Gogoa hazi | 2025eko Apirilaren 17a

Bakea eta gerla

Maite Iratzoki

Biak lotuak dira, bat ez dabil bertzea gabe, aldiz ez dira sekulan elkarrekin ber denboran. Gerla egiten ote da bakea aurkitzeko edo bakea bi gerlen arteko denbora ote da? Historiak erakusten du bakea betiko nahia dela eta gatazkak beti eta beti itzultzen direla, nahi ala ez. "Inork ez du aukeratzen gerla gerlarentzat egitea" dio Aristote filosofo greziarrak; beraz bakea gerlaren helburua litzateke? Gerla ote da bakearen lortzeko bide bakarra edo bakeak gerla ezeztatzea ote du bere baitan?

Ukraina, Errusia, Sudan, Gaza, Israel, Rwanda, Kongo, Mali, Burkina Faso, Pakistan, Birmania... gerlan direnen herrien zerrenda hau ez da ez osoa ez hetsia.

Gerlak bi alderdiren arteko borroka adierazten du, gatazka bat konpontzeko armak erabiltzen dituztenak. Ez da gerlarik izan buruz-bururako liskarrik gabe, borrokarik gabe, biktimarik gabe, eta zuzeneko eta zeharkako hilen zenbaketa batekin bukatzeko erabakirik gabe. Gerla hasten da bertzea etsai deklaratzen denean eta "bertzea" etsai bilakatua delarik, borroka onartzen badu, erran nahi baita bere burua defenditzea erabakitzen badu. Gerla ez da gizonetik gizonerako harremana, estatutik estaturako harremana baizik, non pertsonak ez diren beren nahiz etsai.

Le Pélerin izeneko astekariak bi gizonen gogoetak zabaldu ditu, galde hunen ondotik: Gatazka armatu bateko presta daiteke, bakea bihurritu edo torpillatu gabe? Biak katolikoak, bat Pax Christi mugimenduan partaide eta bertzea armadako jenerala. Hunek onartzen du bakea gizartearen egoera normala dela, eta oroitarazten du bake orokorra eta behin betikoa sustatzen duten teoriak sortu direnean, mugagabeko gerlen aitzinetik izan direla. Herritarrak informatzea eta iritzi ñabarrak garatzen ikastea sostengatzen du, ez alde bat dena bake edo alde bat dena gerla. Gerla ez da izan behar etsaia deuseztatu nahi izatea, bainan armak uztea. Bigarren munduko gerlaren ondotik, interdependentzia bat sortzea izan da asmoa, eraso egiteko tentazioa murrizteko. Eta asmo horrek fruitu onak eman ditu.

Bortizkeria-eza edo indarkeriarik gabeko arma erabil daitekeela erraiten du François Vaillant filosofoak. Gerlaren izigarrikeriak salatzea ez da aski zerbait aldatzeko eta are gutiago geldiarazteko. Horrek ez du alternatibarik ekartzen gatazka baten konpontzeko. Aldiz indarkeria gabeko aktoreek ongi dakite bortizkeria badela, buruz-buru jartzen dira argitarat emateko eta salatzeko. Errealitate hori onartuz, ezeztatu gabe, konponbide ezberdina proposatzerat entseiatzen dira. Diplomaziak ere indarkeria kanpoko bide bat erabiltzen du. Kontua ez da batzuek galtzaile eta bertzeak garaile egitea. Goi mailako ontasun komun baten errealitaterat ereman nahi du, bat eta bertzea hobeki izan diten. Hortarako, lehenik egiaztatu behar da indarkeriak ez duela deusik konpontzen, baizik eta, alderantziz, etorkizuneko gatazka berri bat prestatzen ari dela.

Bortizkeria apaltzeko, bere influentzia eta garapena murrizteko, indarkeriarik gabeko ekintza erabil errexak badira, hala nola: sare sozialak uztea, bertako berriak egunean behin entzutea, mundu guziko berrieri idekitzea, indarkeria eta injustizia sortzen dituzten politiken herrien produktuak ez erostea,... Erresistentziarako entrenamendu bat da.

Bake garaia "izpirituak desarmatzeko" prestaketa da, Frantxua Aita Sainduak dioen bezala, buruargitasuna atxikiz eta justizia pratikatuz.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Gogoa hazi | 2025/04/17

Ardogintzan, Aberri Eguna, Montrealen dantzari, Arzallus eta Aire Ahizpak

MEXIKO HIRIA. Diasporan Aberri Eguna bereziki sendi eta bizi duten lekuetarik da Mexikoko Euskal Etxea. Bertakotu, sorlekua eta euskaltasuna ahantzi gabe, eta transmitituz. Hori dute erronka.
MEXIKO%20HIRIA.%20Diasporan%20Aberri%20Eguna%20bereziki%20sendi%20eta%20bizi%20duten%20lekuetarik%20da%20Mexikoko%20Euskal%20Etxea.%20Bertakotu_%20sorlekua%20eta%20euskaltasuna%20ahantzi%20gabe_%20eta%20transmitituz.%20Hori%20dute%20erronka.

HARRIAGUE ASTEA.

Apirilaren 10etik 14ra egin dute Uruguaiko Salto herrian Harriague Astea. Aurtengoa zazpigarrena, ardogintzako Pascual Harriague (1819-1894) aitzindari hazpandarra ohoratu eta harek utzi legatua aldarrikatu eta euskaldun gisa ere oroitzeko, ahaleginean partaide baita "Saltoko Euskaldunen Taldea" tokiko euskal etxea. Harriague hogei urte ere ez zituela joan zen Uruguaira eta 1840n Saltora, eta bertan sotoa sortu zuen, eta ardo enpresa handia. Tannat mahatsa, egun "Uruguaiko mahats nazional" gisa hartua dena sartu zuen herrialdean, besteak beste, egun Salto "Tannat-en sehaska" aldarrikatzen dute eta Harriague bera Uruguaiko Ardogintzan bidegile. Programan, hitzaldiak, dastatze eta erakusketak, bisitak... baita euskal haurridetasun bazkari handi bat ere.

ABERRI EGUNA.

Iragan larunbatean egin zuten Cañuelasen Denak Bat...

Irakurri segida

3782. zbk

Gure Hitza | 2025/04/17

Beste eredu ekonomiko bat posible da!

Menane Oxandabaratz

Joan den larunbatean, Eusko Eguna Ezpeletan iragan da. Egun horretan Eusko moneta ospatzeaz gain, tokiko beste eragile batzuen ezagutzeko parada izan da. Ipar Euskal Herriko ekonomia tokian berean bultzatzeko xedearekin sortu elkarteak, zirkuitu laburreko eragileak bildu ditu. Eusko moneta erabiliz, tokiko enplegua eta hurbileko merkataritza bultzatzen da.

Gisa horretako ekonomia garatzeko modeloa ez da berria. 1970eko hamarkadan, N. Georgescu, ekonomialari eta matematikari errumaniarrak, "bio-ekonomia" deitu kontzeptu berria sortu zuen, gaur egun bereziki "décroissant" izenburuarekin ezaguna. Jendarte zuzen eta hobe baten nahian, mugimendu batzuek alternatibak proposatzen dituzte, beren eguneroko bizitza aldatu dituztenak.

Ikuspegi hori, eredu politiko, ekonomiko eta sozial batean oinarritzen da, aberastasuna banatuz sozial berdintasuna lortzea. Helburu...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016