Herriz Herri - Azkaine (L) | 2025eko Apirilaren 17a
Ikusgarria
Apirilaren 20an igandearekin (11:00), "Loratzen" ikusgarria ikusten ahalko da Biltokin. Bat egin eta Alabena konpainien arteko elkarlana da. Huna sinopsia: "Lore baratzezaina da eta bere lanean eta ohiko mekanismoetan buru belarri murgildua da. Dena kontrolpean du, hori da, behintzat, berak uste duena. Poliki, poliki, Lorek zerbait hautematen du urrunera eta beregandik hurbilago gero. Horrek bere lanean eta bizitzan traba sortzen dio".
Loratzen, xantier apaindura batean iragaiten den ikuskizun fina da. Joan arau, Loreren nahigabeak biluziak dira. Ikusgarrian lengoaia bisualak, soinudunak, hitzezkoak, ikusezinak, salatzen dute bere berezitasunaren bila ari den pertsonaiaren konplexutasuna. Umorez eta poesiaz beteriko dantza, antzerki, musika eta kantu ikusgarria, familian ikustekoa!
30 minutu iraunen du, euskaraz izanen da eta 6 urtetik gorakoei zuzendua. Sartzeak salgai izanen dira egunean berean, urririk izanen dira haurrentzat eta 10 eurotan 15 urtetik gorakoentzat. Aitzinetik erreserbatu nahi bada, Herriko Etxea deitu behar da: 05-59-54-66-89.











