Orotarik | 2025eko Apirilaren 17a

Kukumarro

Xarles Videgain

Sakela

Arropetan sosen edo diruaren sartzeko sakola baduzu, sakola, zarpa edo patrika. Sos anitz edo guti izanki ere, hitz bat beraz gure sakolaz.

Sakela edo sakola, ororen buru, latinetik heldu da: SACCUS baita bainan frantsesetik iraganik, "sac" hitzak gure zakua eman baitu eta bazen lehenik frantsesez zaku ttipia "saquel" edo "sachel", "sachet" deitzen zena. "Saquel"-etik sakel eta sakela. Nik uste sakela bat diogu eta ez sakel bat. Lehenik zakua zen oihal arrunta, gero oihal arrunt hartan egin arropa eta gero zerbaiten atxikitzeko boltsa. Sakela zaku bezalako zerbait da, ttipiagoa eta beraz gauza ttipiak atxikitzen ditu arropa batean. Izan da denboran sakela bat lepo inguruan ezartzen zena eta haren barnean dirua bazekarren jendeak. Isil sakela ere deitzen da, ez bada ikusten, barnean bada.

Bizkaieraz estomaka "sakela" dei daiteke, egia erran estomaka zaku bat baita nahi bada. Bizkitartean, medikuari ez zaio erraten "sakelan min dut", urdaila du izena edo estomaka. Hurbil den hitza bekan baizik ez da entzuten: "saka" da halako sare berezia, arrainen harrapatzekoa, zakuak bezala aho handia baitu. Eta nahiz arrain, xipa, xarbo, lolo, edo... gure Pelo hasi zen arrainka, sakekin miaka. Pilotan sakea egiten da, eta musean zaku zara. Eta zakua aipatuz gero ohar gaitezen zakutik edo zorrotik erraiten dela. Biesak eta alportxak bazter utzirik.

Mintzatzeko manera anitz badira sakela hitzaren ingurukoak eta egite dute ondoko mintzairazkoekin.

Eskuak sakelan egon diogu norbait alfer delakoan. Sakola xilo diogu norbaitek pobre delarik zilo bat balu bezala sakola betatxatu gabe. Are pobreago sakelan deabrua du. Sosik ez bat ere.

Ez nuen ezagutzen beste aldean erraiten dena norbaitek sosa galtzen duelarik: "sakelatik alargundu da", edota "sakelatik zikiratu da". Zoaz ikustera alarguntzea eta zikiratzea gauza bera den. Beti ere sos guti dakarke. Haatik bitxi da hala ere Oihenarten atsotitz batean alarguna eta zikiratzea elkarrekin agertzea: Emaztearen gaitzez zikira zedina adarreki ehortz zedin; hots emazteari plaxent izaiteko zikiratu zena adarrekin ehortzi zen.

Sakolatik urrundu gara. Bada ere Emile Larrek zioena: norbaitek sosa ez duelarik aise eman nahi, elorri beltz xistadunez beteak ditu sakelak. Ziztatzen bazaitu eskua sakelan sartzeak, ez da harritzekoa sosik ez ematea.

Kolpe txar bat egiten delarik norbaiten kontra, tronpatzen delarik, erraiten da sakolan sartzea bainan ere sakelan dut, zerbait biziki ongi aterako zaidala segur balin banaiz. Hori sakelan dut. Batzuek diote ere sakela bero dela, kasik gauza bera da: sos frango ekarriko didan balentria batez erran nezake, sakela bero.

Norberak bere sakelatik pagatu duela bistan den gauza. Etxahunek ere sakela, sakola, eta dirua lotzen ditu. Ofizialenak deitu kantuan oihanzainez eta guardez trufatzen da erranez sakola fartzitzen zeitze eta ihesiren tie postak, erran nahi baita, sakelan sos puska ezartzen balin bazaie, lanean atxiki behar dituzten postak ez dituztela zainduko.

Horra sakela. Aldiz Hegoaldean euskaldunek gehienik derabilaten hitza "patrika" da. Patrika bete edo huts. Eta patrikatik ganibeta ere ateratzen da. Hots ez dela itsuki fidatu behar. Edo "begi luze eta patrika motz", bildu nahi zenukeela karioegi delarik zuretzat. Patrika hori espainoletik heldu bide da eta "faltriquera" da. Eta faltrikera mozarabierazko hitzetik etorri da, À¡'¸'¥aÀ¡'¹'­rikáyra: gauza tttipien uzteko lekua zen hatsarrean.

Sakela eta patrika erran gabe, kostaldean bereziki beste izen bat ezagutzen dugu, "zarpa". "Charpie" bada frantsesez eta "Carpere" latinez. Lehenik oihal zaharra urratzea eta tarrat egitea adierazten zuen, eskarpitzea.

