Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Apirilaren 17a
Kontseiluko biltzarra - Erretreta hartze - Kantaldia
Kontseiluko biltzarra
Apirilaren 10ean iragan da Lapurdi gelan 25 hautetsirekin, biltzarre gehiena izan dela diru solas. Huna aho batez onartuak izan diren gaiak:
- Jakes Drieux hautetsi berriaren izendatzea herriko lan batzordeetan.
- M57 kontularitza izendegiaren kreditu mugimenduentzat auzapezari baimena emaitea.
- 2024-2025 ikasturteko forfeta Bixintxo eskola pribatu eta ikastolarentzat.
- 2024ko zerga biltzailearen kudeatzaile kontuaren onarpena herriko aitzinkontu nagusian eta ehorzketei dagokien gehigarrian.
- 2024ko kontu administratiboa ehorzketei dagokien gehigarria.
- Aurtengo urterako CCAS ekintza sozialen zentroari diru laguntza ekartzea.
- 2025eko aitzinkontu gehigarria ehorzketa sailean.
- Aurtengo urterako tokiko zergen tasen finkatzea.
- Ipar Euskal Herriko Biltzarraren urtesaria.
- Ehorzketa sailean bost urtez itzuli beharreko diruaren aitzinatzea.
- Merkataritzarako eta erabiltzaile pribatuentzat Kiroleta ezkerparetaren baliatze prezioen finkatzea.
- Arruntza erdigunean txirrindularien espazioentzatdiru laguntzen galdeak.
- Cortaderia Seloana (Panpako belarra) landarearen kontra jokatzeko ''Life Coop Cortaderia'' mugaz gaindiko estrategian herria sartzea.
- Bizikleta elektrikoen erosleeri diru laguntza emaitea (2 oraikoan).
Zenbait gaiek ukan dituzte kontra bozkak ezkerreko lau hautetsienganik: 2024ko kontu administratibo nagusia, kontu horien esleitzea eta 2025eko lehen aitzinkontu nagusia (funtzionamendu eta inbertsioetan). Azpimarratzekoa ere lehen aldikoz diru aipagai hoientzat ''Uztaritze Sentsu Ona'' alderdiko hiru hautetsietarik bat ez dela agertu.
Ahozko galderetan ezkerraldeko hautetsi batek aipatu du herriko langileen egoera, bere arabera ez hain ona. Auzapezak zorrozki ihardetsi dio ez dela holakorik, bati edo besteari gerta litzaiokeela eritzea edo herriko langintza uztea arrazoi pribatuentzat, ez zuela ikusten aipamen horren beharrik. Aipatu dira 2025eko aitzinkontu parte-hartzailea, trantsizio ekologiko astea eta maiatzean iragan beharra den Euskaraldia.
Hurrengo biltzarra finkatua da ekainaren 3an.
Erretreta hartze
Lehenik Uztaritze erdian eta orain Heraitzen kokatua den "Renault" lantegia Robert Anduezak kudeatu du asko urtez. Gazterik (15 urtetan) lanean hasirik Baionan, bere gustua zuen autoen inguruko lana. Uztaritzen 1990eko urtarrilean herri erdian Arrieta jaunak salgai zuen eraikuntza hutsa erosirik, hortan, deusetarik abiaturik hasi da auto arta eta mekanika lanean, Claude bere koinatarekin elkarlanean. Geroztik egin du bide egiazko enpresa sortuz, langileak hartuz, lana segurtatuz. Beti Renault eta Dacia auto markekin arizan da. Lema bat atxiki du beti agerian euskaraz idatzia: ''Zuen zerbitzuko''. Tokia hertsiegi izanez 2010ean eraiki zen orain Heraitzen den lantegia, askoz handiagoa. Lanak ere dibertsifikatu dira urteak joan arau. Egiten da mekanika, karrozeria, tindua, autoetako elektronika eta erran gabe doa auto berrien eta okasionezkoen salmentak. Bi kontrol zentro ere ideki ditu Robert-ek, bat herri erdian eta bestea Arruntzan. Betidanik nahi ukan du eskulana sustengatu. Ate idekitzeak ere antolatu ditu ikastetxetako gazteeri erakusteko zer den egiazki eskulanaren balioa.Anitz urtez Bernadeta bere bizi lagunak segurtatu dio ere idazkari eta kontabilitate lana. Hau zahartxago izanik jada erretiratua zen. Bikotea Zuraiden bizi da. Deneri etortzen baita erretiratzeko eguna Robert-ek (65 urte ditu) nahi ukan du joan den larunbatean erretretara partitze hori ospatu anitz adixkide eta bezero gonbidatuz. Jendea nasaiki etorri da (400 bat hurbil), 35 urtez egin dituen zerbitzuen eskertzeko. Bere mintzaldi laburrean erran du: ''lana uzten dut bainan ez nire adixkideak''. Taldetxo batek kantatu dizkio Xan Errotabeherek idatzi zonbait bertsu.
Eguerditan hasiz arratsalde guzia gaueraino iraun du bestak Ibaialde musikari kantari taldeak animaturik.
Orain lantegia Mikel bere semeak kudeatzen du eta 14 langilerekin ari da lanean. Robert-i eta Bernadetari desiratzen diegu erretreta luzea, agian osagarri arazo handirik gabe, lanetik gelditzea ez baita biziaren akabantza. Mikel semeari ere desiratzen diogu egon dadin aitaren miraila.
Kantaldi
Heldu den igande huntan Pazko arratsaldez kantaldia izanen da Jondoni Bixintxo elizan (17:30). Entzunen dira bi talde: lehenik Brililiak taldea eta ondotik korsikar ''Schola Di Cantu'' taldea. Kantaldi ondoan talo gaua antolatua izanen da Bixintxo eskolako aterbean. Ongi etorri deneri.











