Ba ote dakixu? | 2025eko Apirilaren 17a
Alemaniar kapitulazioa eta Aliatuen garaipena (2/5)
Gilen Bacho
1945eko urtarrilaren 12an, Armada Gorriak, eta lehenik Koniev militar buruzagiaren gizonek (Ukrainako lehen frontea), ofentsiba nagusia piztu zuen. Kasik bi orenez, sobietar artilleriak ikaragarriko erasoa eraman zuen, Armada Gorriko batailoi indartsuenak engaiatu aitzin. Eguerdiko, 10 kilometroz aitzinatu ziren. Konievek bere armada blindatuak hedatu zituen. Urtarrilaren 14an, frontea hautsia izan zen eta alemaniar 4. Panzer-Armada suntsitua. Ber egunean, Armada Gorriaren Bielorrusiako lehen fr
Alemaniar erresistentzia
Joukov jeneralaren gizonek Lodz-Poznango eta Varsovia-Bydgoszcz-Pilako bideak segitu zituzten, ber arrakastarekin. Otsailaren 2an, sobietarrak Oder ibaira heldu ziren eta Berlinetik bakarrik 65 kilometrotara ziren. 17 egunez, sobietar unitate zenbait 600 kilometroz aitzinatu ziren! Gainera, Armada Gorriaren galtzeak usaian baino ahulagoak izan ziren (43.000 hil eta 250.000 kolpatu halere). Alderantziz, alemaniarrek galtze handiak ukan zituzten. Ber mementoan (urtarrilaren 13tik goiti), sobietarrek (Tcherniakhovskiren tropek) Ekialdeko Prusiari buruz eraso egin zuten, Konigsberg-i buruz. Alemaniarren erresistentzia izigarri azkarra izan zen baina, azkenean, indargarrieri esker, otsailaren 2an, Armada Gorriak Wehrmachteko tropak inguratu zituzten (150.000 alemaniar Kant hirian harrapatuak izan ziren). Alemaniarrek indargarri ahaltsuak igorri zituzten Oder ibaia defendatzeko (partikulazki Lutwaffe aireko armadako hegazkinak) eta gotorleku indartsuak bazituzten sobietarren aitzinamendua trabatzeko. Stalinek ez zuen arriskurik hartu nahi izan bere indar guziak Berlin-i buruz igorri aitzin. Orduan, Oder ibaia zeharkatu ondoan, zubi-buru segurrak eta azkarrak finkatzea manatu zuen. Hilabete bateko setio izigarri gogor baten ondotik, sobietarrek Poznan hartu zuten otsailaren 23an. Alderantziz, Breslau, otsailaren 16tik goiti inguratua zena, ez zen hartua izan maiatzaren 6an baizik!
Ekialdeko Prusiaren konkista
Alemaniarren defentsa errabiatua ikusiz (martxoaren 8an, Hitlerrek gotorleku guzien unitateeri herioa arte borrokatzea manatu zuen), Konievek trabak saihestu zituen eta Joukoven armadarekin bat egin otsailaren 15ean. Elkarrekin, Goi Silesia konkistatu zuten martxoaren 15ean. Otsailaren 10ean, Rokossovski jeneralak bere ofentsiba piztu zuen, alemaniar lerro defentsa zilatu otsailaren 26an eta bere gizonekin Dantzig (nondik gerla hasi zen) hartu martxoaren 28an. Joukovek bere eraso nagusia martxoaren 1ean piztu zuen eta Stettin konkistatu martxoaren 21ean. Ofentsiba handia Königsberg-i buruz apirilaren 6an piztua izan zen. Artilleria eta aireko eraso indartsuen ondorioz, sobietarrek hiriaren errenditzea lortu zuten apirilaren 10ean eta Ekialdeko Prusia osoa konkistatu zuten, baina galtze anitzekin (126.000 hil sobietarrek, 200.000 aldiz alemaniarrek). Königsberg hiria (egun Kaliningrad) sutan ezarri zuten eta hondakin meta bilakarazi. Gerla gero eta lazgarriagoa bilakatu zen.











