Herriz Herri - Hazparne (L) | 2025eko Apirilaren 17a
Kontseiluaren bilkura - Desertus Bikus Rally-raid - Ikastolako ikusgarria - Ttattolan - Eñaut Etxamendi - Hazparne-Azpeitia - Elgar OInka
Kontseiluaren bilkura
Iragan kontseiluko bilkuran aipatu ziren ere 2025ean emanen diren diru laguntzak. Elkarteeri eman laguntzak ez dira emendatuko salbu usaiaz kanpoko zerbait apailatuko duten batzueri: Ascèse koroa, Hazparneko danborrada, Urtsu Mendiko gazteria eta "La Pyrénéenne" kurtsaren antolatzeko.
Aldiz ezinbesteko laguntza batzu badira, hala nola ikastetxeeri eskolatu haur bakotxarentzat eman beharrak. Horiek emendatuko dira, 2018az geroztik ez baitira mugitu. Aurten 920€ emanen dira 905€ren ordez. Bestalde pilota plazatik Beskoitzera joaiten diren haurrentzat 646€ emanen dira. Autobusa hartzen duten haurrentzat ere laguntza eman behar da: 70€ bigarren mailetara doazenentzat eta 35€ lehen mailakoentzat.
Desertus Bikus Rally-raid
Itzul eta zapa Hazparneko bizikletarien taldeak usaiaz kanpoko zoingehiagoka hunen abiatzea apailatzen du. 10:00etan emanen zaio abiatzea Espainia zolan den Almunecar herrirat, apirilaren 25ean, arribatuko den zoingehiagoka horri. 1.300km (15.000m desmaila) iraganen dituzte parte hartzaileek, autonomian, laguntzarik gabe, zazpi egunez. Lau gunetan pasatu beharko dute bortxaz bainan gaineratekoa bakotxak antolatu behar du. 360 pertsonek emana dute izena, horietan 152 emazteek!
Abiatze hori ikusi nahi duena hurbil bedi Harana plazarat (10:00).
Ikastolako haurren ikusgarria
Urtero sasoin huntan egiten duten bezala ikastolako haurrek buraso, aitatxi-amatxiak eta nahi dutenak gomitatzen dituzte artoski prestatua duten ikusgarrirat, apirilaren 18 arrastirian Mendeala gelarat. Ondotik jateko eta edateko moldea izanen da.
Ttattolan
Arrats hortan Ttattola gaztetxean Kanakia ohoretan izanen da. Euskal Herria Kanakiaren: independentziarako elkartasun kanpaina da hau. Hitzaldi bati esker egoeraren berri emanen da. Ondotik kanakiar musikari batzuek bazterrak alaituko dituzte.
Eñaut Etxamendi
Hamarretan mediatekan Eñaut Etxamendiren obran barna ibiliko da hitzordura etorriko dena: Gilentegiko Gilen, Azken elurra, kantuak, olerkiak... Eñauten obra aberatsez mintzatzeko parada izanen da idazle, kantariarekin. Orori idekia da eta kitorik.
Hazparne-Azpeitia
Hazparne eta Azpeitia herrien arteko lotura hertsia atxikitzen duen elkartearen biltzar nagusia iraganen da apirilaren 19an (18:00) Peña Idiak-en Behaska gelan. Beti bezala iragan urtearen bilana eta ondoko urtearentzat diren xedeak aipatuko dira. Bulegoa ere erreberrituko da. Ondotik goxoan elgarrekin jateko eta edateko moldea izanen da.
Elgar Oinka
Hazparneko dantza talde famatuak ikusgarria eskainiko du apirilaren 19an Mendeala gelan (19:00).
Ondotik, Arberoako txarangak emanen du giroa, hor berean jateko eta edateko moldea izanen delarik.











