Azalekoa | 2025eko Apirilaren 17a
Ipar Euskal Herriko kultur agendaren ikuspegi orokorra
A.E.
Euskal Kultur Erakundeak (EKE), egunero Ipar Euskal Herriko euskal kulturaren agenda osatzen du. Aurtengo otsailean, EKE-ren webgunean 2024an agertu gertakarien sintesia estatistiko laburra atera da, Jakes Larre transmisio eta komunikazio poloko egitasmoen koordinatzaileak agerturik. Sintesia hurbilagotik begiratzera joan gira.
Euskal Kultur Erakundea
Euskal Kultur Erakundea 1990ean sortu zen. Ipar Euskal Herriko kultura elkarteek bultzaturik eta orduetako erakunde publikoek lagundurik. Gaur egun Estatua, Akitania Berria, Departamendua eta Euskal Elkargoa partaide dira.
EKE-ren helburu nagusia da elkarteak diruz laguntzea ikusgarri batzuen muntatzeko, gogoetak bultzatzea, agenda osatzea... 220 bat elkarte kide dira (kantugintza, antzerkia, bertsolaritza, dantza, literatura... arlokoak).
Euskal Kultur Erakundearen funtzioa da Ipar Euskal Herriko elkarteak laguntzea.
Urteko kultur ekitaldiei buruzko ikuspegi orokorra badu, Jakes Larrek iazkoa sintesia estatistiko labur baten bidez agertu duena.
2024ko agenda
Sintesian iaz 1.947 gertakariren datak argitaratuak izan dira, horietan 1.569 Ipar Euskal Herriko hiru probintzietakoak. Beste datak Hego Euskal Herriko edo Euskal Herritik kanpokoak izan dira.
2023 eta 2024ko datuak berdintsuak agertu dira. Gertakari motei dagokienez, zinema/bideo ekitaldiek gorakada handia egin dute, ikuskizunek gorakada ttipia eta animazioek behera egin dute. Urtean zehar egin daten banaketari dagokionez, hilabetez hilabete iduri du ekitaldien kopurua aski orekatua egoten dela, 100 eta 150 ekitaldi artean zerrendatzen dira.
Gertakari motak
Kontzertuei buruzko informazio gehien zabaldua izan da EKEren agendan, %34,80ekin. Ondotik ikuskizunak (%12,56), horietan antzerkia (%53,8), dantza (%29,9) eta bestelakoak (%16,2). Hitzaldiak (%10,82), zinema-bideoa (%9,62), animazioak (%8,54) eta festibala baita ekitaldiak (%7,33) kopuru berdintsuan aipatu dira. Erakusketak (%4,78), gertakari erritualak (%4,65), ikastaroak (%3,33) eta bertso saioak (%3,08) sailkapenaren bukaeran kokatzen dira.
Datak urtean zehar
Urtean zehar, gertakari daten kopuru altuena maiatzean izan da 150 gertakarirekin, ekaina, uztaila eta azaroa hurbil direla 150 gertakarietatik doi bat beherago. Otsaila, martxoa, iraila eta abenduan gertakari doi bat gutiago izan da eta urtarrila, apirila, agorrila eta urrian izan dira hilabete apalenak. Iaz, hilabetero 100 gertakari baino gehiago aipatu dira, gehienik musika eta kantu arlokoak (%39,45), guttienik euskara arlokoak izan direlarik (%3,19).
Daten banaketa zonaldeen arabera
Ipar Euskal Herriko ekitaldien daten banaketa handiena kostaldean izan da (%44,4), ondotik barnealdean (%27,4) eta azkenik "erdigunean" (%28,2) deitu zonaldean, hau da kostaldea eta barnealdearen arteko eremuan.
Eremuei dagokienez, hego Lapurdin data gehien proposatuak izan dira, ondotik euskal kostaldea-Aturrin, Errobin, Garazi-Baigorrin, Xiberoan, Hazparneko lurraldean, Iholdi-Oztibarren, Amikuzen, Errobi-Aturrin eta Bidaxuneko lurraldean.
2024an agertu gertakarien sintesia estatistiko laburra www.eke.eus webgunean atzeman daiteke.











