Herriz Herri - Banka (NB) | 2025eko Apirilaren 17a
Heriotze - Mus - Herritarren kontsulta
Heriotze
Biga ukan ditugu denbora labur barne:
Jacky Portier: Kattuliko nagusi xaharra, 69 urte zituen. Biziki zerbitzu emana zen. Ihizia ere maite zuen.
Jean-Léon Biscar: 84 urte zituen. Bixarreneko nagusi xaharra Baigorriko xahar etxean zendu da. 3 seme-alaba zituen. Gizon langilea, osagarria galdua zuen.
Bi heriotze hauentzat elizkizunak egin dira herriko elizan. Doluminak eskaintzen dizkiegu bi heriotzetako familieri.
Mus
Txapelketako sasoina bukatu da herritarrentzat. Euskal Herriko xapelgoarentzat, 3 pare sailkatu ziren Baxenabarreko finalentzat, Larzabalen. Falxa Mixel-Gainza Albert; Inchauspe-Etxekolanea; Ousset-Salabaras. Union Basquen: Juanicotena anaiak; Falxa Mixel-Albert Gainza; Bidart Maider-Urricariet Marie-Lucie. Bi txapelketentzat, final handia jokatzeko ez dute xantzarik ukan, jokoak adar makurrak ditu eta hori behar dugu onartu nahi balin badugu jostatzen segitu!
Herritarren kontsulta
Apirilaren 13an, Herriko Etxeak herritarrak kontsultatu ditu bi gaiendako:
- "Anabeltzanea eta Tunioren arteko bidea behin betikoz autoei debekatzearen alde zireztea?". Galdera horri, 103 bozka zaleetarik 88k bozkatu dute debekatzearen alde direla, eta 13k kontra. Bi boz xuri izan dira. Ondorioz, bide zati hori oinezkoei erreserbatua izanen zaie, eta antolaketa bat izanen da ondoko bideko maldan, autoak bi aldeetan errexki eta seguritatean ibiltzeko.
- "Pilota plazako murru handian freska tindatzeko dirulaguntza lortu baitu Herriko Etxeak, zoin gai ikusi nahiko zenukete marrazkiturik hor?" 54k erran dute "pilota", 40k, "bazterrak", 32k "artzaintza", 28k "kantua", 23k "ondarea", 18k "tolerantzia", 17k "elkartasuna", 16k "herriko pertsonalitate handiak", 14k "ihizia-arrantza-onddoak", 3k "bertsolaritza", 1ek "elkar bizitza", 1ek "fandagoa eta akordeoia". Boz bat izan da xuri. Hautu horien arabera ariko da, beraz, hautatua izanen den artista.
Herriko Etxeak eskertzen ditu herritar guziak beren ikusmoldea emanik.










