Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Apirilaren 17a
Musean bi pare sailkatu - Arberoako merkatuan herritar ekoizleak - Oinezko ibilaldia - Freedon for Aiherra
Musean bi pare sailkatu
Frantses Federazioak antolatzen duen txapelketan, 6 pare baginituen Bastidako kantonamenduko finaletan parte hartzen zutenak, joan den igandean, eta hauetarik bi sailkatu dira gure herritik finalen egun nagusian parte hartzeko, beste 51 ekipekin betan, Pazko astelehenez, aurten Hiriburun: Xavier Aphal/Philippe Mongabure eta Yoan Dithurbide/Mikael Darquy. Orotara 52 parek parte hartuko dute, horietan hiru gure kantonamendu edo eskualdetik, lehenago aipatu aihertarrak, eta Patrick Martinon/Aymeric Sanglar bastidarrak. Hiriburun aterako diren txapeldunak Argentinara joanen dira heldu den urrian, munduko txapelketara. Xantza ona desiratzen diegu bereziki aihertar muslariei!
Larunbatean "12. Freedom for Aiherra" kontzertua
"Freedom for Aiherra" kontzertuaren 12. edizioa prestatzen ari dira gazteak, jo ta ke. Hastapenean Apairi auzoaldean edo gaineko plazan antolatu gaualdia orain herri barneko plazan eskaintzen dute, karpa handiaren azpian, tokia egokiagoa delakoan lekuaren eta aparkatzeko moldearen aldetik.
Duela zonbait aste kolore horia duten afixa ikus errezak ezarri bazituzten Iparraldeko pareta anitzetan, azken astean pankarta handien aldi, horrek erran nahi du gazteak pil-pilean ditugula. Alabaina hurbildua zaie kontzertu eguna, apirilaren 19an, hots larunbat arrats honetan iragan beharra dena.
5 talde ekarrarazten dituzte aurten, Dizkobolo, Sukena, Carrera Blanca, Hazas eta Marabiyak. Musikaldia edo kontzertua (21:00) tenorez hasiko da. Sartzea 13€. Ongi etorri deneri!
Arberoako merkatuan herritar ekoizleak
Ostiral guziz ekoizleen merkatua antolatzen baitute Izturitzeko Artetxea gelan, Herriko Etxeak oroitarazten du ekoizle guziak Arberoa aldekoak direla, hiruetarik bat Aiherrakoa izanki.
Ogia (Urko eta Amaia, Izturitze), barazkiak (Uhartia, Izturitze), ardi gasna (Xedarria, Aiherra), behi gasna eta desertak (Ezponda, Donoztiri), ardi esne jogurtak (Zabaltza, Donamartiri), eztia (Nina eta Xalbat, Donoztiri), oilaskoak (Ansobieta, Oragarre), ahuntz gasna (Isuribeherea, Aiherra), eta garagardoak (Eñaut, Aiherra) proposatuak dira.
Aldiro merkatua egitean, pintxo onak jastatzen ahal dira, eta hilabetean behin animazio bereziak badaude. Arrazoin bat gehiago merkatuan parte hartzeko.
Eskola publikoaren oinezko ibilaldia
Aiherra eta Izturitzeko eskola elebiduneko burasoek (Ape Biga Bat elkartea) jakinarazten dute, frantses hutsean idatzi pankarta baten bidez, oinezko ibilaldia antolatuko dutela, maiatzaren lehenean, ortzegunarekin, Aiherran. Abiatzea usaian bezala herriko plaza nagusitik eginen da, (8:00-9:30). Izena tokian berean emanen da 7:30etatik goiti.
Ongi etorri deneri!