Alabainan, xarpa edo zarpa lehenik, zakua bezala, oihal bat zen, oihal arrunta, higatua, piltzarra pilda. Jende zarpail da sakatrapua. Eta bestalde xarpa deitzen zen ardiei ezartzen zitzaien trapua ez zitezen ernari geldi. Iduriz sakela baino handiagoa zen zarpa, artzainek gatz zarpa baitzuten.

Frogarik ez dut baina uste izateko da zarpa hori lehenik oihal gaizto zena bilakatu dela gure egungo zarpa, hots oihal hartan egin sakela. Eta sakelaz bezala diogu: "Gose hamikatua naizelarik eta sos bat, ardit bat zarpan ez!". Horra beraz sakela, patrika eta zarpa hiruak ahalaz doi bat betetzekoak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2025/04/17

Haziak loratzen

Xiberoaz maitemindua

Haziak%20loratzen

Piarresen istorioa: nire autobiografia (2/2)

1940an preso hartu ninduten alemanek eta Alemaniako hegoaldeko atxilo-zelai batera eraman ninduten. Zelai hau deitzen zuten Stalag.

1942an, ihes egin nuen nire emazteak janari-paketeetan bidali zizkidan paper faltsuei esker. Seinalatzen zidan paperak zein paketetan kukutuak ziren euskarazko hitzei esker.

Alemanian eta Frantzian zehar ibili nintzen Parisetik pasatuz. Garai hartan, Frantzia muga batek bereizten zuen, bi eremutan partekatua zegoen: bata Okupatutako Eremua zen, bestea Eremu Librea eta bigarrenean alemanik ez zegoen.

"Ligne de démarcation" deitzen genuen Donapaleutik pasatzen zen muga hori.

Zoritxarrez, nire emaztearen argazkia atxiki nuen eta argazki horren gibelean "stalag" zenbakia zegoen.

Alemanek miatu eta atxilotu ondoren,atxilo-zelaira berriz bidali ninduten: 1.600km ibili eta gero, nire sorterritik 42 kilometrora atxilotua izan nintzen....

Irakurri segida

Orotarik | 2025/04/17

Haziak mintzo

Uztaritzeko Jondoni Bixintxo eskola

Haziak%20mintzo

Bigoudi pailazoaren bisita

Bigoudi pailazoa da. Gure eskolarat etorri da zirkoa irakasteko haur guzieri. Diaboloa, eskuketa eta txinatar azietak (pilotak, zapiak eta eraztunak) irakatsi dizkigu. Lehenik zaila zen, pistak oraindik zailak dira bainan aski untsa arribatzen gira hala ere. Bigoudik erakutsi dizkigu pilota ikusgarriak pilota bereziekin. Biziki azkarra da.

Ekilibristako bola eta rola bolaren gainean ibili gira: ez da nehor erori. Karparekin ariketa politak egin ditugu: oihala goititu dugu eta elgarrekin laxatuz haize aerostatoa egin zuen. Bigoudiren hitz bat entzunez, oihala hartu behar zen, barnean sartu itzuliz eta joan behar ginen barnerat karpa baten egiteko. Bestalde, Bigoudik soka bat itzularazi du eta gu pasatu behar ginen barnetik hunkitu gabe. Anitz entrenatu gira ikusgarriarentzat. Kasu Uztaritze, artistak heldu dira!

...

Irakurri segida

3782. zbk

Gure Hitza | 2025/04/17

Beste eredu ekonomiko bat posible da!

Menane Oxandabaratz

Joan den larunbatean, Eusko Eguna Ezpeletan iragan da. Egun horretan Eusko moneta ospatzeaz gain, tokiko beste eragile batzuen ezagutzeko parada izan da. Ipar Euskal Herriko ekonomia tokian berean bultzatzeko xedearekin sortu elkarteak, zirkuitu laburreko eragileak bildu ditu. Eusko moneta erabiliz, tokiko enplegua eta hurbileko merkataritza bultzatzen da.

Gisa horretako ekonomia garatzeko modeloa ez da berria. 1970eko hamarkadan, N. Georgescu, ekonomialari eta matematikari errumaniarrak, "bio-ekonomia" deitu kontzeptu berria sortu zuen, gaur egun bereziki "décroissant" izenburuarekin ezaguna. Jendarte zuzen eta hobe baten nahian, mugimendu batzuek alternatibak proposatzen dituzte, beren eguneroko bizitza aldatu dituztenak.

Ikuspegi hori, eredu politiko, ekonomiko eta sozial batean oinarritzen da, aberastasuna banatuz sozial berdintasuna lortzea. Helburu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016