren indar krudel, itsuaren aurka, gerla gorrian bertan. Kanpo aldeko edo barneko zoko apal-isiletako beste emazteki guziak dira eguneroko heroiak. Israeldar sukaldeetako beste amak ere. Emazteki ber-berak ikusiko dituzu Afganistanen, Ukrainan, mundu zabaleko edozein zoko galduetan, ogia egiten... Miseria, gosea, izidura, prekarietatea uxatzen. Biziraupena egun batez bederen luzatzen... Ogia egiten eta partekatzen.

"Ama, ona da zure ogia!" eta lehen ahamenean, haurrari irriñoa loratuko zaio begian. Burua altxatu eta hatz-erdi batez handituko da. Bakearen ogia jan du. Bakea ogiarekin partekatzen delako. Harrigarria da nola oroimenean gelditzen zaizkigun haurtzaroko ogiarenak. Nola aitak labanarekin gurutzearen seinalea marrazten zuen ogi azalean, lehen xerra moztu aitzin. Gure kalapitak zeinek ukanen zuen ogi koskoa. Eta gu berantetsiak noiz hoztuko ziren amak labetik atera berritako opil goxoak. Tarte bat irekitzen badiogu historiari, ikasiko dugu garia edo ogi bihia "etxekotu" zutela Ekialde Hurbilean, Palestina eta Jordaniako inguruetan hain zuzen (Shubaykan). Hor, aurkitu dituzte duela 14.600 eta 11.600 urteko ogi mami porroskak. Egiptoar tenplu zaharretan ogi-egileen marrazkietan maizenik emaztekiak dira ikusten orea istikatzen (oratzen) eta opilak elkar banatzen.

Ogiak, amaren eskuetan, ez du erlisione jakinik, ez alderdi politikorik, ez arrazarik, soilik bizia. Gorputzari bezainbat bihotzari eta arimari ematen die hazkurri. Ongi begiratzen badiegu, ama horiek ogiarekin eskaintzen digute esperantza, bake bidea. Jendea jende dela diote, edozein izanik, erlisione guzien gainetik edo hobeki erran azpitik, erroetatik. Nonbait haurrari erran nahi diote: "Zure ttipian handia zara, sakratua, zure jitean bakezko haurra. Ghetto honetan diamante bat, nahiz sorbalda batean deabrua deramazun eta bestean aingerua. Norbait zara. Ez zernahi, ez nornahi. Gutarra zara. Ez lapin bat tirokatua izateko. Haurra, mundu honetan sortua zara kalitatez hain desberdina eta aldi berean beste haurren artean hain berdina, gorputzez eta arimaz. Beste haurrak bezala aparteko promesen jabe gutartera jina. Zu, umetxo, hoberenarekin dohatua eta zure hoberenera deitua. Handitzera zoaz, haurridetasunean, aniztasun mugagabean."

Ama horiek zer ogi puskak! Ogiaren onak badu bihotzetik, bihotzeko urretik. Uzta bil balezate ereiten dutenaren arabera! Ohidurak nahi du, benedikazioa edo esker onezko hitza ogiaren gainetik eskaintzen duela emaileak: "on dagizula" bezalako hitzak gehituz. "Intxala!" (Jainkoak nahi badu!) etorriko zaio erantzuna. Otoitz formalak, alferrak, higatuak? Baina, horrelako hitzek sustatzen gaituzte ala ahultzen? Bi pertsonak elkarrekin handiarazten, naski. Hitzak eta ogiak, biek haztengaituztelako.

Kristauek beren oinarrizko ospakizunaren muin-muinean ezarria dute jendetasunezko erritu sakratu hau. Eukaristia, esker-ona, ogiaren partekatzea: Berak, saldu zutenean, eta bere gogoz gurutzera zoala, ogia hartu-eta, eskerrak emanez, benedikatu zuen, zatitu eta dizipulueri eman: "Har ezazue eta jan guziek huntarik..."

Eta, gu ere hemen, aitaren etxean, beti gaude amaren ogiaz gose.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3731. zbk

Gure Hitza | 2024/03/28

Euskara dantzatuko

Peio Jorajuria

Korrika genuen aktualitate gorrian azken egun hauetan. Zer burrunba hamar bat egunez Euskal Herri osoan! Soberakina, euskararentzat amodiorik ez dutenentzat. Atsegina, euskararen maitale guzientzat. Euskaltzaleek, nork bere xokoan, harrotasun handiz bete dituzte euskararen alderako urratsak, aurtengo "Harro Herri" leloa suharki oihukatuz. Eta gar bera ezagutu dute Korrika Ttiki guziek, haur eta gaztetxoen oihu loriatuen pean, bai eta euskal diasporan ere arrakastaz bete diren urratsek.

Gipuzkoako bigarren hiri jendetsuenetik egin da abiatzea, Irundik. 63.000 biztanle nonbait han ditu Irunek. Biztanle kopuru ederra, baina euskal hiztunen kopurua askoz mendreagoa du. Euskararen alderako nahikaria haatik oso kementsua duela erakutsi du Korrikaren abiatzean, Irungo plaza nagusia jendez mukuru zegoela, dena kolore. Eta zer emozioa Irundik Hendaiarakoan Santiago zubia zeharkatu delarik ikurrin tunelaren pean! Zubia, eta beraz muga,...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016